Paradisuan etsita

Daniako puntistek hilabete eta erdi daramate jokatu ezinik. 36 puntistetatik 32 dira euskal herritarrak; «sufritzen» ari dira, «sakrifizio handia» egin baitute etxetik urrun joanda.

Ibon Aldazabal, brikolaje lanak egiten, etxean. IBON ALDAZABAL.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Eguraldi bikaina, hondartza ikusgarriak, ur gardenak... Halakoa da Floridako kostaldea (AEB). Nekez aurki daiteke irudi hoberik postal baterako. Paradisua dirudi.

Baina oro ez da urre, eta, euskal puntistentzat, Floridako kostaldea ihesbidea izan da betidanik; beharrak bultzatutako destinoa, zesta puntaz bizitzeko aukera bakarra. Halaxe da oraindik ere. 36 puntistak osatzen dute Fort Lauderdaleko Dania Jai Alai pilotalekuko koadroa, eta horietatik 32 dira euskal herritarrak. Guztiak ari dira sakrifizio handia egiten, sakrifizio handia baita etxekoengandik milaka kilometrora egotea. Baina badakite beste aukerarik ez dutela zesta punta ogibide izatea nahi baldin badute. Gustatzen zaien kirolaz, pasioaz bizitzeak arintzen die gertukoen falta eta herrimina.

Horrexegatik, sufritzen ari dira azkenaldian, ahalegin hori, sakrifizio hori alferrikakoa baita: hilabete eta erdi daramatejokatu ezinik; hain zuzen ere, koronabirusak eragindako egoera dela eta, Dania Jai Alaiko kudeatzaileek pilotalekua itxi zutenetik. Martxoaren 17an jarri zioten giltzarrapoa frontoiaren ateari. Azkenak izan ziren lehiatzeari uzten AEBetan.

«Hasieran, bi asteko kontua izango zela esan ziguten, eta aurreratu egin genituen apirileko oporrak. Baina hilabete eta erdi pasatu da jada, eta frontoiak itxita segitzen du. Martxoaren 15ean jokatu genuen azken aldiz. Igandea zen, eta astelehenean eta asteartean jai genuen, asteko egun horietan ez baitugu jokatzen. Berririk ez genuenez, uste genuen jokatzen jarraituko genuela. Baina asteartean jada esan ziguten ez genuela gehiago jokatuko», azaldu du Ibon Aldazabalek (Berriatua, Bizkaia, 1987), Daniako puntistetako batek.

«Ezkor» dago. Ez du uste aurki berriro jokatzen hasiko direnik. «Ia ziur ez dugu jokatuko maiatzean. Agian ekainean has gaitezke, baina auskalo. Gaur-gaurkoz, ez naiz baikor». Jon Goenaga ere (Mutriku, Gipuzkoa, 1997), Daniako frontoiko beste puntistetako bat, ez dago itxaropentsu: «Ez du itxura onik. Esperantzari eutsi nahi diogu, eta pentsatu, agian, uda baino lehen zerbait joka dezakegula. Baina egun ez dut bideragarri ikusten». Etenaldiaren ondorioz, Daniako sasoia ohi baino gehiago luzatuz gero, litekeena da Euskal Herriko udako denboraldia atzeratzea. Gainera, argi dute sasoi-aurre bat beharko luketela, ez baitute ukitu zesta azken hilabete eta erdian.

Bisekin arazoak

Jokatu gabe, ez dute soldatarik jasotzen. «Apirilean, martxoko soldata ordaindu zigun enpresak, baina maiatzean ez dugu ezer jasoko», dio Aldazabalek. Langabezian dira apirilaren 1etik. Internetez egin behar dira izapide guztiak langabezia jasotzeko, baina ez da lan samurra. «Sistemak une oro egiten du gainezka. Nik egin dut, eta horri esker, diru laguntza bat jasoko dut. Baina badira oraindik aplikazioarekin borrokan ari diren lankideak». Lan gutxiago eman die AEBetako Gobernuak emandako 1.200 dolarreko [1.100 euro] diru laguntza jasotzeak. «Airea» eman diela aitortu dute. Beharko dute, frontoiko kudeatzaileek gaurtik utziko baitiete aseguru medikua ordaintzeari. Ondorioz, frontoitik kanpo bilatu behar izan dute babesa. «Egoera ez da asegururik gabe egoteko modukoa», dio Goenagak.

«Kezkatuta» daude, are gehiago koronabirusaren aitzakian Donald Trumpek immigrazio politika oraindik gehiago gogortu ondoren. Horretan, hala ere, aldeak daude haien artean. «Hamar urte daramatzat AEBetan bizitzen, eta hasiak nituen hemengo herritartasuna izateko izapideak. Aurki lortuko dut, eta, arazorik ez nuke izan behar hara-hona ibiltzeko. Hori lortu artean geratuko naiz hemen», dio Aldazabalek. Ezegonkorragoa da Goenagaren egoera. «Laugarren urtea dut AEBetan. Bisa badut, baina azken urtean arazo asko izan ditugu bisekin. Beraz, ziur azken neurriek ez digutela lagunduko. Ez dakigu udan Euskal Herrira joanda, gero berriro sartzen utziko diguten».

«Kezka, ezinegona, ziurgabetasuna...»; halako hitzak dituzte ahoan. Aitortu dutenez, «behin baino gehiagotan» pentsatu dute hegazkin bat hartu eta Euskal Herrira itzultzea. «Baina zain egon behar dugu ea hau konpontzen den», diote. Hain zuzen ere, zain egote horrek «ernegatzen» ditu. «Sakrifizio handia egin genuen etxekoak atzean utzita hona etorrita, eta etsigarria da hemen egonean egotea. Haien falta sumatzen dugu, are gehiago orain. Ez ginen hona etorri hondartza ondotik paseatzeko», azaldu du Aldazabalek. «Gurasoek esan didate nahi dudanean itzultzeko, etxeko ateak beti irekiak egongo direla. Baina pixka batean zain egongo naiz», esan du Goenagak. Bitartean, egunerokoari eusten saiatuko dira: Aldazabal, etxean, bakarrik, brikolaje lanak egiten; Goenaga, berriz, Eñaut Salegi eta Ekaitz Mendizabal Goixerri lankide eta etxekideekin kontu kontari. Hala saiatuko dira herriminari eusten. «Gogorra da, ez baikinen honaino etorri honetarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.