Hirugarrena edo lehenbizikoa

Espainiako Vuelta gaur hasiko da, Burgosen, eta irailaren 5ean amaitu, Santiagon. Primoz Roglic eta Egan Bernal dira faborito nagusiak. Mikel Landa lehian ariko da

Hirugarrena edo lehenbizikoa.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bueltan da Espainiako Vuelta, eta betiko datetan egingo da aurten. Atzean geratu dira txirrindulariek iaz izan zituzten euri eta hotz handiko egunak, lasterketa urrira atzeratu baitzen, pandemiaren ondorioz. Hori horrela, tropelak abuztuko egun eguzkitsuei eta beroari aurre egin beharko diete gaurtik irailaren 5era bitartean.

Bi hautagai nagusi daude: Primoz Roglic (Jumbo) eta Egan Bernal (Ineos). Esloveniarrak hirugarren aldiz jarraian irabazi nahi du Vuelta. Kolonbiarrak, berriz, Frantziako Tourreko eta Italiako Giroko podiumeko koska altuenera igo eta gero, Vueltan ere gauza bera egin nahi du. Lehen aldiz ariko da Espainiako lasterketan.

Hainbat txirrindulari daude haiek baino koska bat beherago: Mikel Landa (Bahrain); Richard Carapaz eta Adam Yates (Ineos); Guillaume Martin (Cofidis); Aleksandr Vlasov (Astana); Hugh Carthy (Education First), eta Miguel Angel Lopez eta Enric Mas (Movistar), besteak beste. Guztiek oso garesti izango dute irabaztea. Talde horretako txirrindulariek dute aukera gehien Roglicekin eta Bernalekin batera podiumera igotzeko.

Landa konfiantzaz iritsiko da, Burgosko Itzulia irabazi berritan. Hala ere, zuhur mintzatu da: «Badakit ez nagoela nire sasoirik onenean, eta ez naizela onena, baina badakit zerbait egin dezakedala. Borrokatzeko gogoz nago. Burgosen lehiakor izan nintzen, eta horrek animatu egiten nau».

Hain zuzen, Burgosen (Espainia) hasiko da Vuelta, eta Santiagon amaitu. 500 kilometro daude bi hiri horien artean; tropelak gehienez hiruzpalau egunetan egingo luke distantzia hori. Baina guztira 3.417 kilometro egingo dituzte, 21 etapatan banatuta; ohikoa den bezala, bi atseden egun izango dituzte txirrindulariek.

Aurten ez dira pasatuko Euskal Herritik, eta euskal zaleek lasterketaz gozatzeko hurbilen izango dituzten tokiak Burgos eta Laredo izango dira. Baina, ohi bezala, errepideko edozein bazterretan egongo da ikurrinaren bat.

Asturias epaile izango da

Ibilbideari dagokionez, azken eguneko erlojupekoa da berritasun nagusia; ia 34 kilometro ditu. Sailkapen nagusia egun horretan erabakiko da, salbu eta aurreko egunetan dena garbi gelditzen ez bada. Ibilbide erraza izan daitekeen arren, lehen zatia igoera etengabea da, eta bigarrenak jaitsiera tarte gehiago ditu. Ibilbide bihurgunetsua eta teknikoa da, eta baliteke hori funtsezkoa izatea. Gaur ere banakako erlojupekoa izango dute; zazpi kilometro Burgosko kaleetan barrena.

Guztira, mendiko zazpi etapa izango dituzte, beste bi mendatean amaituko dira, eta lauk ibilbide hautsia izango dute. Esprinterrek ere izango dituzte aukerak, profil etzaneko sei etapa jokatuko baitira.

Azken astea izango da erabakigarriena. Bigarren atseden egunaren ostean, Covadongan (12,5 kilometro luze eta %7ko pendiza) amaituko den etaparen aurretik, Lehen mailako bi mendate eta hirugarreneko bat igo beharko dituzte. Eta hurrengo egunean, El Gamoniteirura (14,6 kilometro eta %9,8ko pendiza) heldu aurretik, lehen mailako bi eta bigarren mailako bat. Oso mamitsuak dira bi etapa horiek, baita zaleen oso gustukoak ere.

Lehen bi asteetako azken egunean igoko dituzten Picon Blancok, Balconada d'Alacantek eta Velefiquek ere aldeak eragin ditzakete hautagai nagusien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.