Badator beste bat

Ikusgarri aritu da Jacob Kiplimo 18 urteko atleta ugandarra sasoi honetan krosean, eta bera da faboritoa bihar, Munduko Txapelketan. Baina lokatzean ez ezik, pistan ere bikain moldatzen da, eta ondu egin ditu Bekelek, Gebrselassiek eta Farahk bere adinarekin eginiko markak.

Jacob Kiplimo, Atapuercako Nazioarteko Krosa irabazi berritan, iazko azaroan, Burgosen (Espainia). SANTI OTERO / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hartu IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioaren kros nagusien aurtengo gizonezkoen sailkapenak. Gauza batek begia jotzen du: izen bat ageri da nonahi, Jacob Kiplimorena (Bukwo, Uganda, 2000). Inor ez da gai izan hura mendean hartzeko. Bost aldiz lehiatu da, eta bostetan nagusitu da: Atapuercan (Burgos, Espainia), Sorian (Espainia), Alcobendasen (Espainia), Italican (Sevilla, Espainia) eta Europako Kluben Arteko Txapelketan (Albufeira, Portugal). Garaipen horiei jaioterriko txapelketa gehitu behar zaie.

Orain arte erakutsi duen nagusitasuna kontuan hartuta, ezusteko handia litzateke urteko saririk handiena ez irabaztea: Munduko Txapelketa, bihar, Aarhusen (Danimarka). Irabaziko balu, maila nagusiko inoizko garailerik gazteena litzateke. Halaber, bigarren aldiz jarraian igoko litzateke podiumeko koska gorenera, iaz gazte mailako txapeldun izan baitzen. Kenenisa Bekele Etiopiako atleta handiak bakarrik irabazi du urte batean gazteen mailan, eta hurrengoan nagusien mailan, 2001ean eta 2002an. Badirudi Geoffrey Kamworor kenyarra bakarrik dagoela —txapeldun izan zen 2015ean eta 2017an— Kiplimoren asmoak zapuzteko moduan.

15 urterekin,Rioko Jokoetan

Kiplimo duela gutxi da adinez nagusi. Goi mailako lehian, ordea, aspaldi da nagusi. 2016ko Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan lehiatu zen, artean 15 urte besterik ez zuela. 5.000 metrokoan parte hartu zuen. Hura izan zen, hain zuzen, atletarik gazteena Rio de Janeiron, baita Ugandak inoiz Olinpiar Jokoetara eraman duen korrikalaririk gazteena ere.

Baina Kiplimo ez zen halako ekitaldi handietan gertatu ohi diren xelebrekerietako protagonista bat. Merezita lortu zuen toki bat. Haren adinako atleta batentzat denbora ikusgarria egin zuen bi hilabete lehenago: 13.19.54. Hori gutxi ez, eta Riora abiatu baino hilabete eskas lehenago hirugarren izan zen 10.000 metrokoan 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan. Denbora bikaina egin zuen orduan ere: 27.26.58. Rio de Janeiron, ordea, garesti ordaindu zuen eskarmentu falta, eta ez zen finalerako sailkatu. Beste horrenbeste gertatu zitzaion iaz, Londresen, Munduko Txapelketan.

Atleta ugandarrak, ordea, badirudi ikasi duela huts horietatik, eta ikusgarri dabil denboraldi honetan, lokatzean eta errepidean. Izan ere, Urtezahar egunean, balentria egin zuen Vallecasko (Madril, Espainia) Nazioarteko San Silvestre proban: 26.41eko marka egin zuen hamar kilometroko lasterketan. Hamahiru segundo hobetu zuen Eliud Kipchoge kenyarraren errekorra: 26.54. Maratoiaren munduko markaren jabe denak 2006an egin zuen denbora hori, 22 urte zituela. Bada, 18 urterekin txikitu zuen Kiplimok haren marka. Pistan, ordea, aurretik du kenyarra: 18 urterekin, 7.30,91 eta 12.52,61 ziren haren markak 3.000 eta 5.000 metrokoetan, eta Kiplimorenak hamahiru eta 21 segundo okerragoak dira: 7.43,73 eta 13.13,64. Hori bai, biak 16 urterekin lortutakoak dira, eta ez 18 urterekin, Kipchogek egin bezala.

Ugandarrak, ordea, atzean utzi ditu azken urteetan iraupen probetan nagusi izan diren hiru atleta puska: Bekele, Mo Farah britainiarra eta Haile Gebrselassie etiopiarra. 3.000 metrokoan, Bekele Kiplimo baino hiru segundo motelagoa zen 18 urterekin (7.46,95) eta Farah, 25 segundo mantsoagoa (8.09,24). 5.000 metrokoan, berriz, Bekele zazpi segundo motelagoa zen (13.20,57); Gebrselassie, 22 (13.36,09) eta Farah, 42 (13.56,31). 10.000 metrokoan, berriz, Kiplimok 27.26,68ko marka du, eta Gebrselassiek ia 40 segundo okerragoa zuen haren adina zuenean (28.03,99).

Makina bat atleta egon da, hastapenetan denak zur eta lur utzi ondoren, gero ezer gutxi egin duena. Ikusteko dago Kiplimo zerrenda horretan izen bat gehiago izango ote den. Gaia, behintzat, sekulakoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.