Hasiera izan zen Fisterra

Galizian hasi zen Euskotren liga, 2009an, eta han izan ziren arraunean Olatz Ortega eta Ioana Alijostes, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin. Asteburu honetan ere han ariko dira.

2009an Galizian lehiatu ziren Gipuzkoa taldeko arraunlariak. EUSKOTREN LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Oriotik autobus bat aterako da gaur Galizia aldera, emakumezkoen traineruko arraunlariak bertan direla. Pasai Donibanetik ere autobusa abiatuko da leku berera, emakumezko eta gizonezko arraunlariekin. Duela bederatzi urte, Plentziatik Galiziara abiatu zen autobusa, Arkoteko arraunlariekin eta Bizkaiko emakumezko selekziokoekin, eta Zumaiak eta Getaria-Tolosak beste autobus bat hartu zuten ibilbide bera egiteko, emakumezko arraunlariekin.

Handik urtebetera ere jokatu ziren Galizian emakumezkoen traineru estropadak Euskotren ligaren barruan, eta ordutik ez da gehiago gertatu halakorik. Aurten arte. Coruñan jokatuko dituzte hirugarren eta laugarren jardunaldiak San Juanek, Oriok, Arraun Lagunakek eta Hondarribiak, bihar eta etzi. Badira arraunlari batzuk duela zortzi eta bederatzi urte esperientzia bera izandakoak. Ioana Alijostes (Tolosa, Gipuzkoa, 1988) Getaria-Tolosarekin joan zen 2009an, Gipuzkoako selekzioaren izenean arraun egitera. Aurten San Juanen tostetan egingo du arraun. Olatz Ortega (Getxo, Bizkaia, 1987) Bizkaiko selekzioko arraunlari moduan joan zen aspaldiko hartan, eta aurten Oriorekin doa.

Estropada historikoa izan zen 2009ko uztailaren 11n O Groven jokatu zena. Euskotren ligako aurrenekoa izan zen, urte hartakoa baitzen ligaren lehen aldia. Emakumezko traineruen aurreneko liga han jarri zen abian, eta egiten ari zirenak gerora izango zuen garrantziaz ia batere jabetu gabe aritu ziren Ortega eta Alijostes: «Orduan ez nintzen jabetu zer-nolakogarrantzia zeukan aukera hura baliatzeak. Aukera eman zitzaigun, telebistan atera ginen, eta begira non gauden une honetan. Orain ematen diot garrantzia orduan egindakoari», azaldu du Ortegak. Alijostesek ere ildo berari eutsi dio: «Abilak gara gauza txarrak bakarrik ateratzen, eta egia da gauza asko dauzkagula hobetzeko. Baina, atzera begira jarri, eta konturatzen naiz ordutik zenbat hobetu dugun. Ziur nago orduko talde onena baino hobeak garela aurten ligan ariko garen lau taldeak».

Oso oroitzapen ona daukate lehen estropada hartaz, eta orduan bizi izandako gainerako guztiaz. Besteak beste, autobusez egindako bidaia luzea ekarri dute gogora. «Ikaslea nintzen orduan, eta berdin zitzaidan astelehenean eskolara ez joanda ere, Galiziatik berandu iritsiko ginela eta. Sekulako ilusioa neukan joateko, eta niretzat asteburu-pasa joatea bezala izan zen», kontatu du tolosarrak. Ortegarentzat ezberdinak izan ziren joaneko eta itzuliko bidaia: «Arinagoa egin zitzaidan joatea. Gogoan dut goiz atera ginela ostiralean, eta aukera izan genuen Galizian entrenamendua egiteko. Bueltakoa astunagoa egin zitzaidan, luzea, eta, gainera, berandu atera ginen igandean. Zer izan behar du galiziarrentzat asteburu guztietan Euskal Herrira joan-etorrian ibiltzeak...».

Bidaien astuna pixka bat arintzeko ez dira txarrak izango garaipenak, eta, alde horretatik begiratuta, Alijostes eta Gipuzkoako gainerako arraunlariak gustura asko itzuliko ziren, Gipuzkoa izan baitzen Euskotren ligako lehen estropadako garailea. Getaria-Tolosa taldea, zehatz esateko. «Guretzat erabat ezezaguna zen Galiziara arraun egitera joatea, eta orduan orain baino kezka eta beldur handiagoa eragiten ziguten hango eremuek. Gainera, Galizia oso talde indartsua zen, eta errespetu handia genon. Baina, lehen estropada hartan, gu izan ginen garaile», oroitu du Alijostesek. Ezin, baina, behar bezala ospatu bandera irabazi izana: «Trainerua oso zaharra zen, egurrezkoa, eta esan ziguten ezin ginela tosta batetik bestera oinez ibili. Hasi ginen saltoka ontzi barruan, eta zarata arraroak entzun genituen». Traineru horrek badu beste istorio bat ere: «Gipuzkoaren izenean aritu ginen talde guztiek traineru horrekin lehiatu behar izan genuen, eta harekin entrenatzeko aukera astean behin bakarrik izaten genuen. Beste garai batzuk ziren», dio Alijostesek.

«Arraunlari eginak gara»

Alderatu ere ezin dira egin hasierako urte haiek eta oraingoak emakumezkoen traineru estropadetan. «Orain dena menderatzen dugu gehiago, eta, esate baterako, lehen baino kezka gutxiago eragiten digu Galiziara joateak», esan du Ortegak. «Maila asko handitu da, eta ligak seriotasuna eman dio gure jardunari. Ez du zerikusirik lehengoarekin», gehitu du Alijostesek.

Maila onarena bihar eta etzi ikusi ahal izango da, eta biek garbi daukate lehia estua izango dela: «Begira zer berdintasun egon zen ligara sailkatzeko estropadan aurreko asteburuan», azaldu du San Juaneko arraunlariak. «Borroka gogorra eta zaila izango da», dio Oriokoak. Fisterra edo Lurra ustez amaitzen zen lurraldeak segida emango dio orain duela bederatzi urte hasiera izandako hari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.