Aitaren izenean

Ferrarik Michael Schumacherren seme Mick Schumacher fitxatu du bere taldeko gidarien eskolarako. 19 urte bakarrik ditu, baina jada irabazi du titulu bat: Europako 3 Formulakoa.

Mick Schumacher, iaz Europako 3 Formula Txapelketan lortutako garaipen bat ospatzen. JAMES GASPEROTTI.
Laurentzi Garmendia
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Hill, Villeneuve, Verstappen, Magnussen... 1 Formulan belaunaldi batean baino gehiagoan lehiatu diren abizenak dira. Baina belaunaldi guztientzat eredu izan den gidaririk bada, hori Michael Schumacher da. Duela bost urte eskiatzen ari zela istripu larri batek mundu publikotik baztertu zuenetik, Schumacher abizena guztiz desagertu da 1 Formulan. Orain arte. Ferrarik Michaelen seme Mick Schumacher (Vufflens-le-Chateau, Suitza, 1999) fitxatu berri du.

Abizenak ate asko irekiko zizkiolako edo gehiegizko presioa eragingo ziolako, 9 urterekin kart lasterketetan hasi zenean, beste abizen batekin lehiatzen zen. Amaren berezko abizena hartu, eta Mick Betsch izenpean aritu da duela gutxi arte. Baina taldeetako nagusiek ondo zekiten nor ezkutatzen zen abizen horren atzean, eta, 15 urte zituela, 4 Formulako proba batera deitu zuten Valentziako Ricardo Tormo zirkuitura (Herrialde Katalanak). Bi urtez Alemaniako zenbait talderekin aritu zen, baina ez zuen aparteko emaitzarik lortu. Baina, 2016an, Prema Italiako taldeak fitxatu zuen, eta haren kirol ibilbidea goitik behera aldatu zen. Gorakada etengabea hasi zuen: pole-ak lortzen hasi zen, podiumer,a igotzen eta garaipenak bata bestearen atzetik kateatzen. Orduan hartu zuen berriz Schumacher abizena.

Titulurik irabazi gabe iritsi zen 3 Formulara. Estreinako urtean, 2017an, behin bakarrik igo zen podiumera. Mailara egokitzeko erabili zuen sasoia. Iaz, bigarren sasoian, lehen garaipena eskuratu zuen. Horretarako, hamabosgarren lasterketara arte itxaron behar izan zuen; hots, txapelketaren erdira arte. Hortik aurrerakoa sinesteko zaila da: gainerako hamabost lasterketetatik zazpi irabazi zituen, eta beste lautan podiumean izan zen. Inork espero ez zuen denboraldi erdia osatu, eta nagusitasunez lortu zuen titulua. Bat-bateko susperraldi horrek ez zituen gidari guztiak konbentzitu, eta haren aurkari nagusi Dan Ticktum gidari britainiarrak Prema autoen «garapen interesgarria» nabarmendu zuen.

Oraingoz, 2 Formulan

Hurrengo pausoa Ferrarirekin sinatzea izan da. Inor gutxi harrapatu du ezustean Italiako taldeak Mick Schumacher fitxatu izanak bere gidarien akademiarako: Italiako taldea da Prema Powerteam,eta lotura du Scuderia-rekin. Aurten, 2 Formulan hartuko du parte, orain arte bezala Prema Powerteamen gidari ofizial gisa. Maila hori da 1 Formularen azpitik dagoen indartsuena, eta nahitaez bertatik igaro behar da maila gorenean debuta egin ahal izateko. Zeregin horretan, babes garrantzitsua izango du Jean Todtena, FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioaren presidente eta Michael Schumacherren lagun minarena —haren zuzendari izan zen Ferrarin—. Todtek Mickengan presioa arintzeko eskatu zuen iaz. Orain, Nicolas Todt semeak kudeatuko duela jakinarazi du, Daniel Kviat, Felipe Massa eta Charles Leclerc ere kudeatzen dituenak. Bidea prestatua du Ferrarira, ziurrenik Sauberren hasita.

Aurten egingo duenaren esperoan, zalantza gutxi dago 1 Formulara bidea sendo prestatua duela. Abizenak bere balioa du, bai berarentzat, bai haren zerbitzuak kontratatu dituen Ferrarirentzat. Mercedesek jendaurrean agertu zuen hura fitxatzeko interesa abenduan. Baina izenaren xarma eta zirrara desagertzen direnean, haren talentuak bakarrik balioko du. Horrek erabakiko du gora, behera edo alde batera egingo duen.

Ferrariren aterpean egoteak abantailak baditu ere, beste ate batzuk ixten dizkio. Ferrarik ez du eserlekurik 2021a baino lehen, eta horrek Sauber bakarrik uzten dio aukera gisa. Suitzarrek tokirik ez balute, Mick Schumacherrek ez luke non lehiatu. Dituen babesleekin, bazuen aukera bere kasa urte bat edo bi gehiago jarraitzeko eta talde guztientzat erakargarri izateko. Aitak baino azkarrago iritsi nahi izan du 1 Formulara —Michael Schumacherrek 22 urterekin egin zuen estreinakoa 1 Formulan—. Haren zereginik garrantzitsuena ez da aitaren emaitzetara gerturatzea, baizik eta abizenari begiratu gabe, 1 Formulan egotea merezi duela frogatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.