Navalek espero du Van Oorden ezezkoa behin betikoa ez izatea

'Vox Alexia' Sestaon ez amaitzeko erabakiaren berri eman dio armadoreak ontziolari. Zuzendaritzak azaldu du balizko hiru edo lau inbertitzailerekin ari direla lanean

Vox Alexia dragaontziaren kroskoa itsasadarraren beste aldetik ikusita, artxiboko argazki batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Gaur arratsaldean, «Naval ez itxi» dioten oihuak behin eta berriro errepikatuko dira Barakaldoko kaleetan (Bizkaia). Sestaoko ontziolaren itxieraren aurkako eta Ezkerraldearentzako etorkizunaren aldeko deialdia egina dago 18:00etarako, baina han egingo diren aldarrikapenak errealitatetik gero eta urrunago daudela dirudi. Berri agentziek atzo iragarri zutenez, Van Oord armadoreak erabakia hartua dauka Vox Alexia dragaontzia Navalen ez amaitzeko. Horrek are gehiago konplikatuko luke lehendik ere korapilatuta zegoen auzia, eta, oraintxe, ateak behin betiko ixtetik urrats bat gertuago dago ontziola historikoa.

Urtebete da dagoeneko Naval hartzekodunen konkurtsoan sartu zela, eta orduz geroztik dragaontzia Sestaoko lantegian amaitzeko negoziazioan aritu dira ontziolako arduradunak eta armadorea. Otsailean, esaterako, akordio bat lortu zuten bi aldeek, Vox Amalia dragaontzia Santanderreko (Espainia) Astander ontziolan amaitu eta Vox Alexia Navalen egiteko. Orain arte ere asmo horri eutsi dio, baina, horretarako, ontziolaren egoerari buelta emango zion inbertitzaile baten beharra aldarrikatzen zuen armadore herbeheretarrak.

Baina halakorik ez da azaldu, eta badirudi egoerarekin nekatu egin direla Van Oordeko arduradunak. Astelehenean batzar bat egin zuten armadoreko arduradunek, Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek, eta Pymar ontziolen elkarteko arduradunek Bilbon, eta bertan jakinarazi zien dragaontzia Sestaon ez amaitzeko erabakia hartua zutela dagoeneko.

Itxaropenari eusten

Vox Alexia Sestaon amaituko ez balitz, Navalen egoera are gehiago konplikatuko litzateke. Dragaontzia bertan egiteak hogei hilabeteko lana bermatuko luke, eta horrek beste inbertitzaile bat topatzeko denbora emango lioke ontziolari. Itxaropenik ez du galdu oraindik Jose Ignacio Escribese ontziolako arduradunak. Asteleheneko bileran dragaontzia Sestaon ez dela amaituko esan bazuten ere, inbertitzaile berri bat topatuz gero bertan amaituko dutela uste du berak. Bileraren bestelako interpretazio bat egin zuen, gainera. «Jarrera eraikitzailea» izan zutela azaldu zuen, eta dragaontzia bertan eraikitzeko zenbait alternatiba aztertu zirela. Betiere, inbertitzaile berri bat topatuz gero.

Escribesek uste du inbertitzailea topatuko duela, martxoaz geroztik «gogor» ari direlako irtenbidea bilatzen. Areago, «hiru edo lau» aukera industrial badaudela azaldu zuen, eta «sei edo hamabi hilabeteko tartean inbertsio konkretu batean gauzatu» behar dela hori. Aurrerapauso handiak eman direla ziurtatu du, eta inbertitzaile horiek guztiek «konfiantza» sortuko dutela, «finantza baliabideak dituzten inbertitzaileak» baitira. Martxoaz geroztik ontziolak 40 kontaktu jaso dituela ere azaldu zuen Escribesek, «eta horietatik profesionalak eta zentzudunak sei edo zazpi izan dira».

Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, bestalde, «ontziolan parte hartzeko behar adina tresna» dituela esan zuen atzo Eusko Legebiltzarrean bere sailaren aurrekontuen berri ematerakoan. Azken asteetan behin eta berriro esan duen gisan, ordea, aukera hori posible izango litzateke inbertitzaile bat baldin badago, eta balizko inbertitzaile horrek parte hartze publikoa onartzen baldin badu. «Prest gaude parte hartzeko, baina %50eraino».

Iker Casanova EH Bilduko industria ataleko arduradunak, bestalde, «erantzukizuna» eskatu zion Jaurlaritzari, eta Naval salbatzearen ardura bere gain har dezala. «Naval bideragarria da, eta Jaurlaritza ezin da zain geratu ea inbertitzaile pribaturen bat agertzen den; ontziolaren kontrola hartuko lukeen elkarte pribatua sortzen lagundu behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.