Txikitasunean handi

Jokin Altunak bigarrenez lortu du lau eta erdiko txapela, Erik Jakari 22-9 irabazita. Amezketarrak erasokor jokatu du hasieratik, eta «gustura» agertu da egindako lanarekin.

Jokin Altuna, lau eta erdikoaren txapelarekin eta koparekin, atzo, Amezketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Kale egin zuen duela hilabete Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996), baina bale herenegun. Azaro amaieran buruz buruko finala galduta negarrez amaitu zuen partida amezketarrak; ordea, gai izan da aste gutxitan egoera hori iraultzeko. Malkoak irribarre luze batekin ordezkatu zituen igandean, lau eta erdiko finalean argi eta garbi gailendu eta txapela jantzita. Aise irabazi zuen, gainera: 22-9 hartu zuen mendean Erik Jaka. Bigarren txapela du lau eta erdian, eta bost final jarraian jokatu ditu jada, marka historikoa erdietsiz. Azken txapela 2017an zuen eskuratua.

Horiek horrela, lau eta erdiko distantzian ehiztaria eta jabea dela berretsi zuen Altuna III.ak. Gustura zegoen atzo: «Txapeldun esnatzea gauza ederra da. Oso une polita da, ilusio handia egiten du. Askotan amesten duzu horrelako momentuekin. Irabaztearekin ez da aspertzen. Bat irabazitakoan, beste bat nahi izaten duzu. Eta hori lortzeak ilusioa egiten du».

24 urteko pilotariak aurkari bera izan du aurtengo banakako bi finaletan: Jaka. Txapelketen amaiera, berriz, guztiz bestelakoa izan da. Lizartzarra gailendu zen buruz burukoan, neurketa biribila eginda eta pronostiko guztiak hautsiz, baina ezinean aritu zen lau eta erdikoan. Eta egoerak emandako bira horrek badu azalpena: Altuna bera izan zen errudun nagusia. Erakustaldia eman zuen igandean, eta bizi eta erasokor jokatu zuen partida osoan zehar. Argi du non egon zen gakoa: «Sakatzen eta errestoan oso ondo aritu nintzen. Eta gero, berari ez nion utzi arnasa hartzen. Asko mugitu nuen. Aurreko partidetan berak jokatu zuen horrela, eta atzo [herenegun] alderantziz izan zen. Hor asmatu nuen».

Partidarako prestatu zuen gidoia «ondo atera» zitzaiola onartu zuen: «Abiadura eman nahi izan nion pilotari, eta Jakari hanketara jokatu, deseroso egon zedin. Leku asko duenean egundoko tantoak egiten ditu, eta deseroso sentiaraztea nahi nuen, min egiteko. Lortu nuen, eta gustura nago». Elkarrizketekin lepo ibili zen txapelduna biharamun gozoan, baina hartu zuen garaipena ospatzeko tartea ere: «Finalak ez dira egunero jokatzen. Garrantzitsua izaten da momentu horietan gozatzea, eta disfrutatu egin nuen. Etxe aurrean lagun batzuk zain nituen. Haiekin pixka bat egon nintzen. Baina gero, familiarekin-eta etxean ospatu nuen, ondo afaldu eta pare bat trago hartuta. Gaurko [atzoko] eguna bukatutakoan, lasai jarriko naiz etxean, eta orduan garaipena oraindik eta gehiago baloratuko dudala uste dut. Denbora pasatutakoan, are gehiago gozatuko dut». Egindako lanarekin «harro» agertu zen, eta aitortu zuen pandemia baten erdian jokatzea ez dela erraza izan: «Ea laster egoerak hobera egiten duen».

Buruz buruko finalean falta izan zitzaion txisparekin aritu zen igandean, freskoago eta arinago, eta funtsezkoa izan zen hori txapela eskuratzeko: «Oso ondo sentitu nintzen hasieratik. Garrantzitsua izaten da ondo sartzea partidan, eta sentipen onak izan nituen. Horrek lagundu zidan partidan zehar neure buruarengan konfiantza izaten».

Finala amaitutakoan, adierazi zuen «inoiz baino txapeldunago» sentitzen zela, eta horretan zegoen atzo ere: «Ilusio eta poz hori nuen barruan. Egia esan, lehenengo txapela irabazten duzunean, apur bat kolpetik etortzen zaizu. Ez duzu espero. Gero, ordea, goian sendotzen zarenean, ez da horren erraza izaten. Exijentzia handiagoa duzu, eta zuk ere irabazi nahi duzu. Kosta egiten da. Bi urteren ondoren, berriro txapeldun naiz, eta gauza ederra da hori». Garaipenari «balio berezia» ematen diola esan zuen. Ez dago konforme, baina; anbiziotsua eta izaera lehiakorrekoa baita. «Beti ahal den gehiena lortu nahi izaten dut». Eta ibilbide luzea du horretan segitzeko, 24 urte baino ez baititu. «Lanean jarraituko dut».

Orain, binakakoa

Atsedenerako apenas denborarik gabe, Binakako Txapelketari begira jarri beharko du, ostiralean hasiko baita. «Nahi nuke nire ibilbidea amaitutakoan txapel hori ere izatea. Zaila da, baina esperantza dut lortzeko. Saiatuko gara ahalik eta txapelketa onena egiten eta bukaeraraino iristen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.