Eurokopa

Mancinik berpiztu du

Italiak irabazi du Eurokopa, finalean Ingalaterra penaltietan mendean hartuta. Beste noizbait hainbat herrialdetan jokatzearen aurka azaldu da Cefererin UEFAko presidentea

Italiako selekzioa Eurokopako garaipena ospatzen, herenegun. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hamaika herrialdetan jokatu den Eurokoparekin gozatu handia hartu dute futbolzaleek. Emozio handiko eta maila bikaineko partida ugari ikusi ahal izan dira, multzoen fasean zein kanporaketetan. Gainera, hautagai nagusi askok espero baino lehenago etxerako bidea hartu behar izanak bidea ireki die hain faborito ez ziren batzuei. Multzoen fasetik finalera, Italia izan da selekzio sendoena.

ITALIA TXAPELDUN
Beste estilo batekin


Azken Munduko Kopa jokatu gabe geratu ostean, Italia esnatu ez ezik berpiztu egin zuen Roberto Mancini entrenatzaileak. Egun, 34 partida daramatzate galdu gabe, 2018ko irailean Portugalek mendean hartu zituenetik, zehazki. Ez zeuden Eurokopa irabazteko hautagai nagusien zakuan, baina hasi eta buka, txapelketa bikaina jokatu dute, euren historiako bigarren Eurokopa irabazteko: 1968an irabazi zuten lehendabizikoa. Aurrena, multzoen faseko neurketa guztiak irabazi zituzten. Ondoren, kanporaketetan, Austria, Belgika eta Espainia menderatu zituzten. Eta, amaitzeko, finalean, Ingalaterraren aurka nagusitu ziren, Wembleyn, etxeko taldea faborito baldin bazen ere.

Betiko izaera erakutsi badu ere, jokatzeko modua, aurreko txapelketekin alderatuta, bestelakoa izan da. Catenaccio moldeari erabat uko egin ez badio ere, presioa egiteko gaitasuna, baloia edukitzeko gogoa, eta aurreko lerroko jokalarien kalitatea izan dira txapeldunen ezaugarri nabarmenenak. Txapelketako aldiren batean, behartuta zeudenean, Catenaccio moldea baliabide gisa erabili behar izan dute, eta oraindik ere horretan maisuak direla erakutsi dute. Kalitatea, gaztetasuna eta betiko sendotasuna. Horretarako dituzte Chiellini, Bonucci eta halako atzelariak.

Txapeldunordeari dagokionez, Ingalaterrak ere txapelketa bikaina jokatu du, baina, hamaikagarrenez, penaltietan huts egin du. 55 urte daramatza titulurik irabazi gabe. Azkena, 1966ko Munduko Kopa izan zen: Alemaniak 4-2 menderatu zuen Wembleyn.

LEHIA ESTUAK
Nahi adina emozio


Emozioa goitik izan du Eurokopak. Multzoen fasean ezustekorik izan ez bazen, guztiz kontrakoa gertatu da hurrengo kanporaketetan. Behin aurreneko fasea amaituta, kanporaketak eta finala kontuan hartuta, hamabost neurketa jokatu dira. Horietatik lau luzapenean erabaki dira, eta beste lau, tartean finala, penalti jaurtiketetan. Beraz, zaleek gozatzeko zein sufritzeko aukera mordoa izan dute txapelketa honetan. Aspaldiko futbol txapelketa interesgarriena izan da.

AURREIKUSPENAK
>Hautagai nagusiek kale


Eurokopa irabazteko hautagaien zerrenda egiterakoan, Frantzia jartzen zuten aditu eta zale guztiek txapelketa irabazteko faborito nagusi gisa. Etxean jokatzen zuenez, Ingalaterra ere zerrenda horretan zegoen, Belgika, Alemania, Portugal eta Kroaziarekin batera. Txapelketa aurrera joan ahala, Italia eta Herbehereak batu zitzaizkien. Baina, final-zortzirenetan etxerako bidea hartu zuten gehienek, ezustean: Frantziak, Alemaniak, Portugalek, Herbehereek eta Kroaziak ez zuten lehendabiziko kanporaketa gainditu. Izarretatik haratago, talde itxura ona eman zuten Ukrainak, Danimarkak, Suitzak eta Txekiako Errepublikak, eta haiek sailkatu ziren euren tokian. Beraz, behin lehen kanporaketa jokatuta, ezinbestekoa izan zen hautagaien zerrenda berregitea: Italia, Belgika eta Espainia, adar batean, eta Ingalaterra, bestean, bilakatu ziren faborito.

EGOITZAK
Etxekoentzako abantaila


Hamaika herrialdetan jokatu da lehendabiziko aldiz Eurokopa. Hala, selekzio askok aukera izan dute multzoen faseko eta kanporaketetako hainbat partida euren herrialdeetan jokatzeko, horrek ematen duen abantailarekin. Alde horretatik, Ingalaterrak izan du laguntzarik handiena, jokatu dituen zortzi partidetatik bakarra jokatu duelako Wembley estadiotik kanpo. Gainera, Budapesteko Puskas Arenarekin batera, Ingalaterrako zelai nagusiak izan du futbolzale gehien: 60.000 zale inguru bildu dira bertan.

Ingalaterrak bezala, Italiak, Espainiak, Herbehereek, Danimarkak eta Alemaniak ere multzoen faseko partida guztiak etxean jokatu dituzte, eta euren herrialdetan jokatu ez duten selekzio askok kilometro mordoa egin dituzte batera eta bestera. Hain zuzen ere, herrialde askotan jokatzearen harira, Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak finalaren atarian jakinarazi zuen formatua ez zitzaiola «justua» iruditzen, eta ez zuela «berriro babestuko» horrelako proposamen bat.

IZAR DISTIRATSUENAK
Donnarummarentzat MVPa


Gianluigi, eta ez Buffon, baizik eta Donnarumma, izan da Eurokopa honetako jokalari onenaren saria jaso duen jokalaria. Finalerdietan eta finalean izan diren penalti jaurtiketetan erabakigarria izan da, aurrez, txapelketan, ondo aritu eta gero. Hamaikako onena egiten hasita, atezain italiarraren aurrean 70 urteko harresia izango genuke, Bonucci eta Chiellini italiarrek osatua, Dumfries herbeheretarrarekin eta Luke Shaw edo Spinazzolarekin batera. Taldearen motorra Busquetsek, Verratik eta Damsgaardek osatu lezakete, eta gola sartzeko Chiesa, Sterling eta Kane lirateke jokalari aurreratuenak. Zernahi ere, badira aipamena merezi duten beste hainbat jokalari: Sommer, De Bruyne, Kalvin Philips, Pedri, Schick, Lukaku eta Eurokopako golegile nagusia izan den Cristiano Ronaldo, besteak beste.

COVID-19a
Kasu gutxi izan dira


Pandemia bete-betean jokatu bada ere, selekzio bakoitzak euren herrialdetan ezarritako burbuilek emaitza ona izan dute. Atzeman dira bai kasu positiboak, txapelketa aurretik zein jokoan zela, baina ez dute aparteko eraginik izan taldeen jardunean. Esaterako, txapelketaren bezperan Espainiako Busquetsek eta Suediako Kulusevskik eman zuten positibo, eta, txapelketa jokoan zela, Billy Gilmour Eskoziako erdilariaren kasua ere agertu zen. Edonola ere, selekzio batzuetako jokalariak bakartu behar izan bazituzten ere, kasu horiek ez ziren askorik zabaldu, eta selekzioek eta txapelketak bere horretan inolako arazorik gabe aurrera jarraitzeko aukera izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.