Gauza gehiegi ditu airean

Eibar egoera berezian dago: sailkapenean estu da, kirol arduradun nagusien kontratu luzatzeetan ez dago ezer, eta zazpi jokalariri hilarekin amaitzen zaie hitzarmena.

Ipuruako harmaila bat berritzeko lanak, iazko maiatz amaieran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Egoera berezian ekingo dio lehiaketari Eibarrek datorren igandean, Real Madrilen kirol hirian (19:30). Eta ez da beste talde guztiak bezala COVID-19aren krisiaren eraginez geldirik egon delako, entrenatu ezinda, duela aste batzuk arte. Lehen taldea eraikin gisa hartzen bada, liga amaiera honetako berreraikuntza egiteko ez du ematen etxeko lanak eginda azalduko denik. Ziurgabetasun handiegia ez ote duen, gauza asko airean.

Lehenik eta behin, sailkapenaren kezka zitala dago. Azken-bosgarren da Eibar, eta bi puntura du zuloa, Bigarren Maila, Mallorca dagoen lekua; puntu bakarrera du orain salbu legokeen Celta; eta azken-aurrekoa den Leganesi lau puntu ateratzen dizkio, eta zazpi azkenari, Espanyoli. 11 partida geratzen zaizkio, eta, aurkarien izenei begiratuta, ikara ere ematen du: Real Madril, Athletic, Getafe, Valentzia eta Sevilla jarriko zaizkio, besteak beste, parean. Aurkari zuzenak dituen Leganes, Espanyol eta Valladolid —bi puntu goitik du— ere izango ditu kontrario. Aldez aurretik ikusita, eta lehiaketa ohiko eran jokatu ez dela kontuan izanda betiere, lan zailak ditu Eibarrek mailari eusteko. Datorren denboraldian Lehen Mailan edo Bigarrengoan ariko den ez dago inola ere lotuta.

Aurreko sasoiekin alderatuta, horretan ere ezberdina izango da liga honen amaiera armaginentzat. Orain arte, helburu nagusia ia lotuta heldu izan da akaberara aurreko denboraldietan; bai, behintzat, Jose Luis Mendilibarrek taldea zuzentzen duenetik, 2015-2016ko denboralditik. Aurreko aldietako egoera berean, beste kontu batzuetan dago: Jose Luis Mendilibarrek eta Fran Garagarza kirol zuzendariak ez dute kontraturik ekainaren 30etik aurrera. Ez da kontu berria. Iaz, esaterako, entrenatzailearen kontratu berritzea maiatzeko azkeneko astean gauzatu zen, eta kirol zuzendariarena uztailaren 9an jakinarazi zuen klubak. Baina iraganarekiko aldea da taldeak ez dituela etxeko lanak eginda, eta horrek gauzak baldintza ditzake erabaki bat edo bestea hartzerakoan.

Dena dela, administrazio kontseiluak esana du Mendilibar eta Garagarza ezinbesteko direla kirol arloan, baina, oraingoz, ez dute eskaintzarik jaso, klubak badakielako biek ez diotela gaiari helduko sasoia amaitu arte. Hala ere, Garagarza ari da datorren sasoia prestatzen. Jon Ander Ulazia zuzendari nagusiak esan du biak ondo ari direla eguneroko lanean, jarraitu egingo balute bezala, eta sendotasunez baieztatu du bien kasuan albisteak egongo direla sasoia amaitzearekin batera.

Zazpi jokalariren zalantza

Mendilibarren kasuan, gainera, kontratuarenak badu kontu berezirik. Izan ere, ekainaren 30etik aurrera ere liga izango denez, uztailaren 19ra arte behintzat berritu egin behar zuen, eta hark eta haren laguntzaileek luzapena gauzatuta daukate. Horretan ez dela arazorik izan esan berri du Zaldibarko entrenatzaileak aste honetan bertan, Espainiako irrati kate bati eman dion elkarrizketan.

Gai horrekin lotuta dago lehen taldearekin lotura duen beste kontu ziurgabe bat: kontratua ekainarekin batera amaitzen zaien jokalariak. Zazpi daude egoera horretan: Orellana, Pedro Leon, Ramis, De Blasis, Escalante, Charles eta Cristoforo; azken hori Fiorentinak utzita dago, baina Eibarrek erosteko aukera du. Denei egin zaie eskaintza uztailaren 19ra arte jarraitzeko, baina ez du ematen erantzuna bat eta bakarra izango denik denen kasuan. Orellanak, esaterako, mezu argigarria utzi zuen sare sozial batean aurreko astean, iradokiz ekainaren 30etik aurrera ez duela jarraituko Eibarren. Escalanteren kasua ere tentuz hartzekoa da, bai baitu taldea datorren sasoirako: Italiako Lazio. Ikusi egin beharko da zer erabaki hartzen duen euskarri argentinarrak liga amaiera honetarako. Klubak egina die eskaintza jarraitzeko, eta laster beharko lukete erantzunek, jokalariek ez badaukate ere muga bat erantzuteko.

Mendilibarrek asteon eman duen elkarrizketa horretan, jokalari horien egoeraz ere jardun zuen: «Ezin ditugu behartu jarraitzera. Ez badute nahi, ez dute nahi, eta agian badaukagu baten bat nahi ez duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.