Otsaileko enplegu sorrera neurritsuak ez du konpentsatu urtarrileko galera

Urte hasieratik, 1.186 langabe gehiago daude Hegoaldean, eta 7.196 kotizatzaile gutxiago. Emakumeak dira langabeen %57. EBn baino 4,8 puntu handiagoa da langabezia tasa

Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Otsaileko onurak ez ditu urtarrileko kalteak adabatu. Urtarrilean 1.813 langabe gehiago zenbatu zituzten Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, eta 11.000 lagunek utzi zioten lan egiteari, nagusiki Gabonetako kanpainarako kontratatutakoek. Otsailak hobekuntza ekarri du, baina ez urtarrila zuritzeko adinakoa: joan den hil amaieran urtarrilean baino 627 langabe gutxiago zeuden—iazko otsailean 1.660ko jaitsiera izan zen; 2015ean, 1.649koa—, eta 3.894 behargin gehiago Gizarte Segurantzan kotizatzen. Baina urte hasieratik orain arteko kontu garbiak eginez gero, emaitzak gorrian jarraitzen du: urteko lehen bi hilabeteak igarota, 1.186 langabe gehiago daude, eta 7.196 kotizatzaile gutxiago.

Hala, Hego Euskal Herrian 153.702 pertsona daude langabezia bulegoetako zerrendetan izena emanda, iazko otsailean baino 9.861 gutxiago. Langabezia tasa, beraz, %11,54 da, «EBko batezbestekoa baino dezente gorago, 4,8 puntu gorago hain justu» gogora ekarri du ELAk.

Langabeziak gogorrago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino. Hamar langabetik ia sei (%57,6) emakumeak dira. Guztira, 88.507 andrazko zeuden lan bila otsailaren amaieran, eta 65.195 gizonezko. «Langabezia eta afiliazio datu guztiek erakusten dute, beste behin ere, lan merkatuak bereziki oker jokatzen duela emakumeekin», adierazi du Euskadiko CCOOk. «Datuek argi erakusten dute emakumeen eta pertsona gazteen egoera bidegabea, langabeen egoera txarra eta enplegudunen egoera geroz eta prekarioagoa».

Atzo, hain zuzen, Espainiako Gizarte Segurantzak esplikatu zuen emakumeek gizonezkoek baino %35 pentsio txikiagoak kobratzen dituztela. Aurreikuspen bat ere egin zuen: oraingo erritmoan, arrakala 2035. urterako desagertuko litzateke. Izan ere, iazko otsailetik aurtengora bitartean arrakala %1,8 txikitu da.

LANGABEZIA
Nafarroan, gora

Langabeziak gora egin duen lurralde bakarra Nafarroa izan da otsailean, 260 langabe gehiago erregistratu dira enplegu bulegoetan. Aldiz, Araban 380 gutxiago dira langabeak; Bizkaian 239 gutxiago; eta, Gipuzkoan, 268 gutxiago. Hegoaldean, beraz, otsail amaieran urtarrilean baino 627 langabe gutxiago zeuden.

SEKTOREAK
Zerbitzuak, industria eta eraikuntza, enplegu sortzaile

Nekazaritzan gora egin du langabeziak joan den hilabetean (+67), baina gainerako sektoreetan jaitsi egin da langabe kopurua: beherakada handiena zerbitzuen sektorean gertatu da (-471), eta haren atzetik industrian (-335) eta eraikuntzan (-245).

LANGABEZIA SARIA
Hamarretik sei, ezer gabe

Langabezia sariari dagokionez, zaharrak berri: hilabetean bi puntu eta erdi apaldu bada ere, langabezian daudenen erdiek baino gehiagok, %56,9k, ez dute jasotzen inolako ordainsaririk.

KOTIZAZIOAK
Sail guztiak gora

Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langileen kopurua handitu egin da otsailean: urtarrilean baino 3.894 gehiago dira, eta iaz baino 24.830 gehiago. Hegoaldean, guztira, 1,2 milioi langilek egiten dizkiote ekarpenak Gizarte Segurantzari. Sail guztietan sortu da enplegua: erregimen orokorrean (+2.586), nekazaritzan (+152), etxeko langileenean (+12), autonomoenean (+155) eta itsasoko langileenean (+154).

Haatik, otsailean 95.439 kontratu berri sinatu zituzten, iaz baino %2,11 gehiago, baina kontratu berri horien %91 aldi baterakoak izan ziren.

ERREAKZIOAK
Gobernuaren txaloak, sindikatuen kexak

«Azken hamabost urteetako hirugarren otsailik onena» izan dela nabarmendu du Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu sailburuak: «Krisia baino lehen eta krisi garaian, otsailean hazi egiten zen langabe kopurua. Bakarrik 2015ean 2018an izan dugu oraingoa baino otsail hobea».

Nafarroako Gobernuarentzat «txarra» da otsailean langabezia handitu izana, baina goraipatu du urtebetean %6,23 apaldu dela, 2.249 langabe gutxiagorekin.

Sindikatuek, ostera, sortutako enpleguaren prekaritatea salatu dute, eta kexu agertu dira langabe gehienek ez dutelako inolako ordainsaririk jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.