Frantziako Tourra

Lasaitasuna eta lasaikeria atseden ostean

Kamnak irabazi du Tourreko 16. etapa, ihesean erakustaldia eginda. Faboritoen artean ferekak baino ez dira izan. Gaur sua pitz daiteke, Madeleinen eta Lozen gora

Lasaitasuna eta lasaikeria atseden ostean.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Behin eta berriro saiatzeak badu saria. Galde diezaietela, bestela, Lennard Kamnari eta Bora Hansgrohe taldeari. Peter Sagan eta Emanuel Buchmann liderrak ezinean dabiltzanez, taldeko ehiztariak jo eta su aritu dira etapen bat lortu nahian. Kamna, adibidez, bigarren izan zen 13. etapan; eta atzo, garaipen preziatua eskuratu zuen azkenean. Ihesaldiko indartsuena izan zen, eta argiena ere bai, behar zenean eta behar zen moduan jo zuelako eraso erabakigarria: Moucherotte (11,1 kilometro eta %6,5ko pendiza) gainean, Richard Carapazek (Ineos) gutxien espero zuenean. Ekuadortarra atzean utzi, eta dotore egin zituen helmugara arteko hogei kilometroak. Hala, lasaitu ederra eman zion Borari.

Onenen artean, berriz, lasaikeria izan zen. Fereka batzuk baino ez ziren izan, eta oso bukaeran. Lehiaz mozorrotutako atseden eguna izan zen, ia hamazazpi minutuko atzerapenarekin sartu baitziren helmugan. Egunpasa ibili ziren, datorkienari begira indarrak gordetzen. Bederen, Tadej Pogacarrek (UAE) ahalegin arin bat egin zuen Villard de Lansen (2,2 kilometro eta %7,9). Primoz Roglic (Jumbo Visma) atzean uzten saiatu zen, eta azken metroetan, Miguel Angel Lopezek (Astana) hartu zion lekukoa. Haatik, batera helmugaratu ziren hautagai guztiak, Nairo Quintana (Arkea) izan ezik. Kolonbiarrak beste 35 segundo galdu zituen. Egan Bernal (Ineos), berriz, esprinterrekin batera iritsi zen helmugara. Minez gelditu zen atzean, baina nahita agian ere bai, datozen egunetan indar eta askatasun handiagoz aritu ahal izateko.

Irribarrez hasi zuten ziklistek etapa, PCR proba denek gainditu baitzuten. Saialdi askoren ondotik, hamabost kideko multzoa osatu zen aurrean. Kamna eta Carapazez gain, bertan sartu ziren Julian Alaphilippe (Deceuninck), Andrey Amador (Ineos), Warren Barguil (Arkea) eta Imanol Erbiti (Movistar). Saganek (Bora) ere bazuen aurrera egiteko burutapena, maillot berdearen lehiari begira, baina Sam Bennettek (Deceuninck) ez zion irteten utzi. Beste zortzi ziklistak, ordea, lortu zuten aurreko taldearekin bat egitea. Pierre Rolland (Vital Concept) izan zen horietako bat, eta, geroago, besteak beste, Mikel Nieve (Mitchelton), Romain Sicard (Total Direct) eta Pavel Sivakov (Ineos) iritsi ziren.

Mendateak igaro ahala, hamar minututik gorako aldea hartu zuen ihesaldiak. Jumbo Vismak ez zuen jazarpenean erretzeko inongo asmorik. Aurrean, Borak hartu zuen Kamnaren aukerak jorratzeko ardura. Rolland mugitu egin zen bigarren mailako Porte (7,4 kilometro eta %6,8ko pendiza) eta Revelen (6 kilometro eta %8), mendiko puntuak hartu, eta bide batez, taldea xehatzen hasteko. Alabaina, bat eginda jarraitu zuten iheslariek, eta Moucherotteko igoerari begira jarri ziren. Lehen mailako mendatea zen, eta helmugatik 33 kilometrora hasi behar ziren igotzen.

Lehenik eutsi, gero hautsi

Bada, Quentin Pacher (Vital Concept) iritsi zen buruan, minutu erdiko aldearekin, mendatearen aurreko sasi-ordekan mugitu eta gero. Ineosek ez zuen ezusterik nahi, eta ekimena hartu zuen igoeran. Estutu egin zuen Amadorrek, eta horrek sufriarazi egin zituen hainbat txirrindulari. Nievek, kasurako, ezin izan zuen galbahea gainditu. Sicard eta Erbiti ere atzean gelditu ziren. Taldekidearen lanari jarraipena eman zion Carapazek, eta harekin batera Kamnak, Alaphilippek eta Sebastian Reichenbachek (Groupama) egin zuten aurrera. Gainetik 4,5 kilometrora harrapatu zuten Pacher. Tropelean, berriz, ahalegin hutsala egin zuen Guillaume Martinek (Cofidis). Beste inor ez zen atera Jumbok gidatutako multzoaren abarotik.

Carapazek ahaleginak eta bi egin zituen Alaphilippe atzean uzteko. Eta lortu zuen, baina beste aurkari gaizto bat itsasi zitzaion gurpilera. Kamnak tinko eutsi zien Ineosekoaren astinduei, eta gainetik 300 metrora errematatu zuen. Abila da erlojuaren kontra, eta dohainak tartea zabaltzeko baliatu zituen. Helmugan, 1.27 atera zion Carapazi, eta 1.56 Reichenbachi. Erbiti izan zen euskal herritar onena atzo: 15. sartu zen, 6.11ra.

Etapa gogorra da gaurkoa. Alpeetako bi koloso igoko dituzte: Madeleine (17,1 kilometro eta %8,4) eta Loze (21,5 kilometro eta %7,8). Roglic iritsiko da lider, Pogacar 40 segundora duela. Mikel Landa (Bahrain) podiumera gerturatzen saiatuko da. Murgiarra zazpigarren dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.