Azkoitian egin nahi duten hondakin plantak kezka eragin du

Larke 360 enpresaren hondakin ez-arriskutsuetarako instalazioak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren baimena jaso du. Herritarrek lapiko jotzea agindu dute, protesta gisa

Azkoitian hondakin ez-arriskutsuen balorizazio planta egin nahi duten lekua, Azkarateko gainean. MAXIXATZEN.
inaki petxarroman
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Azkoitiko (Gipuzkoa) Udaleko oposizioko alderdiek harriduraz hartu dute orain arte ez jaso izana Azkarate gainean Larke 360 enpresak eginnahi duen hondakin plantaren inguruko informazioa. PSE-EE bera ere, nahiz eta EAJrekin batera udal gobernuan egon, harrituta agertu da «balorizazioplanta» horren inguruko informaziorik orain arte jaso ez izanaz.

Martxoaren 11ko data du Eusko Jaurlaritzak astelehenean EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ingurumen baimenak. Horren arabera, Larke 360k 200.000 tona hondakin inguru jaso ahal izango ditu urtero Azkoitiko instalazio horretan. Iaz aurkeztu zuen enpresak egitasmo horretarako baimen eskaera —ingurumen azterketaren laburpen bat barne—, eta berriki onetsi du Jaurlaritzak.

Hain zuzen, Jaurlaritzak argitaratutako agiri horren arabera, planta ezarriko den eremuak 36.898 metro koadroko hedadura izango du, eta bi fasetan eraikiko dute. Lehen fasean, mendebaldeko zatian arituko dira (11.696 metro koadro), eta, harekin batera, hara sartzeko errepidea, baskula eta bainuontzi kimikoa egingo dituzte (3.685 metro koadro).

Horrez gain, fase horretan hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gunea egitea ere aipatzen da Eusko Jaurlaritzak emandako agirian, «etxola prefabrikatu bat» dela zehaztuta. Eraikuntzaren bigarren fasean arituko dira ekialdean (21.517 metro koadro). Bigarren fase horri buruzko informaziorik ez dute eman oraindik. Halaber, ez dute zehaztu noiz hasiko den obra, eta ezta noiz jarriko duten ere martxan instalazioa.

Kezka oposizioan

Herenegun, albistearen berri izan bezain pronto, oposizioko taldeek (Azkoitia Bai eta EH Bildu) xehetasunak eskatu zizkioten udal gobernuari, eta hark bozeramaileen batzorderako deia egin zuen. Horren ostean, gobernuko alderdiek argitu zuten «hondakin ez-arriskutsuak» kudeatzeko baimena bakarrik daukala enpresak, eta udal gobernuak beste edozein jarduera ekonomikotarako bezala tramitatuko duela proiektu hau ere. Ildo horretan, lasai egoteko deia egin zien herritarrei: «Garbigune handi bat bezalako zerbait izango da. Bertan materiala bereiziko da, berrerabiltzeko, ahal den neurrian». Besteak beste, obretako hondakinak, industria hondakinak, nekazaritzakoak, hondakin nahasiak, plastikoak, biodegradagarriak, metalak eta bestelakoak jasotzeko baimena izango du enpresak. Bereizteko prozeduraz gain, bertan biltzeko aukera ere izango du. Hau da, zabortegi bat ere izango da.

EH Bilduk adierazi du gaia aztertzen ari dela adituekin, eta «datozen egunetan» egingo duela balorazio osatuago bat. «Ingurumenaz eta jendearen osasunaz hizketan ari gara, eta sakon aztertu beharreko gai bat dela uste dugu». «Kezkatuta» daudela gaineratu dute. Horregatik ez dute bat egin udaleko beste hiru taldeek adostutako bederatzi puntuko agiri batekin.

Azkoitia Bai taldeak bat egin zuen EAJrekin eta PSE-EErekin agiri hori sinatzerakoan. Alabaina, onurak izan ditzakeela aitortzeaz gain, eragin litzakeen kalteen beldur ere azaldu da: «Zaldibarko zabortegiak ere, hasieran, dena onura izango zuen, baina azkenean kalte handiak eragin ditu». Horregatik, besteak beste, gaia herriarekin lantzearen alde azaldu da.

Azkoitian zabaldu den kezkaren lekuko izan zen atzo bertan iluntzean herritarrek leihoetatik egin zuten lapiko jotzea. Horren bidez, «proiektuaren gaineko haserrea eta desadostasuna» agertu zuten azkoitiarrek, eta aurrerantzean egunero ekinaldi horrekin jarraitzeko asmoa ere azaldu dute.

Gurasosek ere ohartarazi du ez dagoela bermatuta Azkoitiko zabortegian hondakin ez-arriskutsuak bakarrik sartuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.