Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Euforia une baten izozmendia

Milaka zale batu ditu Vueltako etapak Bilbon. Batzuek hurrengo urteko Frantziako Tourraren prestaketatzat jo dute, eta beste asko ustekabean harrapatu ditu ekitaldiak.

Espainiako Vuelta, atzo, Gangureneko gainetik pasatzean; hainbat herritarrek beren aldarrikapenak plazaratzeko baliatu zuten aukera. OSCAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bost segundoko euforia kolektibo batek biltzen du garailea helmugan, dena oihu, txalo, kolpe eta biba, baina une labur horrek azpian ezkutuan eraman ohi duen asperdura eta itxaronaldi izozmendi osoa ere agerrarazten dio txirrindularitzak behar besteko patxadaz begiratu nahi dion edozeini. Familia bat, esaterako, 7 urte inguruko ume batzuekin, zirkuituaren bazter batean eserita, karta jokoan, goizean Irundik (Gipuzkoa) ateratako txirrindulariek 147 kilometroak egin bitarteko denbora pasatzen. Gizon bat udaltzainek alderik alde moztutako errepidearen ertzeko bus geltokian, sekula iritsiko ez den autobus baten zain. «Txirrindulariak? Ez nekien ezer». Trafiko mozketak hiriko zazpi auzotan, langile goiztiarrak telebista kableekin, argazkilarien ordutako egonarria... Eta Marc Soler txirrindularia ziztuan, azkenik, azpiegitura geldo horren guztiaren erpinean, helmuga bakarrik eta txalo artean zeharkatzen.

«Bilbon halakoetan izan ohi den jendetzarekin alderatuta, aurten ez da hainbestekoa izan:asko Gangurenera joango ziren, eta, bestalde, Aste Nagusia ere bada». Lurrean bizikleta eta soinean bizikletarako arropak zeramatzala ikusi zuen atzoko etapa bukaera Jonathan Lopez barakaldarrak, Bilboko Kale Nagusian. «Aurten, nahi baino gutxiago nabil Vuelta ikusten, lanagatik eta, baina ikusi dudan gutxiagatik, oraindik onena falta dela uste dut. Datorren urtean,Frantziako Tourra etorriko da, eta horren preludio moduko bat ere bada hau, gainera».

Milaka eta milaka ikusle bildu zituen etapa amaierak Jesusen Bihotzetik Moyuarainoko bidean, eta Euskaltel-Euskadi taldearen elastiko laranjarena zen kolore nagusia hesien ondoko lehen lerroetan. Propio lasterketa ikustera joandakoekin batera, ordea, bazen kasualitate eta kointzidentzia hutsez gerturatutakorik ere. Uxue Pescador bilbotarrak, iaz, hala ikusi zuen Vueltako etapa bat Valentzian (Herrialde Katalanak), eta hala ikusi zuen atzokoa ere, erdi ustekabean. Goizean erdialdera beste gauza batzuk egitera joan, eta, nolabait ere, Vuelta izan zen berriz ere haiengana joan zena, alderantziz izan beharrean. «Giroa da gehien gustatu zaiguna».

Uztailean izanik, normalean, Frantziako Tourrari erreparatu ohi dio gehien Oier Egiak, eta kasu gutxiago egin ohi dio Vueltari, maizenik oporretan harrapatzen baitu. Aurten etapa bat Bilbon amaitzen zela baliatuta, ordea, autobusez egin zuen atzo Mungiatik (Bizkaia) Bilborako bidea. «Inolako arazorik gabe».

Silvia Sotorrio abadiñarrak baditu familian txirrindularitza zaleak, eta hark ere gogoan du Vueltako etapa bat Durangon (Bizkaia) amaitu zenean herrian izandako festa, baina ez dio kasu askorik egiten. «Bilboko jaien zalea banaiz, bai». Eta, bera ere, atzo, errebotez bezala heldu zen helmuga ingurura, eta izozkia eskuetan zuela itxaron zien kirolariei, belardi txiki batera igota. «Mendiko bizikletan aritzen gara, ez errepidekoan, baina giroa gustatu zaigu».

Aldarrikapenak

Beñat Apraiz mundakarrak eta Eneko Zabala busturiarrak elastiko laranjekin animatu zituzten kirolariak, gainetik kapa modura jarritako ikurrina bana zutela. Gangurenera joateko asmoz ziren, baina, azkenean, Kale Nagusiarekin konformatzea erabaki zuten. Edonola ere, pozik mintzo ziren Vueltak orain arte eman duenaz. «Primoz Roglic ikusten dugu ongi, nahiz eta min hartuta egon zen duela gutxi, baina oraindik asko falta da».

Aldarrikapenerako ere baliatu zuten kirol ekitaldia hainbatek. Sinatu gabeko deialdi batek, esaterako, atzo bazkalostean Gangurengo gainean ikurrinak erakustera joateko deia zabaldu zuen sare sozialetan. «Munduko txirrindularitza zaleek ikus dezatela hau ez dela ez Espainia ezta Frantzia ere. Bete ditzagun errepideak gure ikurrez!». Euskal Herriarentzako askatasuna eta euskal presoen kaleratzea ere aldarrikatzen zituen deialdiak, eta igoaldi osoa zipriztindu zuten aldarrikapen horiek zeramatzaten ikurrek.

Hiriaren erdialdeko trafikoan igarri ziren argien errepide mozketak. Arratsaldean, nagusiki. Kale Nagusi ingurua ez ezik, Enekuriko sarrera eta Salbeko zubia ere itxi zituzten udaltzainek, eta autoak aparkatzea galarazi zuten beste hamaika kaletan. Haserrealdi bat baino gehiago piztu zuen horrek gidarien artean.

Irribarre baten marrazkia zeraman furgoneta poliziaren hesiaren ertzean utzita, udaltzainei oihuka mintzatu zitzaien banaketa enpresa bateko gidaria, esate baterako, Rekalde kalearen inguruan. «Alderik alde nabil, dena itxita dagoelako! Ez duzue ikusten lanean ari naizela? Eta niri kargu hartu behar didazue, benetan?».

Iraultza baten zain

Bilbok aurrez ere maiz hartu ditu Vueltako etapa amaierak, baina, aurten, Aste Nagusiarekin batera suertatu da, eta horrek, nolabait ere, urardotu egin du lehiak sor zezakeen arreta. Metroan, esaterako, futbolari buruzkoak ziren goizean bolo-bolo zebiltzan gaiak, eta Athleticek Ander Herrera fitxatzeko asmoari buruzkoak ziren solasaldirik gehienak, Realak Alexander Isak jokalariaren truke eskuratu dituen 70 milioi euroei buruzkoak ez zirenean. Kartelik edo iragarpenik ere apenas ikusi den egunotan kalean.

Tonu etsia zerien Miguel Madariaga Euskadi fundazioko lehendakariaren hitzei ere, justu txirrindulariak helmugara heldu baino ordu erdi lehenago, etapako esatariek egindako elkarrizketan. «Iraultzaren bat gertatu beharko da gazteak txirrindularitzara lotzeko, zeren eta horreknahikoa zaila baitirudi oraintxe bertan».

Gaur, Zabalburutik abiatuko da Vueltako etapa, eta arratsalderako amaituko dira hari dagozkion trafiko mozketak hirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.