Euskal Herriko Itzulia

Ibilbide bat laguntzeari emana

Laudiora iritsiko da gaur Itzulia. Hangoa da Jon Unzaga, Kas, Seur, Clas eta Mapei taldeetan hamar urtez profesional izandakoa. Lan eskerga egin zuen taldeburuentzat.

Jon Unzaga, Martin Farfani 1992ko Vueltako etapa irabazi zionekoa. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte pasatu dira jada Jon Unzagak (Laudio, Araba, 1962) erretiroa hartu zuenetik, eta bizikletaren gainean dabil oraindik ere. «Suabe-suabe» eragiten die pedalei, osasunak hala behartuta. «Zazpi hilabetean gaixoaldian. Bost bypass operazio egin dizkidate bihotzean. Medikuek diote kolesterol gehiegi izateagatik dela, baina gauza on gutxi arnastu dut lantegian [trenbideetako saihesbideak egiten ditu]. Kirola egitea gomendatu didate, eta zer hobea bizikletan aritzea baino. Horixe gustatzen zait gehien».

Euskal Herriko Itzulia haren jaioterrira iritsiko da gaur, azkeneko aldiz hara ailegatu eta 39 urtera. Gogoan du. «1982an izan zen, eta Jaime Vilamajok irabazi zuen. Ederra izan zen txirrindulari bikainak gertu-gertutik ikustea. Ni afizionatuetan ari nintzen, Kas taldean, eta ametsa nuen profesionaletan aritzea». Bost urte eskas geroago lortu zuen ametsa, Kasekin. Agur galdategiko lanari. Errepidea izango zuen lantegi, eta bizikleta, lanerako tresna.

Hamar urtez izan zen profesional, 1987tik 1996ra, eta Kas, Seur, Clas eta Mapei taldeetan aritu zen. Egiteko zehatza izan zuen: taldeburuei laguntzea. Lan horretan aritu zen egin zituen hamasei itzuli handietan: bederatzi aldiz lehiatu zen Espainiako Vueltan, lau bider Frantziako Tourrean eta hiru aldiz Italiako Giroan. Bikain aritu zen: lehen hogeiren artean sailkatu zen. Baina zerbaitengatik harro badago, haren hiru taldeburuk sailkapen nagusia irabazi zutelako da: Kasen, 1988ko Vuelta irabazi zuen Sean Kelly irlandarrak; Seurren, 1990eko Vuelta Marco Giovannetti italiarrak; eta Clasen eta Mapein, Tony Rominger suitzarrak, 1992ko, 1993ko eta 1994ko Vueltak eta 1995eko Giroa. «Taldeburu bikainentzako lan egiteko zortea izan nuen. Tonyk markatu ninduen gehien. Berezia zen. Bere buruari helburu bat jartzen zionean, azkeneraino joaten zen. Eta gehienetan, lortu egiten zuen. Erantzukizuna hartu, eta hura kudeatzeko gaitasun itzela zuen».

Aitortu duenez, horren ona zen Rominger, gai zen taldekide guztiei itzala egiteko. «Halako taldeburu indartsu bat izanda, ezin duzu zeure buruarengan pentsatu. Pentsamoldea aldatu behar duzu derrigor, eta barneratu zure egitekoa harentzat lan egitea dela. Gustatu ala ez, txirrindularitzan dena oso antolatuta dago, goitik behera: babeslea, zuzendaria, taldeburua eta haren mesedetan lan egiten duten ziklistak. Zenbat eta lehenago onartu hori hala dela, orduan eta hobeto. Hori onartzen ez duenak ibilbide laburra egingo du».

Hark onartu zuen, hala «tokatu» baitzitzaion. Inoiz ez zitzaion burutik pasatu morroi lanak uztea eta askatasuna bilatzea. Eta, inoiz ez du bere burua «gutxietsia» sentitu. «Lider batek, bakarrik, ezin du ezer egin. Horregatik, beti saiatuko da bere burua laguntzaile onenekin inguratzen. Haiek kontrolatuko dute lasterketa, eta haien babesean joango da bera, azken metroak ailegatu arte. Orduan amaituko da morroien lana, eta liderraren txanda hasi. Itzalean egoten dira laguntzaileak, baina oso garrantzitsuak dira. Liderrek badakite, eta esker onekoak izan ohi dira haiekin: adibidez, haientzat diru gehiago eskatuta kontratua sinatu behar dutenean».

Pla de Bereteko garaipena

«Txirrindulari diziplinatutzat» jo du bere burua. Horregatik, noiz edo noiz, itzaletik atera eta distira egiteko aukera eman zioten. Eta aprobetxatu zuen: etapa bat irabazi zuen Espainiako Vueltan, beste bat Euskal Bizikletan, eta Udaberri Klasikoa eta Torres Vedras Sari Nagusia. Vueltakoaz du oroitzapenik onena. «Pla de Bereteko gainean izan zen, 1992an. Martin Farfan eta biok iritsi ginen ihes eginda, eta esprintean irabazi nion. Ederra izan zen». Gertu izan zuen garaipena beste bi itzuli handietan: bigarren izan zen Giroko etapa batean, eta bitan hirugarren Tourrean. «Halakoetan tonto aurpegiarekin geratzen zara». Okerragoa pasatu zitzaion 1992an, errepideko Espainiako Txapelketan. «Nirea zen garaipena, baina goizegi altxatu nuen eskua helmugan, eta Indurainek aurrea hartu zidan. Photofinish-a begiratu behar izan zuten. Huts galanta egin nuen. Baina halakoetatik ere ikasi egiten da».

Aparte bada ere, saiatuko da gaur Itzulia ikusten. «Oroitzapen politak» etorriko zaizkio burura. «Guretzat berezia zen Itzulian aritzea. Tour txiki bat bezalakoa zen, baina etxean, gure zaleen aurrean. Hori gutxi ez, eta nik aukera izan nuen Tonyrekin hirutan irabazteko [1992an, 1993an eta 1994an]».

Ermualdeko mendate gogorrean amaituko da gaur etapa. Ezagutzen du. «Autoan, dezentetan igo naiz. Bizikletan, behin baino ez, mendiko bizikletan. Gogorra da, baina ez muturrekoa. Aurreko kilometroek, ziklistek eta eguraldiak gogortuko dute». Iragarpen bat eskatuta, etxeko baten alde egin du. «Arabarra izanik, Mikelen [Landa] alde egin behar. Ea poz bat ematen digun. Inguruan ikusi izan dut entrenatzen. Begiz joa izango du, seguru».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.