Izaera sendotzeko itzuli bat

Espainiako Vueltako zortzi etapa mendateetan bukatuko dira 2020an: horien artean daude Tourmalet, Angliru eta aurrez igo gabeko bi gain. Euskal Herrian izango dira hiru etapa

Pedro Delgado eta Miguel Indurain txirrindulari ohiak eta Carlos de Andres kazetaria, atzo, Espainiako Vueltaren aurkezpenean, Madrilen. JAVIER LOPEZ / EFE.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun

Frantziako Tourraren eta Italiako Giroaren itzalean, bere burua etengabe berrasmatu behar izan du Espainiako Vueltak, nortasun bereizgarri baten bila: 1995ean, data aldatu zuen; 2010ean, liderraren maillotaren kolorea; eta ibilbideetan etengabe egin ditu berrikuntzak —inoiz igo ez diren mendateak, etapa laburren aldeko apustua, erlojupeko kilometro gutxi, helmuga ugari maldan goiti...—. Izaera hori finkatzeko bertze pauso bat emanen du hurrengo urteko ibilbidearekin, zortzi etapa bukatuko baitira mendateetan, horietako hiru itzulian inoiz igo gabeak, eta bakarrak izanen ditu 200 kilometro baino gehiago. Gainera, azkeneko urteetan bezala, Euskal Herrian korrituko dituzte kilometro dezente: hiru etapa Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban.

 

Atzo aurkeztu zuten 75. Vueltaren ibilbidea, Madrilen. Abuztuaren 14an hasiko dute itzulia, eta irailaren 6an bukatu, Madrilgo ohiko azken etaparekin. Berezitasun anitz izanen ditu, hasieratik bertatik. Herbehereetatik aterako dira txirrindulariak, historian bigarren aldiz; Assen hirian hasi zuten 2009an, eta Utrechten hasiko dute 2020an, 23 kilometroko taldekako erlojupeko batekin. Lehenbiziko hiru etapak korrituko dituzte Herbehereetan, XVI. eta XVII. mendeetan Probintzia Batuen eta Espainiako armadaren arteko gerra leku izan ziren hirietan eta parajeetan barna.

Lehenbiziko atseden egunaren ondoren, Iberiar penintsulako lehenbiziko etapa Euskal Herrian korrituko dute. Aurtengo bertze berezitasunetako bat da ez dutela etaparik korrituko Madrildik hegoaldera dauden lurraldeetan, ezta Herrialde Katalanetan ere. Laugarren etapa hori Irunen hasiko dute, eta, Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera gurutzatuta, Arrateko gainean bukatuko dute. Herbehereetako etapa lauen ondotik, ehiztarientzako egun aproposa izanen da, baita faboritoren batek Arraten goiti indarrak neurtu edo segundo batzuk ebatsi nahi baditu ere. Azkenekoz 2012an bukatu zen Vueltako etapa bat Arraten —Alejandro Valverdek irabazi zuen—.

Aralartik Lekunberrira

Hurrengo egunean, berriz, Nafarroan izanen dute etapa osoa: Iruñetik atera, eta Lekunberrin bukatu. Aralarko gainetik zuzenean jaitsiko dira helmugara; beraz, faboritoek eraso egiteko etapa egokia izanen da. Seigarrenean Lodosatik (Nafarroa) aterako da tropela, Errioxarantz. Hamargarrenean itzuliko da Euskal Herrira, Araban jokatuko duten etapan: 160 kilometro, Gasteizen eta Gaubearen artean. 1994 eta 2011 artean Vueltak ez zuen ez helmugarik, ez irteerarik antolatu Euskal Herrian; 2011z geroztik, ordea, urtero egin du bat gutxienez, 2013an izan ezik.

Lodosako eta Gasteizko irteeren arteko egunetan bi etapa garrantzitsu eginen dituzte txirrindulariek. Seigarrena Laguna Negran bukatuko da, Vueltan inoiz igo gabeko mendate batean. 7,8 kilometro ditu, eta %5,6ko batezbertzekoa. Bederatzigarrena, berriz, Frantziako Tourmalet mendate mitikoan bukatuko da, aitzinetik Aubisque igo ondoren. Vueltan birritan igo dute Tourmalet —1992an eta 1995ean—, baina ez da inoiz helmuga izan. Frantziako Tourrean soilik hiru aldiz izan da helmuga —azkenekoz, aurten, eta Thibaut Pinotek irabazi zuen—.

Frantziako etaparen ondoren, bigarren atseden eguna hartuko dute txirrindulariek, eta, Euskal Herriko azken etapa jokatu ondoren, 11.ean inoiz igo gabeko bertze mendate batean izanen dute helmuga: Moncalvillon —11,5 kilometro eta %8,5eko batezbertzekoa—. Hirugarren atseden egunaren bueltan egonen da segur aski itzuliaren gakoa: 14. eta 15. etapak Asturiasko La Farrapona eta Angliru mendate mitikoetan bukatuko dira, eta 16.a, atseden egunaren hurrengoa, Galiziako Ezaro mendirako kronoigoera bat izanen da —bakarkako erlojupeko bakarra 2020ko itzulian—.

La Covatilla, azken aukera

Horren ondoren, azken bortz etapetatik hiru Galizian eta Portugalen korrituko dituzte; horietako bat izanen da itzuliko luzeena —205,5 kilometro, Lugo eta Ourense artean—. Faboritoek azken-aurreko etapan izanen dute lehiarako azken aukera, La Covatillako eski estazioan bukatuko den etapan. Hogei taldek bermatua dute parte hartzea; bertze bi gonbidatuko dituzte, eta hori lortzeko lehiatuko dira denboraldi hasieratik Caja Rural eta Euskadi Fundazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.