Talka egiteko prest

Alavesek azken partidetako ildoari eutsi nahi dio gaur, Granadaren zelaian. Espainiarrak lider jarri ziren orain dela sei partida, baina puntu bakarra batu dute ordutik. Duarte eta Sainz zigortuta daude

enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Denboraldiko garairik gozoenean dago Alaves. Neurria hartu dio Asier Garitanoren planari, eta, hala, oso itxura lehiakorra eman du azken neurketetan. Orekatu egin da taldearen jokoa, sendotasuna eta zorroztasuna uztartuta. Horrek guztiak, normala den bezala, eragin zuzena izan du emaitzetan: jokoan izandako azken bederatzi puntuetatik sei bildu ditu Arabako taldeak, Valladolidi eta Eibarri jarraian irabazita. Iragan jardunaldian, esku hutsik gelditu zen Real Madrilen kontra, baina onbidetik atera gabe. Izan ere, parez pare lehiatu zen Zinedine Zidaneren taldearekin, eta gutxienez puntu bat urratzea merezi izan zuen. Hori horrela, konfiantzaz beteta iritsiko da gaur arratsaldean Granadaren zelaian jokatuko duen partidara.

Edo beste modu batera esanda, talka egiteko prest dago Alaves. Neurketa itxiak eta fisikoak planteatu ohi ditu Diego Martinezen taldeak, eta gidoi hori oso deserosoa izaten da aurkari askorentzat. Arabarrek, ostera, ez dute zertan kikildu. Finean, haiek ere espezialistak dira diziplina taktikoan eta borrokan oinarritutako jokoan. Gainera, dagoeneko ez daude presiopean bisitari gisa, Eibarren aurka etxetik kanpoko lehen garaipena lortu eta gero. Ordura arte puntu bakarra zuten lortua Gasteiztik urrun, baina suspertu egin ziren Ipuruan, eta gaur, erreakzioari segida ematen ahaleginduko dira.

Aurkari zuzenen kontra lortutako emaitzen bermea ere badu Asier Garitanoren taldeak. Orain arte, Levante, Mallorca, Celta, Valladolid, Eibar, Espanyol eta Osasunaren aurka jokatu du; bada, aurreneko laurei irabazi egin die, eta soilik gorritxoen aurka gelditu da esku hutsik. Alegia, oso fidagarria ari da izaten jaisteko postuei begira dauden taldeen aurka. Orain dela gutxi Granada ez zegoen tropel horretan, baina azken bost partidek errealitatera itzularazi dute. Puntu bakarra batu du, eta hala, lehen postutik hamargarrenera erori da. Irmoki defendatzeko gaitasuna da espainiarren bertute nagusia, baina galdu egin dute Betisi 1-0 irabazi ziotenetik: hamar gol jaso dituzte, hau da, bi partidako. Ondorioz, behera egin dute ezinbestean.

Zernahi ere, hobe du kontuz ibili Alavesek, inoiz ez baita ondo moldatu Los Carmenes estadioan. Sei aldiz jokatu du bertan, eta behin baino ez du irabazi; 1976-1977ko denboraldian izan zen, Espainiako Bigarren Mailan. Orduz geroztik, partida bat berdindu eta lau galdu ditu. Azkenekoz 2016-2017ko denboraldian aritu zen Granadaren zelaian, Lehen Mailan, eta 2-1 galdu. Orduko hartan, Espainiako taldean ziharduen Wakaso Mubarakek, eta harena izan zen partidako lehen gola.

Ziurrenik, datu horiek ez diote kezka handirik eragingo Garitanori. Gehiago arduratuko du Ruben Duartek ez jokatzeak. Ezker hegalekoa funtsezkoa da teknikari gipuzkoarrarentzat, gehien jokatu duen jokalaria izaki1.260 minutuz orotara. Gaur, aldiz, ez da ariko, Real Madrilen aurka bosgarren txartel horia ikusi eta gero. Haren ordezko logikoa Adrian Martin litzateke, hegaleko petoa izanik, baina ez dauka Garitanoren konfiantza hiru lehia baino ez ditu jokatu. Horiek hala, Ximo Navarro erditik ezkerrera mugitzea litzateke beste aukera. Hori horrela balitz, Elyk hamaikakora itzuli eta Laguardiaren aldamenean jokatzeko aukera izan lezake. Sasoi hasieran bikote hori finkatu zen defentsako erdigunean, harik eta brasildarrak min hartu zuen arte.

Duarterekin batera, Borja Sainz ere zigortuta dago, bigarren taldearekin ziharduela egotzia izan ondoren. Guidetti ere ez da ariko; aurrelari suediarraren kasuan, osasun arazoen ondorioz.

Loreak batak besteari

Granadaren aldetik, berriz, min hartuta daude Montoro, Fede Vico, Neyder Lozano eta German. Hala, ezingo diote suspertzen lagundu Diego Martinezen taldeari. Espainiarrek inertzia arriskutsua hartu dute emaitza aldetik, baina Garitanoren ustetan, joko aldetik «erregularrak» dira oraindik ere. «Baloia ondo ateratzen dute atzetik, ahaltsuak dira joko zuzenean, eta estrategiarako, baloia ondo jotzen eta errematatzen duen jendea daukate». Horrekin batera, ideiak «garbi» dituztela eta non estutu «ondo» dakitela ohartarazi zuen atzoko prentsaurrekoan. «Segida ari zaie ematen Bigarren Mailan egin zutenari, eta, modu horretan, emaitza onak ari dira lortzen Lehen Mailan. Aurkari indartsua da», gaineratu zuen.

Hortaz, elkar laudatu zuten bi entrenatzaileek, Martinezek Alaves «eredutzat» jo ondotik. Prestatzaile galiziarraren hitzetan, «oso erreferentzia ona» da Arabako taldea, Lehen Mailan «egonkortu»den heinean.«Urteek aurrera egin ahala guk haien antza hartzea nahiko nuke» adierazi zuen.

Garitanok loreak itzuli zizkion atzo Martinezi, eta, horrez gain, Gasteizko taldearen garapena ere aztertu zuen. Haren irudiz, jokalariek jada barneratu dituzte 4-4-2ko eskemaren ezaugarriak. «Aurrean bi jokalarirekin aritzeko, lan handia egin beharra geneukan, eta dagoeneko egokitu gara sistema horretara. Jokalariek ulertu egin dute guk eskatutakoa, eta hori oinarrizkoa da».

GRANADA-ALAVES

Granada. Rui Silva; Victor Diaz, Duarte, Jose Antonio Martinez, Quini; Herrera, Gonalons, Puertas, Carlos Fernandez, Machis; eta Soldado.

Alaves. Pacheco; Martin, Ximo, Laguardia, Adrian Marin; Aleix Vidal, Wakaso, Pina, Luis Rioja; Joselu eta Lucas Perez.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. Los Carmenes (19.336 ikusle).

Ordua. 16:00etan (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.