Helburuari eutsi diote gazteek

San Pedro ondo ibili da neguko jaitsieretan, eta ilusioz dago KAE 1 ligan lehiatzeko. Iaz Eusko Label ligan aritu zen taldetik, gazteak dira segitzen duten ia denak.

San Pedro aurtengo Orioko Traineru Jaitsieran. Bederatzigarren izan zen Libia trainerua. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
San Pedro argi pixka bat ikusten hasia zegoen iaz garai honetan. Hilabete gutxi batzuk lehenago, ilunpetan egon zen, ez zuelakoan osatuko Eusko Label ligan lehiatzeko moduko talde bat. 2018ko udazken horretan, laino beltzen artean eguzkia eraman zuen proposamen batek arraun elkarte mitikora: «Zergatik ez dugu etxeko gazteen aldeko aukera egiten, eta, jaisten bagara ere, gazte horiekin jarraituko dugu etorkizuneko egitasmoa sortzen». Hilabete batzuen buruan, behera joan zen Libia traineru mitikoa, baina etxeko arraunlari gazteek aurreneko eskarmentualdia jaso zuten. Egina zuen arraun elkarteak egitasmo berriaren lehen urratsa.

Bigarrengoa, agian, aurrenekoa baino zailagoa zen: maila nagusia galtzeak dakarren ilusio galerari gaina hartzen ez uztea eta iazko gazteei eta taldearen zati handi bati eustea. Iazko udazkenean, lan hori ondo egin zuten denen artean, eta Mikel Arostegi (Orio, Gipuzkoa, 1984) entrenatzaileak zehaztu du kopurutan lan horrek emandakoa: «Iazko taldearen %80k jarraitzen dute, eta utzi dutenak iazko beteranoak dira gehienbat». Gazteekin Libia betetzeko egitasmoa beste urrats bat egiteko pronto jarri zen udazkenean, eta arraunlari gazteek ondo baino hobeto eutsi diote helburuari. Ikusi besterik ez dago Arostegiren kuadrillak ateratako emaitza onak neguko jaitsieretan.

Entrenatzailea pozik da egindakoarekin: «Emaitza onak atera zaizkigu neguko estropada horietan, eta ilusioa daukagu, nahiz eta badakigun estropada horiek ez dutela dena esan nahi». Zalantza hori hilabete batzuk geroago argituko da, argitzen bada. Duda uxatzen duena beste baieztapen hau da, taldearen eta klubaren osaketari dagokiona: beharrezkoak dira arraunlari gazteak eta etxekoak. «Talde batek maila galtzen duenean, gure kasuan bezala, arraunlariak desanimatu egiten dira , eta arriskua egoten da dena bertan behera uzteko. Gurean, gazteek jarraitu egin dute; arraunerako ilusio handia dute, eta horrek asko ematen dio taldeari». Arostegiri gertutasun ariketa ederra antzematen zaio hitz horietan, eta iazko lan mardula ez da aparte ibiliko horretan: «Oraindik zaildu gabeko arraunlariak dira, eta iaz Eusko Label ligan aritu behar izan zuten KAE 2tik zuzenean igota. Liga nagusian sekulakoa da maila, eta handia tentsioa, eta gazte hauentzat sekulako jauzia da azpiko ligetatik handienera pasatzea hain denbora gutxian». Entrenatzaileak garbi dauka KAE 1 liga egokiagoa egingo zaiela haziz joateko berezko pausoak emateko: «Ondo etorriko zaie gogortzen segitzeko».

Ez du esan nahi, baina, bigarren maila horretan lasai ibiltzeko eran izango direnik, ezta gutxiago ere. Nahikoa kontrario ikusi ditu neguko jaitsieretan: «Pedreña dabil sendoen eta indartsuen. Deustu ere ondo aritu da, eta ez ahaztu Getariarekin. Arkotek ere lan onak egin ditu, eta San Juan ere gai da gu pasatzeko».

Lehiarekin zer gertatuko

San Pedroko arraunlariak ere etxean ari dira entrenatzen, beste guztiak bezala, eta Arostegi bera da horietako bat, arraunean ere egiten baitu entrenatzaile izateaz gain. Lehiarekin zer gertatuko den zalantzarekin bizi dela dio: «Batzuetan pentsatzen dut udan estropadak jokatzeko moduan izango garela, baina beste zenbaitetan, ez». Esan du kezka horrek ez duela laguntza handirik ematen egunero etxe barruan entrenatzeko: «Baina, tira, talde guztiak gaude egoera beretsuan, eta segitu egin behar dugu lanean; pazientziaz hartu, eta segitu». Ez dago arraunlarien gainean, egunero zer egingo eta zer ez, badakielako «zintzo entrenatzen ari direla». Kasu egiten die tarteka: «Ni neu ere arraunlari izanda, badakit zer pentsatzen eta sentitzen ari diren egoera honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.