Denborak, egonkortu eta hazi

Haris Seferovic Realeko jokalari ohia bere unerik onenean dago. Suitzaren erasoko erreferentea da. Eurokopan, hiru gol sartu ditu lau partidatan. Batzen segitu nahi du.

Haris Seferovic, Frantziari sartu zizkion bi goletako bat ospatzen. VADIM GHIRDA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Haris Seferovic (Sursee, Suitza, 1992) aseezina da atearen aurrean. Lehen ere hala zen, eta denborak ez du aldatu. Jarraitutasunak eraman du, ordea, jokatzeko eran jauzi bat egin eta garai batean baino jokalari fidagarriagoa izatera.

Denborak egonkortu du Seferovic. Baita hazi ere. Egun, Portugalgo Benfican ari da, eta, han egindakoen ostean, Suitzako selekzioaren erasoko erreferente da. Eurokopan jo du goia: orain artean, hiru gol egin ditu lau partidatan, eta golegilerik onenen multzoan sartu da.

Seferovic izan zen Suitzari Frantziaren aurkako kanporaketa gainditzea ahalbidetu ziona. Bi gol egin zituen, eta, nahiz eta «jada historia egin», bide horretan segitzeko xedea azaldu zuen partidaren ostean: «Pozik nago, eta ospatzekoa da, baina datorren neurketarako prest egon nahi dut». 1954. urteaz geroztik, Suitzak maila nagusiko txapelketa batean gainditu zuen lehendabiziko kanporaketa izan zen astelehenekoa.

Seferovicek grina eta errematea ditu indargune, onerako nahiz txarrerako. Ondo dakite hori Realeko zaleek. Suitzarra Donostiako taldean aritu zen orain zazpi urte. Lorenzo Juarros kirol zuzendariak 2013ko udan fitxatu zuen, eta hasieratik erakutsi zuen bere gaitasuna, Txapeldunen Ligako atarikoan Olympique Lyoni gol izugarri bat eginda. Gutxika itzaltzera egin zuen, ordea, eta modu trakets samarrean alde egin zuen Donostiatik, urtebete geroago. Aldi horretan, ika-mikaren bat ere izan zuen.

Seferovic ez zen egokitu Realera. Handik, Frankfurteko (Alemania) Eintrachtera egin zuen, eta Benficara heldu zen gero. Han egin du haren lanik onena. Ez alferrik, Portugalgo Ligako bigarren golegilerik onena izan da sasoi honetan, 22 gol eginda. Pedro Gonçalvesek soilik ondu du haren marka. Aurrelariak laugarren urtea du Portugalen, eta hiru urte gehiagorako du kontratua. Portugalen, urtero gainditu du hamabost golen langa, eta Eurokopan orain arteko bidetik segitzen badu, maila handiagoko ligetan aritzeko aukera izan dezake.

Izan ere, erakusleiho handia da Europako selekzioen arteko txapelketa nagusia, eta suitzarraren distira agerikoa da: Seferovicek ardura berezia du Suitzaren loraldian. Suitzarrak final-laurdenetan ariko dira gaur, estreinako aldiz, Espainiaren aurka: «Ez gara faboritoak, baina Frantziaren aurka lortutako garaipenak indarra eman digu, eta, final-zortzirenetan bezala arituz gero, posible da sailkatzea. Denok geure onena ematen baldin badugu, aurrera egin dezakegu».

Espainia, arerio makurra

Frantzia kaleratu izanak hauspotu du Suitza. Egungo munduko txapeldunak kanpoan utzita, garaikurrarekin amets egin nahi du Vladimir Petkovicek entrenatutako selekzioak. Bide horretan Espainia izango du hurrengo aurkaria. Kontrario makurra da Luis Enrique Martinezek zuzendutako taldea. Eurokopa zalantza askorekin hasi ostean, hobera egin du jardunaldiek aurrera egin ahala.

San Petersburgen (Errusia) jokatuko da partida, 18:00etan (Telecinco). Bi taldeek jokalaririk onentsuenak zelairatu ahalko dituzte. Unai Simon Athleticeko atezaina ziur izango da hasierako hamaikakoan. Arabarrak hanka-sartze handia egin zuen Kroaziaren aurkako neurketan, baina indarberrituta azaldu da: «Izugarri lagundu naute aldagelan. Beteranoek esan dute halako txapelketak taldeek irabazten dituztela, ez selekzioek». Aurrera egin nahi du Espainiak, baina hori oztopatzeko gertu da Suitza, Seferovic buru duela. Aurrelaria sasoi oso onean dago, eta hori arriskutsua da kontrarioentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.