Hipoteken zergarekin zer egin bi aste barru erabakiko du Gorenak

Azaroaren 5erako jarri dute zergari buruzko doktrina erabakitzeko hitzordua. Auzitegiak esan du aldeentzat irmoa dela zerga bankuek ordaindu behar dutela dioen epaia

Carlos Lesmes, Espainiako Auzitegi Goreneko presidentea, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON / EFE.
Irune Lasa.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Auzitegiak auzitan daude, beste behin, Espainian. Justiziaren independentziaz gain, eztabaidan dago norena den gorentasuna, Auzitegi Gorenarena edo bankuena. Baina iskanbilak, oraingoan, hautsak eta politikarien mingainak soilik ez, burtsak, bankuak eta ogasunak ere harrotu ditu, eta hipoteken merkatua erabat aztoratu du.

Ostegunean iritsi zen lurrikararen lehen astinaldia: Espainiako Auzitegi Gorenaren 3. aretoaren epai batek ebatzi zuen bankuek ordaindu behar dutela hipoteken eskriturengatik pagatu beharreko ekintza juridiko dokumentatuen zerga, eta ez bezeroek, orain arte bezala. Epaia ordura arteko Gorenaren jurisprudentziaren kontrakoa zen.

Eta erabakiak dirutza bat jarri zuen dantzan. Gestha Espainiako ogasun teknikarien elkartearen arabera, milioi eta erdi herritarrek azken lau urteetan 3.631 milioi euro ordaindu dituzte zerga horretan. Ba al du erabakiak atzerako eraginik? Izatekotan, nork itzuli behar die diru hori bezeroei? Ogasunek, bankuek? Epaiak eragindako zalantzen artean, kontsumitzaileen elkarteek eta beste hainbat erakundek euren poza agertzen zuten bitartean, burtsan amildu egin zen bankuen kotizazioa.

Hurrengo egunean, ostiralarekin, lurrikararen bigarren astinaldi handia iritsi zen arte. Luis Maria Diez-Picazo administrazioarekiko auzien salako presidenteak ohar bidez jakinarazi zuen bezperako epaiaren ondorioak etenda gelditzen zirela, haren «eragin ekonomikoengatik eta sozialengatik» eta zekarren aldaketa erradikalarengatik.

Orain arte sekula ikusi gabeko Diez-Picazoren jokaerak eta hark agirian esandakoek piztutako iskanbilak asteburuan jarraitu zuen, baita astelehenean ere. Horiek horrela, Auzitegi Goreneko presidente Carlos Lesmesek presazko bilera batera deitu zuen atzo.

Bitartean, zenbait bankuk webguneetatik kendu zituzten euren hipoteka eskaintzak, eta hipoteka sinadurak eten. Gauzak argitu zain zeuden. Kontsumitzaile elkarteek, berriz, Gorenak bankuen interesei men egingo dien beldurrez, epaia berehala ezartzeko eskatu zuten.

Zain

Alde guztiek beste bi astezzain egon behar dute, gutxienez. Atzoko presazko bilera horretan Gorenak erabaki zuen azaroaren 5ean egingo duela hirugarren aretoak osoko bilkura, bere presidentearekin eta 32 magistratuekin. Organo horrek erabaki beharko luke zein izango den auzitegiaren doktrina hipoteketako ekintza juridiko dokumentatuen zergan.

Hori bai, Gorenak dio doktrinahori ezartzeko gaiaren inguruko zenbait epai hartuko dituela aintzat. Joan den osteguneko epaiari buruz, berriz, auziaren beraren aldeentzat erabat irmoa dela azaldu du, eta 3. aretoko osoko bilkurak ez diola eragingo. Gorenak jakinarazi du, gainera, egun horretan beste auzi haren alde berdinen artekoak ziren eta «antzeko objektua» zuten bi epai bozkatu eta ebatzi zirela, orain arte jakinarazi ez direnak.

Auzitegiko azaroaren 5eko bilkuraren erabakia zein izan, haren ondorioak oso desberdinak izan daitezke. Gerta liteke ekintza juridiko dokumentatuen zergaren ordainketa hipoteka eskatzailearen gain uztea, orain arte bezala.

Gerta daiteke osteguneko epaiaren ildoa hartzea doktrinatzat, baina atzerako eraginik aitortu gabe. Horrela, hemendik aurrerako hipoteka sinadurei soilik eragingo lioke zerga bankuek ordaintzeko erabakiak.

Atzerako eraginik badagoela erabakitzen bada, hor Gorenak argitu beharko du nork itzuli behar duen dirua. Itzulketa soilik ogasunek egin behar dutela erabakitzen badu, azken lau urteetan egin diren ordainketak soilik berreskuratu ahalko ditu zergapekoak, zaharragoak iraungi egingo direlako. Aldiz, itzulpena bankuei eskatzeko aukera zabaltzen badu, hor ez dago atzera begirako denbora eperik.

Doktrina hori ezarriko balitz, haren eragina mugatua izango litzateke. Hego Euskal Herrian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek ez dute zergarik jasotzen erositako etxea bizitoki nagusia bada. Bai, ordea, Nafarroako Ogasunak. Foru erkidegoakurtero hamar milioi euro biltzen ditu zerga horrekin.

Berehala nahi

Ziurgabetasun giroan, kontsumitzaileek oraintsu lau urte hipoteken zerga hori ordaindu zuten herritarrei aholkatu die itzulketa eskaria egiteko ogasunetan, iraungitze epea igaro aurretik.

Dena den, kontsumitzaile elkarteen eskari nagusia osteguneko epaia berehala aplikatzea da. Eskaera bera egin du Euskadiko Kaleratzeak Stop-ek ere, eta epaia aldatzeko saiakerak salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.