Argi gehiago itzalak baino

Alaves bide onean dago. Ez dabil fin ate aurrean, baina, joko sendoa eta alaia ari da egiten, eta jaisteko postuetatik at izan da orain arte. Bartzelonan jokatuko du etzi.

Alaveseko jokalariak, pozik, denboraldi honetan sartu duten goletako bat ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Lasaitasun hasperenak entzun ziren joan zen igandean Mendizorrotzan. Izan ere, Alaves garaipenen ildora itzuli zen Ligan, zazpi jardunaldiko lehortea jasan ondoren. Irabazi ezinik zebilen irailaren 2an Valentzia menderatu zuenetik; Almeriaren aurka, baina, ez zuen hutsik egin. Ondo merezita irabazi zion Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeari. Aurrez ere, merezimendu ugari ari zen egiten puntuak hirunaka batzeko, baina egindako jokoa ez zetorren bat lortzen ari zen emaitzekin. Horren zergatia, batez ere, gol eskasia izan da. Behintzat, sortzen ditu aukerak. Igo berria izanagatik, ez dabil batere uzkur, eta orain arteko ia neurketa guztietan eman du neurria. Gainera, oraindik ez du estutasun handirik izan sailkapenean: jaisteko postuetatik kanpo izan da hasieratik, eta azken jardunaldian bost puntura zabaldu zuen errenta.

ERDILARIEN ERRITMOAN
Dinamismo handia

Taldeak 4-2-3-1 sistema du oinarri. Lehen ere sarri egituratu da antzera, baina eskema berarekin oso modu ezberdinean jokatu daiteke. Eta sasoi honetako Alaves, azken urteetako ikusgarriena ari da izaten. Iragan denboraldian ere Luis Garciaren lemapean aritu ziren, baina ez horren distiratsu. Mauricio Pellegrino eta Abelardo Fernandezen sasoirik arrakastatsuetan ere pragmatismo handiagoz jardun zuten. Badira antzekotasun batzuk: jokaldien hasieran luze jokatzeko joera dute arabarrek, eta temati jarduten dute hegaletan. Aldea, zelai-erdian dago. Gebarak argitasuna eta zentzua ematen dio jokoari, Alex Blancok oreka, eta Guridik bizitasuna. Eta hiruei esker, beste dinamismo bat du taldeak. Ianis Hagiren eragina ere geroz eta handiagoa ari da izaten jokoan. Askatasunez mugitzen da lerro artean, eta talentu berezia du.

Presio egiteko moduan ere bada ezberdintasunik. Lehen, atzean ixteko joera zuen Alavesek; orain, ordea, lerroak gorago paratzen ditu, aurkariaren izenari gehiegi begiratu gabe. Behin baloia berreskuratuta, azkar eta zehatz darabil ezker-eskuin, hegalekoen bila. Modu orekatuan egiten du eraso eskuinetik eta ezkerretik. Alex Sola oso zorrotz dabil eskuinean. Berehala egokitu da. Rioja ez dago onenean, baina hura da erdiraketa gehien egiten duen jokalaria.

GEROZ ETA SENDOAGO
Gazteen txanda

Erasoan alai dabil, eta defentsan serio: partidako jaurtiketa gutxien jasotzen duen taldea da. Aurkariei opariren batzuk egin dizkie tarteka, baina oso gutxitan izan da gainezka eginda, eta sendotzera egin du jardunaldien joanean. Harresiko giltzarria Sedlar izan da orain arte, baina larriki hartu zuen min Almeriaren kontra, eta denboraldi honetan ez du gehiago jokatuko. Hori horrela, aurrerako urratsa egiteko abagunea dute Abqarrek eta Rafa Marinek. Marokoarrak sekulako maila eman zuen aurreko sasoian, baina hasiberria da Lehen Mailan, eta zailtasunak izan zituen lehen partidetan. Marinek ere antzeman du esperientzia falta. Hobera ari dira egiten, ordea, eta bikote gisa sendotzen saiatuko dira hemendik aurrera. Bizkarrean Sivera izango dute, atean, erabakigarri.

Hegalak ere ondo zainduak dituzte arabarrek. Gorosabel nekaezina da, atzera eta aurrera dabil eskuin hegalean. Tenagliari tokia kendu dio, argi eta garbi. Ezkerrean, berriz, lehia bizia dute Duartek eta Javi Lopezek. Kapitaina seguruagoa da defentsan, baina arrisku handiagoa sortzen du Lopezek.

JOAK KENTZEN DIO LOA
Aukera asko, gol gutxi

Alavesek ez du jorik, eta hori da taldearen gabezia nagusia. Nekez asmatzen du ate aurrean: hamar gol sartu ditu bakarrik orain arte, eta horietatik lau neurketa bakarrean sartu zituen, Sevillaren aurka. Gol falta ez da gogo eta aukera faltaren ondorio. Izan ere, partidako 24 erdiraketa egiten dituzte gasteiztarrek. Soilik Sevilla saiatzen da gehiago. Era berean, jaurtiketa gehien egiten duten taldeetan laugarrena da Alaves: neurketako hamalau aldiz jaurtitzen du,batez beste. Aldiz, jaurtiketa horietatik lau doaz bakarrik zutoin artera.

Aurrelariak ez dabiltza eraginkor. Kike Garciak bi gol sartu zituen bere lehen partidan, Sevillaren aurka, eta ordutik ez du berriro asmatu. Samu Omorodionek ere bi gol daramatza: fisikoki dohain itzelak ditu, baina garatzeko du oraindik harrapari sena. Bigarren lerroko jokalariak ere ez dira golik usaintzen ari: Rioja eta Gebara dira ekarpena egin duten bakarrak, gol bana sartuta.

HOTZEZ ETXETIK KANPO
Aspaldi irabazi gabe

Hiru garaipen lortu ditu orain arte Alavesek, guztiak ere Mendizorrotzan. Etxetik at, bi puntu baino ez ditu bildu, Celta eta Vila-realen aurka berdinduta. Garaipena merezi izan zuen bi lehia horietan, baina idorteak bere horretan jarraitu zuen. Lehortea baino, madarikazioa da ia, arabarrek ez baitute garaipenik lortu Lehen Mailan bisitari gisa jokatu dituzten azken 21 partidetan. Gauzak hala, etzi Montjuicen ariko dira, Bartzelonaren aurka. Ez da bolada apurtzeko aurkaririk aproposena: bi aldiz irabazi diote bakarrik bere zelaian; azkenekoz, 2016an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.