Nola ebatz daiteke ekuazioa?

Alavesen eta Osasunaren gaurko lehia estua eta parekatua izatea espero da. Bi taldeetako teknikarien azalean jarri da Jose Manuel Mateo, eta derbiaren gako posibleak aletu ditu.

Alaveseko eta Osasunako jokalariak lehian, lehen itzulian Sadarren jokatutako norgehiagokan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Taktikotzat jotzen dira neurketa batzuk. Lehia itxiak izaten dira, xake partida baten antzekoak, teknikariek ia dena izaten baitute kalkulatuta. Bada, halakoa izango da gaur Alavesek eta Osasunak jokatuko duten derbia, Jose Manuel Mateoren (Iruñea, Nafarroa, 1975) aburuz. Gertutik ezagutzen ditu bi taldeak: bietan jardun zuen jokalari eta harrobiko entrenatzaile gisa, eta Osasunaren lehen taldea zuzendu zuen 2015ean. Haren irudiz, «borroka estua» izango da gaur Mendizorrotzan, «munta handiko partida» izanik. «Denboraldia aurrera doa, eta aurkari zuzenen arteko talkek gero eta arrasto handiagoa uzten dute, bai sailkapenari dagokionez, baita aldarteari dagokionez ere. Galtzea zama astuna izan daiteke; garaipenak, berriz, hauspotu egin zaitzake».

Arbelean makina bat zirriborro eginak izango dituzte Abelardo Fernandez eta Jagoba Arrasate teknikariek, ekuazioa ebazteko formula egokiaren bila. Haien tokian jartzen saiatu da Mateo, eta lehen gakoa partidaren hastapenean topatu du. «Pentsatzen dut bi taldeak indarrez zelairatuko direla, partidaren balioaz jakitun, baina bata bestea baino hobeto hasten bada eta gol bat egiten badu, aurkariari antsietatea eragingo dio. Horrekin batera, nahi duen gidoia ezartzen has liteke».

Oso ezberdina al da, baina, batari eta besteari komeni zaion plana? Baietz uste du teknikari nafarrak: «Bi talde oso ezberdin dira jokatzeko erari dagokionez. Alaves askoz erosoago dago atzean gotortuta. Aurkariari itxarotea gustatzen zaio: hori izan daiteke bere indargunea. Osasuna, berriz, talde dinamikoagoa da, eta erritmo handiko partidak komeni zaizkio». Edonola ere, antzekotasunak ere badituzte: adibidez, ahaltsuak dira goikako jokoan. Horren harira, Mateok estrategia jokaldien garrantzia nabarmendu du: «Alavesek ongi baliatu ohi ditu faltak eta kornerrak, baina Osasuna sendoa da. Borroka handia egongo da arean».

Kontraerasoetan ere abilak dira arabarrak zein nafarrak; horregatik, Mateok «funtsezkotzat» jo du hutsunerik ez uztea defentsaren bizkarrean. Osasuna irmo ikusten du; ez, ordea, Alaves. «Halako talde batentzat nahitaezkoa da gol gutxi jasotzea, eta ez da hala izaten ari. Atentzioa eman zidan Abelardoren debutean bost gol jaso izanak Almeriaren kontra. Teknikari aldaketek hauspotu egiten dituzte maiz jokalariak, baina, kasu honetan, hauskorregi daude oraindik».

Alavesek ez baditu konpontzen defentsako arazoak eta erdilariek ez badute behar bezala laguntzen,Osasuna behin eta berriz sartuko omen da hegaletatik: «Defentsako hegalekoei igotzeko eskatzen die Jagobak. Ausartak izatea eta hondoko marrara iristea nahi du. Taldearen jokoa ez da zelai-erdian katramilatzen; horren ordez, hegaletatik sakontasuna bilatzen saiatzen da, eta areara erdiraketak egiten. Ikusi beharko da Alaves nola moldatzen den arearen defentsan».

Aurrelarien garrantzia

Gorritxoak Calleriren eta Budimirren goraldia baliatzen saiatuko dira. Alavesek ere maila handiko bi aurrelari ditu, Joselu eta Lucas Perez, baina ez daude bolada onean. Hala dio Mateok: «Askotan, aurrelarien boladaren araberakoa izaten da bi taldeek emaitza onak lortzeko duten gaitasuna. Osasuna biziki ari da eskertzen Calleriren eta Budimirren golak; idor daude, ordea, Alaveseko aurrelariak. Horregatik, irabazteko aukera gehiagorekin ikusten dut Osasuna». Aldaketen garrantziari ere erreparatu dio: «Orain bost aldaketa egonik, teknikariek hartzen dituzten erabakiek eragin handiagoa dute. Funtsezkoa da jokalari guztiengan konfiantza izatea, eta multzoaren kudeaketa ona islatzen du aldaketekin asmatzeak. Izan ere, jokalariak motibatuta badaude, zelaira konfiantzaz eta gogotsu irteten dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.