Azken ukituen garaia

Hamar egun baino gutxiago falta dira Espainiako Liga has dadin, eta merkatuari adi daude euskal taldeak. Oraindik hainbat fitxaketa espero dira, baina gehiago dira irten behar duten jokalariak. Bulego lana ez da bukatu oraindik.

Asier Garitano Alaveseko entrenatzailea, pentsakor, entrenamendu batean. Haren taldeak izan dezake aldaketa gehien hurrengo egunetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Z eharka begiratzen diote jada euskal taldeek liga hasierari. Hurrengo asteburuan ekingo diote, Liga eta Espainiako Federazioaren arteko auzia epaitzen ari den epaileak erabakitzen duen egunean, eta kirol zuzendariei azken ukituak emateko garaia iritsi zaie. Euskal bost taldeetako bulegoetako egoera oso ezberdina da.

ATHLETIC
Jokalariz gainezka

Duela egun gutxi arte 30 jokalarirekin aritu da lanean Athletic. Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzailea «kezkatuta» azaldu zen egoera horrekin, eta esan zuen espero duela talde zuri-gorrian lekurik ez duten jokalari batzuei irteera ahalik eta azkarren topatzea. Cristian Ganea eta Andoni Lopez dira horietako bi. Denboraldi-aurrean jokatutako partidetan ez dira batere aritu. Bigarren Mailako hainbat talde interesatu dira Ganea fitxatzeko, baina oraindik airean dago haren etorkizuna. Andoni Lopezek, berriz, Elxen utzita jokatuko du datorren sasoian. Horiez gain, orain arte Athleticeko harrobian aritu diren Peru Nolaskoain eta Iñigo Vicente ere utzita joango dira. Vicentek Mirandesekin akordioa itxi berri du. Nolaskoain, berriz, Deportivora joateko gertu dago.Bestalde, Kenan Kodro eta Asier Villalibre, aurrelari postu batengatik lehian dabiltza. Ia ziurtzat jo daiteke bietako bat utzita joango dela. Villalibrek du joateko aukera gehien, eta Racing du atzetik. Fitxaketa bakarra egin du taldeak: Jokin Ezkieta atezaina.

OSASUNA
Erdiko atzelariaren bila

Bigarren Mailako txapeldun izan zen Osasuna, eta fruituak eman zizkion taldearen bizkarrezurrari eustearen alde egin du. Carlos Clerc ezker hegalekoa kenduta,ez du hutsune esanguratsurik. Haren ordez etorri da Pervis Estupiñan; Watfordetik ekarri du, utzita, bi denboraldirako. Lehen Mailarako, ordea, beharrezkoa da kalitatezko jauzia ematea, eta taldea indartzeko fitxaketa eta inbertsio garrantzitsuak egin dituzte gorritxoek. Orain arte, gehienbat erasoan jarri dute fokua: Chimy Avila, Adrian Lopez, Marc Cardona...eta atzeko lerroa indartzea dute orain helburu. Bi erdiko atzelariren bila dabil Osasuna, eta bi izen ditu mahai gainean: Raul Navas Realekoa eta Facundo Roncaglia Celtakoa. Jose Carlos Lazo hegaleko erdilaria ere aurki iritsiko da Iruñera.

EIBAR
Taldea argaltzen

Denboraldi berriari begira indartzea beharrezkotzat jotzen zituen postuak ondo beteak ditu jada Eibarrek. Ia lan guztiak eginak ditu, baina adi begiratzen dio merkatuari. Bigarren Maila astindu du, eta joan den sasoian bertan jokatu zuten sei jokalari fitxatu ditu. Aipatzekoa da Takashi Inuiren itzulera ere. Hiru denboraldi egin zituen Eibarren Inuik, 2015etik 2018ra. Ondoren, Betisek fitxatu zuen, eta azken sasoia Alavesen utzita egin ondoren, talde armaginera itzuli da. Taldea kasik osatuta badu ere, orain argaltzea da helburua. Olabe utzita ariko da Albaceten, eta Benito, Ponferradinan. Kluba, orain, talde bila dabil Lobato, Calavera eta Nanorentzat. Azken bi horiek utzita egon ziren iragan sasoian.

REALA
Aldaketen esperoan

Ohi baino azkarrago mugitu da aurtengo merkatuan Reala. Azken orduko fitxaketetan aditua da. Denboraldi berri honi begira, ordea, aurretik egin nahi izan ditu lanak, eta sasoi-aurrea hasterako ia fitxaketa guztiak eginak zituen. Aurpegi berri asko egongo dira datorren denboraldian. Bost jokalari fitxatu ditu, eta harrobiko beste hainbeste igo dira lehen taldera. Izarrei eustea lortu du talde txuri-urdinak, eta Juanmi eta Hector Moreno soilik dira Donostia utzi duten jokalari esanguratsuak. Hector Morenok alde egiteak, baina, izan dezake ondoriorik. Raul Navas Osasunatik geroz eta gertuago dago, eta hark taldea utziz gero, ikusi beharko da Realak erdiko atzelaririk fitxatzen duen. Bestalde, lau atezain ditu, eta Moyak edo Rullik taldea uztea espero dute.

ALAVES
Mugimenduen beldur

Aldaketa ugari izan ditu denboraldi berriari begira, baina merkatua bizi-bizi dago oraindik Alavesentzat. Hamar jokalari fitxatu ditu, eta are gehiagok utzi dute kluba. Oraindik gehiago joango direla espero da. Huesca John Guidettiren atzetik dabil, baina Gasteizko taldea ez dago prest lau milioi baino gutxiagorengatik joaten uzteko. Valentziak, berriz, Victor Laguardia atzelaria nahi du. Hamar milioi baino gehiago eskatzen ditu Alavesek, eta ikusi beharko da Valentzia prest dagoen kopuru horietara iristeko. Asier Garitano ezkor mintzatu zen atzo, jokalaria galdutzat emango balu bezala.

Merkatua itxi arteko egunak luzeak egingo zaizkio entrenatzaileari. Guillermo Maripanen etorkizuna ere Alavesetik kanpo dagoela dirudi, haren ordezkariak Europan barrena eskaini baitu. Fernando Pacheco atezainak ere eskaintzak ditu. Bestalde, Real Oviedo Dani Torresen atzetik dabil. Fitxatzeko ere ateak irekiak ditu Alavesek. Ez dio uko egin Jonathan Calleriren etorrerari. Taldeak eskuin hegaleko bat eta ezker hegaleko erdilari bat behar ditu gutxienez, betiere jokalari gehiagok ez badute taldea uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.