Hasteko, ustekabekorik ez

Wolfsburgok 9-1 egurtu du Glasgow City, Anoetan, eta Bartzelonak 1-0 irabazi dio Atletico Madrili, San Mamesen. Bi taldeak Txapeldunen Ligako finalerdietan ariko dira

Goian, Pernille Harder Wolfsburgokoa, 5-0ekoa sartu berritan. Behean, Kheira Hamraui Bartzelonakoa 1-0ekoan. EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemia dela eta, Europako Futbol Federazioak (UEFA) aldatu egin du Txapeldunen Ligako azkeneko txanparen lehiaketa sistema: partida bakarrera jokatuko dira final-laurdenak eta finalerdiak. Aldaketa horrek bide ematen die ezustekoei, joan-etorriko kanporaketa batean aukera baitago lehen neurketan egindako hutsa konpontzeko. Partida bakarrera, ordea, ez dago huts egiteko tarterik.

Gizonezkoetan, izan dira ezusteak; potoloena, Olympique Lyonek Manchester City kanporatu izana final-laurdenetan. Emakumezkoetan, ordea, oraingoz ez da izan halakorik. Final-laurdenetako lehen bi kanporaketak jokatu zituzten atzo, eta bietan irabazi zuen ustez faborito zen taldeak: Wolfsburgo oso erraz nagusitu zitzaion Glasgow Cityri, Anoetan: 9-1. Bartzelonak, berriz, gehiago sufritu zuen San Mamesen, Atletico Madril mendean hartzeko: 1-0. Bi taldeok elkarren aurka jokatuko dute aurreneko finalerdia, datorren asteartean, Donostian.

Angel Villacampa Athleticeko entrenatzaileak BERRIAn egindako analisian esandakoa bete zen atzo Anoetan, eta Wolfsburgok oso erraz irabazi zion Glasgow Cityri. Hark esan bezala, alemaniarrek bideratua utzi zuten partida atsedenaldian: 4-0. Alemaniako taldea Eskoziakoa baino askoz hobea da, eta ez zuen bigarren zatira itxaron nahi izan nagusitasun hori agerian uzteko. Harderrek bi gol sartu zituen, eta Syrstad Engenek, beste bi. Lehia erabakita utzi arren, egurrean jarraitu zuen Wolfsburgok, eta beste bost gol sartu zituen: Harderrek, beste bi; Rauchek, beste bat; eta Rossek eta Clarkek, bana bere atean. Wadek egin zuen eskoziarren bakarra, 5-1ekoa.

Anoetan egon ez zen parekotasuna egon zen San Mamesen. Bartzelonak pronostikoak bete zituen, baina izerdia bota behar izan zuen Atletico Madril mendean hartzeko. Kataluniako taldea Espainiakoa baino gehiago izan zen, baina kosta egin zitzaion nagusitasun hori berrestea. Mertensek, Oshoalak eta Graham Hansenek aukera garbiak izan zituzten, baina ez zuten asmatu ate aurrean. Baina azkenean, Bartzelonak saria jaso zuen 80. minutuan. Hamrauik sartu zuen neurketako gol bakarra, area barruan aldaratze bat aprobetxatuta.

Txapeldunaren txanda

Gaur jokatuko dituzte beste bi final-laurdenak (20:00). San Mamesen, Olympique Lyon eta Bayern Munich ariko dira, eta, Anoetan, Paris Saint-Germain eta Arsenal. Aurreneko kanporaketak faborito argia du: Lyon. Inork ez du irabazi hark baino gehiagotan Txapeldunen Liga: sei aldiz, azken laurak jarraian. Min hartuta dago haren golegile nagusia, Ada Hegerberg, baina, hala ere, talde ikusgarria du. Hura ezustean harrapatzen saiatuko da Bayern Munich. Iaz, inoiz baino urrunago iritsi zen, finalerdietara, eta aurten, gutxienez, lan bera egin nahi du. Talde indartsua du, baina Lyon baino koska bat beherago dago.

Askoz parekatuagoa dago Paris Saint-Germainen eta Arsenalen arteko neurketa. Frantziarrek defentsa dute makulu, eta horretan funtsezkoa da Irene Paredes erdiko atzelari legazpiarraren lana. Ingelesak, berriz, erasoan nabarmentzen dira. Vivianne Miedema aurrelaria da haien izarra. PSGk partida ofizialak jokatu ditu jada. Arsenalek, ordea, denbora asko darama lehiatu gabe. Hor egon daiteke gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.