Mendekua batek, balentria besteak

Liverpoolek eta Real Madrilek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur, Parisen. Hirugarren aldiz ariko dira elkarren aurka final batean: 1981ean, Merseysideko taldeak irabazi zuen, eta 2018an, berriz, Madrilgoak.

Real Madrileko Luka Modric eta Liverpooleko James Milner lehian, 2018an Kieven jokatutako finalean. GEORGI LICOVSKI / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Loris Karius atezain alemaniarrak nekez ahaztuko du 2018ko maiatzaren 26a. Egun hartan, Liverpoolek eta Real Madrilek Kieveko olinpiar estadioan jokatu zuten Txapeldunen Ligako final handia, eta Zinedine Zidanek zuzendutako taldea 3-1eko emaitzarekin nagusitu zen, hirugarren urtez jarraian txapeldun izateko. Oraindik ere taldean dago, baina final hura izan zen Kariusen azken partida Liverpoolen elastikoa jantzita. Protagonista izan zen finalean, baina ez nahi zuen modura; izan ere, gol bat oparitu zion Karim Benzemari lehenengo, eta Gareth Baleri beste bat ondoren. Mendekua nahi du Liverpoolek, eta Real Madrilentzat, berriz, balentria handia litzateke finala irabaztea, hiru aldiz txapelketatik kanpo geratzeko zorian egon eta gero. Hamalaugarren garaikurra luke; Liverpoolek, berriz, zazpigarrena.

2018tik gauza dezente aldatu dira bi taldeetan. Zinedine Zidaneren tokian dago Carlo Ancelotti, eta Real Madrileko izarra dagoeneko ez da Cristiano Ronaldo, Benzema baizik. Keylor Navas, Sergio Ramos eta Raphael Varane ere ez daude jada. Liverpooli dagokionez, Jurgen Klopp dago oraindik ere Anfieldeko aulkian, baina Merseysideko taldeak nabarmen egin du hobera ordutik hona. «2018koa baino final orekatuagoa espero dut, Liverpoolek aurrerapauso nabarmena eman baitu azken urteetan. Final hartan, Mohamed Salahk berehalahartu zuen min, eta Alisson Becker atezainaren eta Thiago Alcantararen gisako piezak gehitu dizkiote orain taldeari». Damia Abella (Olot, Herrialde Katalanak, 1982) Osasunako jokalari ohi eta egun Watfordeko teknikari taldeko entrenatzailearen hausnarketa da.

Gaur jokatuko da finala, Pariseko Stade de France futbol zelaian. San Petersburgon jokatzekoa zen, baina UEFAk, zigor moduan, Errusiari egoitza kentzea erabaki zuen. Bi taldeen denboraldiak aztertuta, ez da bi entrenatzaileen partetik sorpresa handirik espero arlo taktikoan zein hamaikakoan. «Real Madrilek aurrean ez du presio egiten. Gainera, jakinda Liverpoolek aurreko lerroan abiadura handia duela, litekeena da Ancelottik ohi baino zertxobait atzerago kokatzea blokea. Argi daukadana da ez batak ez besteak ez diola uko egingo bere jokatzeko moduari».

Liverpool hasiera-hasieratik «arriskatzera» aterako dela uste du Abellak, eta Real Madrilek zertxobait «espekulatu» dezake, hala emaitza hobeak izan dituelako. «Kloppen Liverpoolen DNAn dago arriskatzea. Presio aurreratu eta oldarkorraren bitartez aurkaria estutzen ahaleginduko da». Gehiago itxarongo du Madrilgo taldeak, eta, beraz, baloi jabetza luze eta erdiraketen bitartez egin beharko dio Liverpoolek min. «Bi erregistroak bikain menperatzen dituzte. Erdiraketa asko egiten dituen talde bat da. Ez du aurrelari petorik, baina Diogo Jota errematatzaile bikaina da, eta Mane ere ez da gaizki moldatzen. Dena den, Real Madrilek area ondo defendatu ohi du, eta Thibaut Courtois atezaina aparta da goiko joko horretan».

Zentzuarekin bada, Liverpoolek tarteka luze ere jokatzen du. «Ez zaio inporta jabetza bat edo beste galtzea, baloia berehala eta oso aurrean berreskuratzeko ondo kokatuta dagoelako. Intentsitate handiko esfortzuak etengabe errepikatzeko prestatuta dagoen talde bat da». Zernahi ere, batzuetan, «gehiegi» arriskatzen du prestatzaile alemaniarraren taldeak. «Ez zaie inporta atzealdean bi biren aurka edo hiru hiruren aurka uztea. Eroso sentitzen dira egoera horietan. Virgil van Dijkengan eta jokatzen duen beste zentralarengan konfiantza handia dute. Beraz, Real Madrilek kontraeraso argi pare bat izango ditu gutxienez».

Thiagoren zain

Aipatu moduan, bi entrenatzaileen hamaikakoek ere nahiko argiak dirudite. Konate edo Matip izan daiteke zalantza bakarra Liverpoolen. «Eta ikusiko dugu Thiago jokatzeko dagoen. Baloi jabetzaren bitartez min egiteko, Thiago funtsezkoa da. Gainontzean, uste dut Luis Diaz titular izango dela; ikaragarria da kolonbiarra zeinen ondo eta azkar egokitu den». Valverde edo Rodrygo, horixe zalantza bakarra Ancelottiren hamaikakoan. «Nik uste Valverde jarriko duela. Momenturen batean partida hautsiago bat komeni bazaio, Rodrygo horretarako izango du».

Taktika ahaztu gabe, ezin albo batera utzi Txapeldunen Liga honetan Real Madrilek izan duen fedea. Kanporaketa guztietan hanka eta erdi kanpoan izan du, baina beti izan da gai egoerari buelta emateko: PSG, Chelsea eta Manchester City kanporatu ditu horrela. «Izugarria da horretarako duten gaitasuna. Inbidia ematen du. Jokalari berberekin minutu bateko tartean hain talde ezberdina ikustea ikaragarria da».

Kontuak kontu, Liverpool «talde hobea» iruditzen zaio Abellari, baina, bi taldeek duten jokatzeko moduagatik, Real Madrilek min egin diezaiokeela uste du. «Partida handia espero dut». Mendeku gosea, muturreko fedearen aurka.

LIVERPOOL-REAL MADRIL
Liverpool. Alisson; Arnold, Van Dijk, Konate, Robertson; Fabinho, Henderson, Thiago; Salah, Luis Diaz eta Mane.
Real Madril. Courtois; Carvajal, Militao, Alaba, Mendy; Casemiro, Modric, Kross, Valverde; Vinicius eta Benzema.
Epailea. Clement Turpin.
Lekua. Stade de France.
Ordua. 21:00 (Movistar, La1, TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.