Covadongan, Arraten bezala

Garaipen epikoa lortuta, Roglicek ia erabakita utzi du Vuelta. Azken-aurreko mendatean ihes egin du, Bernali segika, eta bere legea ezarri du Covadongan. 1.35 atera die aurkariei

Primoz Roglic, atzo, Covadongako aintziretan lortutako garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Nork zioen Primoz Roglic (Jumbo) txirrindulari hotzegia zela? Esloveniarra kalkulatzailetzat jo izan dute maiz, baina, azkenaldian, epikaren bidetik lortu du arrakasta. Hala irabazi zuen aurtengo Euskal Herriko Itzulia, Arratera bidean lasterketa iraulita. Azkeneraino itxaron ordez, hordagoa urrutitik jotzea erabaki zuen orduan. Baita atzo ere, Espainiako Vueltako hamazazpigarren etapan. Covadongako aintziretako igoera mitikoan ez, helmugarako 60 kilometroren faltan piztu zuen sua, Egan Bernalen (Ineosen) erasoari ihardetsiz. Kolonbiarrak gutxi zuen galtzeko, baina, kukuak oker joz gero, Roglicek larrutik ordain zezakeen. Ez zen hala izan, eta Bernalekin bidea egin ondoren, balentria biribildu zuen Covadongan: etapa irabazi, eta liderraren maillota kendu zion Odd Christian Eikingi (Wanty). Oker handirik ezean, gorriz jantzita iritsiko da bukaerako podiumera.

Aurtengo Vueltako etaparik gogorrenetako bat zen atzokoa: lehen mailako hiru igoera gainditu behar zituzten elkarren segidan. La Collada Llomena birritan igaro zuten, eta, aurreneko igoeran, ihes egiten saiatu ziren txirrindulari ugari; besteak beste, Mikel Landa (Bahrain), Ion Izagirre (Astana) eta Mikel Nieve (Bike Exchange). Alabaina, saiakera guztiak ezerezean utzi zituen tropelak hurrengo igoerara bidean. Ineos taldeak erritmo bizia jarri zuen maldan gora, Thomas Pidcocken eta Pavel Sivakoven eskutik. Abiada aldaketa handiegia izan zen Eikingentzat, eta onenen multzoak ihes egin zion, lidergoak bezalaxe. Harro egon daiteke norvegiarra, zazpi egunez izan baita sailkapen nagusiko lehena.

Bernalen erasoa berandu gabe iritsi zen. Helmugarako 60 kilometro luze gelditzen ziren oraindik; kolonbiarra, baina, atzera begiratu gabe abiatu zen. Roglicek berak ihardetsi zion, taldearen abarotik aterata. Tropelean irautea zatekeen apusturik seguruena esloveniarrarentzat. Aldamenean zituen arerio nagusiak: Enric Mas eta Miguel Angel Lopez (Movistar), eta Jack Haig (Bahrain). Bernal, berriz, nahiko urruti zuen nagusian. Alabaina, lasterketa apurtzeko hautu ausarta egin zuen. Kale edo bale. Lopez apur bat geroago irten zen, Movistar ez zedin gelditu jokoz kanpo. Berandu zen, ordea. Ez zen gai izan zuloa ixteko. Aurreko bikotea 40 segundoko aldearekin iritsi zen mendate gainera.

Eguraldiak ere kutsu epikoa eman zion etapari. Euria gogotik ari zuen, eta, ondorioz, biderkatu egin zen maldan behera hankaz gora joateko arriskua. Zernahi ere, ziztu batean jaitsi ziren Bernal eta Roglic, eta joari eutsi zioten Covadongako igoeraren aurretik zegoen ordeka luzean. Errenta bi minututik gorakoa ere izan zen batzuetan, baina 1.30era jaitsi zen gero, Bahrain taldearen lanari esker. Bernal eta Roglic alde horrekin iritsi ziren azken mendatearen magalera. Kolonbiarrak ordaindu egin zuen aurrez egindako ahalegina. Geroz eta nekezagoa zitzaion Roglicen gurpilari eustea, eta amore eman zuen 7,5 kilometro falta zirenean. Roglicek, berriz, indarrez eta erabakimen handiz jo zuen helmugarantz. Erakustaldi gogoangarria egiten ari zen. Erasoak izan ziren atzean, baina ez zuten lortu esloveniarrari denbora kentzea: 1.35era iritsi ziren Covadongako aintziretako helmugara. Sepp Kussek irabazi zuen bigarren postua lortzeko esprinta, eta Jumbo taldearen nagusitasuna berretsi. Lopez izan zen hirugarren. Landak ez zuen etapa bukatu.

Alde handiak nagusian

Roglicek kolpe handia eman zuen mahai gainean: 2.22ra du orain Mas, 3.11ra Lopez, eta 3.46ra Haig. Bernal harrapatu egin zuten beste liderrek. Beraz, apenas atera zuen etekinik; seigarren dago nagusian, 4.29ra. Edonola ere, kolonbiarrak ez du zertan damutu, zuen guztia utzi baitzuen errepidean. Movistar taldeari, ordea, gehiago egin ez izanaren arantza geldituko zaio. Bete-betean sartuta zeuden irabazteko lehian, baina kale egin zuten lasterketa erabaki zen momentuan.

Ziklistek jipoi handia hartu zuten atzo, baina gaur ezingo dute atsedenik hartu. Izan ere, Gamoniteiru bortitzean bukatuko da etapa. 14,6 kilometro ditu, eta %9,8ko pendiza; zerbaitegatik da maila bereziko mendatea. Hori gutxi balitz bezala, beste hiru mendate igoko dituzte aurrez: lehen mailako San Llaurienzu eta La Cobertoria, eta bigarren mailako Cordal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.