Olabe: «Lan bat ari ginen egiten, eta ondo bukatu nahi dugu»

Realeko futbol zuzendariak adierazi du «egoera berezi honetan onenak izan nahi» dutela. Datorren denboraldiari begira, «baikorra» da Martin Odegaarden jarraipenaz

Roberto Olabe, Realeko futbol zuzendaria, duela urte eta erdi, agerraldi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Roberto Olabe Realeko futbol zuzendariak agerraldi telematikoa egin zuen atzo kazetariekin, eta luze aritu zen, taldearen orainaz eta geroaz, eta lehiaketa berriz ekiteari ere tartea eskaini zion.

 

LEHIAKETA BERRIZ HASTEA
Gora begira

Roberto Olabek «aukera» gisa ikusten du «ezohiko egoera hau», eta adierazi zuen Ligari berrekiten zaionean Realaren helburua «hirugarren bukatzea» izango dela, onartu arren «zortzigarren» ere izan daitezkeela. «Onenak izan nahi dugu egoera berezi honetan», esanez, mezu indartsua zabaldu zuen kazetarien aurrean modu telematikoan egin zuen agerraldian. «Denboraldi polita ari zen izaten gelditu egin behar izan genuen arte, eta, orain, nahiko genuke gure helburuak betetzea. Lan bat betetzen ari ginen, eta ondo bukatu nahi dugu».

Ez zuen data zehatzik eman Lehen Mailaren itzuleraz, datozen egunetan jakinaraziko baitira falta diren 11 partiden egutegia eta ordutegiak, baina behin baino gehiagotan aipatu zuen hasiera moduan ekainaren 14a Realaren kasuan, eta akaberakoa uztailaren 19an. Jakitun da «oso trinkoa» izango dela lehiaketa, egun gutxitan partida asko jokatu beharko dituztelako, eta ezinbestekotzat jo zuen bi aldagai hauetan lan ona egitea: «Emozioen kudeaketa eta partida batetik besterako indarberritzea funtsezkoak izango dira. Burutik argi egon beharko dugu. Berez ez dira ezberdintasunak egiten dituzten aldagaiak, baina orain bai».

Esan zuen ez dakiela zalerik gabe jokatzeak zer eragingo duen, baina onartu zuen «Anoetak puntu asko eman» dizkiela sasoi honetan. Zaleak izan zituen gogoan: «Haiengatik jokatu behar dugu, ez dutelako aukeratu Anoetara ez etortzea. Ardura hori izango dugu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu».

ESPAINIAKO KOPAKO FINALA
Zaleekin, ezinbestean

Nabarmendu nahi izan zuen Realaren jarrera hasieratik zein izan den: «Oso garbi geneukan gure zalerik gabe ez genuela jokatu nahi. Horiek ziren garrantzitsuenak. Kopa irabazteko asmoa dugu, baina haiekin. Noiz jokatuko den finala ez zaigu axola; gure zaleek ere gozatzea nahi dugu. Datorren denboraldian bi taldeen egoera eta jokalariak ezberdinak izan daitezkeela? Berdin zaigu, hori ez da garrantzitsua. Gure jendeari eman diogu lehentasuna».

KRISIAREN ERAGINA
Reala, egoera onean

COVID-19aren krisi honen inguruan, LFPk (Futbol Liga Profesionala) klubei bidali dien mezu argi baten berri eman zuen: «Talde guztiok dugu soldatetan muga bat, eta esan zaigu Lehenengo eta Bigarrengo Mailako taldeen gehiengoak muga horretatik pasatuta gabiltzala, eta kontuz ibiltzeko». Kontua da soldata muga horren zenbatekoa kalkulatzeko eragina duela talde bakoitzaren autofinantzaketak, eta, orain klubek diru sarrera hori geratuta eduki dutenez edota daukatenez neurri handi batean, soldaten mugaren neurritik gora geratu dira talde asko. Realaren kasua ez dela hori nabarmendu zuen: «Reala ondo dago horretan, eta lasai gaude. Hartu beharreko neurri ekonomikoak garaiz eta azkar hartu zituen administrazio kontseiluak, eta jokalarien jarrera ere zoragarria izan zen, inoren zain ez zirelako egon erabakiak hartzeko», esan zuen Olabek.

Krisiak kirol arloan ere eragin ditzake aldaketak, fitxaketen merkatura jotzeko zailtasunak handitu egingo zaizkielako diruaren faltan, eta, horregatik, harrobiko lana egitera behartuta egongo omen dira klubak: «Guri mesede egingo digu, baina Reala delako horrelakoa, eta lan horretan sinesten dugulako», azaldu zuen. Iruditzen zaio klubetan jokalari gazte gehiago egongo direla agian hemendik aurrera.

DATORREN DENBORALDIA
Odegaardekin, baikor

Datorren denboraldiaren balizko hasiera baten data aipatu zuen: irailaren erdialdea. Taldearen egituraketaz, Martin Odegaarden geroaz adierazi zuen «baikorra» dela: «Jokalariak erabakiko du, azken unean Realera etortzea erabaki zuen bezala, Bayer Leverkusenekin dena lotuta izan arren. Gustura ikusten dut; pozik dago Realean». Real Madrilek utzita dago erdilari norvegiarra, eta, hitzez, bi denboraldirako Realean utzita aritzeko tratua omen dago. Baina kontratuen eta antzekoen gainetik «jokalariaren erabakia» egongo dela esan zuen. Maiatzaren 31 zen hiru aldeek datorren sasoiari begira erabakia hartzeko azken eguna, baina dena atzeratu egin da: «Real Madrilekin harreman berezia dugu, eta ez dugu data berririk jarri. Badakite nola dagoen jokalaria Realean, eta hizketan ari gara».

Datorren sasoiko taldeaz behin baino gehiagotan errepikatu zuen hau: «Lehen taldeko oraingo jokalariak 23 dira, eta, horiez gain, zazpi dauzkagu edo izan ditugu utzita beste taldeetan, eta Sanse (Reala B) ere hor daukagu. Horiek izango dira datorren denboraldiko taldearen oinarria». Hala ere, ez zuen aldaketarik baztertu: «Izango dira taldea utziko dutenak guk ez dugulako jarraitzea nahi; beste hainbatek utzita joan beharko dute; eta ezin dut esan fitxaketarik ez denik egongo». Martin Merkelanzen kasuan [kontratua bukatuko zaio 2021eko ekainaren 30ean, eta ez du berritu], esan zuen datorren denboraldian lehen taldean ikusten duela, «jokalari ona delako, eta onak gurekin nahi ditugulako». David Zurutuzak eta Miguel Angel Moyak ere kontratua bukatuko dute, eta esan zuen biekin hitz egin dutela. Azkenik, ez zuen beharrezkotzat jo Willian Jose eta Adnan Januzaj saltzea: «Gustura, eta Januzajen kasuan, gainera, asko ari da hobetzen eguneroko lanean. Konturatu behar du elitea ez zaiola zain egongo, eta berak joan behar duela elitearen bila. Bere esku dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.