Oiartzabal fitxatzeko eskaintzarik egin izana ukatu du Urrutiak

Athleticeko presidentearen arabera, ez zuen pausorik eman jokalaria lortzeko, ezta Merino ekartzeko ere. Ez du ulertu Keparen erabakia: «Athleticzaleontzat hau da munduko talderik onena»

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
«Ez. Ezetz esango nuke, argi eta garbi. Athleticek ez du inolako pausorik eman». Horrela erantzun zuen Josu Urrutia Athleticeko presidenteak, Mikel Oiartzabal Realeko jokalariari eskaintzarik egin al dion galdetu ziotenean. Azken asteetan euskal futbolaren gainean ibili den zalantzaren inguruan mintzatu zen Ibaiganeko burua. Gaztelaniaz, gaineratu zuen «eskaintza zehatzik» ez zela egon, ezta Mikel Merinorengatik ere. Baina hori aurretik esana zuen. Kepa Arrizabalagari buruz ere mintzatu zen, eta adierazi zuen ez duela ulertzen atezainaren erabakia.

Azken asteak zalapartatsuak izan dira Athleticen inguruan. Albiste eta zurrumurru askok zipriztindu dute, eta Josu Urrutia bere azalpenak emateko asmoz irten zen plazara. Bazekien Oiartzabalen inguruan galdetuko ziotela, eta ondo prestatua zeraman erantzuna. Eskaintzarena ukatzeaz gain, nabarmendu zuen bere merkatuari gertutik erreparatzea dela Athleticen beharra, baina hortik aurrera ez duela eman pauso gehiagorik. Herenegun Mikel Oiartzabalek berak ere ez zuen baieztatu eskaintzarik jaso zuenik. Ulertzera emanikoak ez dira nahikoa negoziazio seriorik egon den ala ez baieztatzeko.

Erdilari eibartarrak 50 milioi euroko etete klausula zuen kontratua berritu aurretik, eta 60koa, berriz, eskaintza Athleticena bazen. Horren inguruan galdetuta, Urrutiak putzua ez zapaltzea erabaki zuen. «Realak jakingo du zer egiten duen. Nahikoa dugu gurearekin, beste talde batzuek egiten dutenarengatik arduratzeko. Realak egiten duen horretan indarrak galtzea ez da gure ardura, eta ez garamatza inora».

Oiartzabali buruzko zurrumurrua Kepa Arrizabalagak klausula ordaindu izanaren ondorio izan zen, eta mugimendu hori, Urrutiaren ustez, «ulertezina» da. «Athleticzale garenontzat Athletic da munduko talderik onena, eta, horregatik, zaila da ulertzen». Urrutiak klubeko langile baten bitartez izan zuen eskaintzaren berri, eta Keparekin urtarrilean gertaturikoaren «filma errepasatu» beharko litzakeela esan zuen. Garai hartan Real Madrildik gertu egon zen, eta Bilboko taldeak, ondoren, atezainaren soldata hobetu eta etete klausula laukoiztu zion. Kepak, berriz, nahi zuen tokian zegoela esan zuen. Urrutiak, atzo, esan zuen agerian gelditu dela «jende asko», baita haien «benetako interesak» zeintzuk ziren ere.

Remiro eta Muniain

Merkatua, baina, Kepa eta Oiartzabalengandik haratago doa, eta Athletic hasia da Iker Muniain eta Alex Remirorekin hizketan. Biei ekainean bukatzen zaie kontratua, eta bien egoera aztertu zuen. «Muniainek bi lesio larri izan ditu azken hiru urteetan, eta azken hilabeteetan lasai utzi dugu, bere berrindartze prozesua lehenetsi zezan. Remiro, aldiz, oraindik zer erakutsia duen jokalari bat da. Sasoi ona egin du Bigarren Mailan, eta orain hasieratik aritzeko aukera du, baina haren egoera ez da aldatu». Era berean, eta merkatu kontuekin bukatuz, zehaztu zuen Ander Herrerarekin ere ez direla saiatu.

Urrutia bere legegintzaldiaren azken urtean sartuta dago, eta, esan zuenez, ez du asmorik hauteskundeak aurreratzeko. Beraz, 2019an izango dira, eta ez zuen argitu aurkeztuko den. «Ikusiko dugu berriz aurkeztuko garen. Batzorde hau 2011n iritsi zenean baino helduagoa da orain. Urte asko dira egungoa bezalako egoera onik ez zegoela Athleticen. Europako talde onenak guregana jokalari bila etortzea gauzak ondo egiten ari diren seinale da». Presidenteak beste gai batzuk ere jorratu zituen. Esaterako, esan zuen bazkide guztien ardura dela San Mameseko giroa berotzea, eta astelehen askotan jokatu behar izatea telebistek pagatzen duten dirutzaren ordaina dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.