Kontzientziari segituz heldu da

Emma Hayesek Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu du Chelsea, estreinako aldiz. 2009az geroztik, final bat entrenatzaile nagusi postuan bizi izango duen lehen andrea da.

Emma Hayes Chelseako entrenatzailea, Svenja Huth Wolfsburgeko kapitaina agurtzen, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako itzulikoan. SZILARD KOSZTICSAK / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Chelseak bihar jokatuko du Txapeldunen Ligako finala, lehendabiziko aldiz, eta Emma Hayesen (Londres, 1976) aginduetara jokatuko du. Orain bederatzi sasoi hartu zuen urdinak prestatzeko ardura, eta ordutik koskaz koska goratu du taldea, harik eta bere historiako garairik garrantzitsuenaren atariraino eraman duen arte. Bide horretan, makina bat garaikur eskuratu ditu Chelseak, Hayes teknikari duela: 2014az geroztik, Ingalaterrako lau liga, bi kopa eta ligako hiru kopa irabazi ditu. Aurten lortu du laugarren liga, eta, gisa horretara, klubik loriatsuena bilakatu da.

Hargatik, haserre mintzatu zen otsail hasieran, haren izena gizonezkoen Hirugarren Mailako Wimbledon taldearekin lotu zutenean. «Adarra jotzen ari al zarete?», galdetu zuen prentsa aretoan. Hayesek uko egin zion Wimbledonen aukerari, eta honela adierazi zuen: «Emakumeen futbolean segitzea erabaki izana atzerapauso gisa ulertzea iseka egitea da. Zeresanik ez dituen sakrifizio eta konpromiso mailak kontuan izanda. Horrek atsekabetu nau, ez gizonezkoen talde batekin lotzeak».

Chelsean segitzea hobetsi zuen Hayesek, eta erabaki haren ostean heldu da Txapeldunen Ligako finalerako sailkatzea. Ingelesek estreinako aldiz jokatuko dute bihar Suedian, Goterborgen (21:00, Gol eta Dazn), Bartzelonaren kontra, eta lehen aldia izango da Hayesentzat ere. 2009tik aulkian eseriko den lehen emakumezko entrenatzaile nagusia da.

Aurreko aldian, Duisburgeko teknikari Martina Voss izan zen bide urratzailea —Alemaniako selekzioko hautatzailea da egun—, andrazkoen futbolak oihartzun apalagoa zuenean.

Kontzientziak hala agintzen ziolako heldu da Hayes final horretara. Hala erantzun zion kazetari bati, Wimbledonek bera fitxatzeko egokierarik ba ote zuen galdetuta: «Argiro esanda, ez. Ni Chelseako entrenatzailea naiz. Mundu mailako jokalari onentsuenak entrenatzen ditut: Fran Kirby, Pernille Harder, Beth England, Magda Eriksson, Millie Bright, Maren Mjelde... Gehiago ere baditut. Emakumezkoen futbola ez dago ezeren azpitik».

Bere jokalariak goraipatu ohi ditu Hayesek, eta horretarako arrazoia eman diete futbolariek. Ez alferrik, nagusitasun handia erakutsi baitute zelaian. Chelseak ligako 33 partida osatu zituen alerik galdu gabe, Brightonen aurka galdu zuen arte. Ingalaterrako marka ezarri zuen hala. Sartutako eta jasotako golen arteko aldeari dagokionez ere, inoizko kopururik onenak bildu ditu: sartutakoak 59 gehiago izan dira. Joan zen asteburuan irabazi zuen laugarren liga, azken jardunaldian Readingi irabazita (5-0).

Proiektu sendoa osatuta

Emaitza bikainak bildu izana, ordea, ez da harritzekoa. Chelsearen jabe Roman Abramovitxek bikoiztu egin du talde horretara bideratutako diru kopurua. Jabier Izquierdo kazetari hondarribiarrak eman du horren berri, kirolaren ertz ekonomikoak aletzen dituen 2Playbook agerkari digitalean: 2016-2017ko sasoian, Chelseak 2,5 milioi euro gastatu zituen taldean; joan zen sasoian, aldiz, 5,6 milioi. Profesionalizazio prozesua agerian uzten du langile kopuruak ere: 2017an 34 lagun aritu ziren emakumezkoen taldean. 54 ziren urtebete geroago.

Abramovitxen bultzada are argigarriagoa da soldatei erreparatuz gero: Chelseak 5,7 milioi euro bideratu zituen iaz jokalarien soldatak ordaintzeko, eta inoizko fitxaketarik garestiena egin zuen: 350.000 euro ordaindu zituen Harder aurrelari danimarkarrarengatik.

Bat edo beste, lehen koroa

Inbertsio hori jauzi bat egiteko baliatu nahi du Chelseak, eta, gaur-gaurkoz, Txapeldunen Liga da kluben mailako garaikur nagusia. Bartzelona izango du arerio, sari hori lehen aldiz irabazi nahian. Kataluniako taldeak bere bigarren finala jokatuko du; 2019an, 4-1 galdu zuen Olympique Lyonen kontra.

Bi taldeak garai bikainean helduko dira finalera. Bartzelonak bi partida soilik galdu ditu sasoi honetan; Atletico Madrilen aurkako Espainiako Superkopako finala, eta Manchester Cityren kontrako final-laurdenetako itzuliko neurketa.

Chelseak, berriz, Brightonen aurkakoaz gain, Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoa soilik galdu du, Bayern Munich arerio zuela. Itzulikoan alemaniarrak astinduta heldu da finalera, eta irabaztea beste xederik ez du. Chelsea da gailentzeko hautagai nagusia, nahiz Bartzelonak ere garaitu nahi duen. Ingelesek lortzen badute, Hayes oroituko da otsaileko agerraldi hartaz. Irribarre batekin. Hautu ona egin izanaren jakitun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.