Bestak Tafallan

Euskara Tafallan gizarteratzen

Laugarren urtez, Tafallako Udalak Euskaraz Bizi egitasmo euskaltzalea antolatu du jaietan. Atzo abiatu ziren festak, eta, sei jai egunen ondoren, astelehenean amaituko dira

Euskararen aldeko aldarriak Tafallako festetako txupinazoan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Gurutze Gorriak bota zuen atzo Tafallako jaiak (Nafarroa) hasteko suziria. Jaien anabasan, herritarrek asmoa dute beste urte batez Tafallako jaietan kaleak euskaraz betetzeko, herriko kantak euskaraz abesteko eta herria euskalduntzeko. Horregatik, euskara bultzatzeko zenbait egitasmo antolatu dituzte.

Asmo hori nahia ez ezik errealitatea ere izateko, Tafallako Udalak urteak daramatza Tafallan Euskaraz Bizi egitasmoarekin. Cristina Arconada Armendariz Hirigintza eta Lan Publikoko zinegotziak esan duenez, dinamika horrek euskarazko jardunaldiekin betetzen du jaien egitaraua: «Zehazki, jarduera horiek euskara Tafallan gizarteratzeko helburua dute».

Helburu horrekin, iaz bezala, hainbat jarduera antolatu dituzte abuztuaren 20ko Gazteriaren Egunean: Tafalla Kantuz, Baigorri elkartearekin batera; herri bazkaria, Euskara Batzordeak antolatuta; eta Patxi eta Konpania euskal musikarien kontzertua.

Armendarizek adierazi du urte hauetan bertaratu direnen kopurua «izugarri handia» izan dela, bai eta gerturatutakoen artean adin tarte guztietako herritarrak zeudela ere. Hortaz, aurreko urteetako kopurua mantentzea espero du aurten.

Azaldu du aurten ere hainbat herritarrek parte hartu dutela egitarauaren antolaketa zehazteko hilabeteetan egin ziren batzorde irekietan. Zehazki, Ikastolen Batzordeak, Baigorri Elkarteak, AEK-k eta dozenaka norbanakok. Txosnek Tafallan Euskaraz Bizi egitasmoa «guztiz egokitzat» eta «beharrezkotzat» hartu dute, bertako kide den Iñigo Urzain Anduezak adierazi bezala: «Herrian euskarak duen errealitatearengatik eta guk horren inguruan hartzen dugun hautuarengatik».

Urzainek zehaztu du urteak daramatzatela euskara txosnetan egoteko ahaleginetan. «Txosnek urteak daramatzate filosofia berarekin: beti egiten dugun guztia, ahal den neurrian, euskarak lehentasuna izateko eta presentzia izateko izan da». Horregatik, prestatutako egitarauarekin, euskara askoren ahotan egongo da Tafallako txosnetan. Horren lekuko dira txosnek lortutako euskal musika talde guztiak, kalejirak, herri bazkariak eta musikari bakarlariak.

Hala ere, dena ez da jaietan gelditzen. Armendarizek azaldu du euskara Tafallan gizarteratzeko ahaleginek jarraipena dutela urte osoan ere: «Abenduan Euskararen Eguna ospatzen da, eta, Gabonetan zein Aste Santuan, euskarazko Herri Koloniak egiten dira haurrentzat».

Kalean indartsuago

Herritarrek urte luzez euskararen alde egindako ahaleginek eta hartutako erabakiek normalizaziorako bidean jarri dute euskara. , Urzainek uste du Tafallan behera egin dutela euskararen normalizazioa mugatzen duten aurreiritziek.

Horrekin batera, gehiago dira euskara ikasten eta erabiltzen duten herritarrak. «Eragileak lotuta daudela uste dut; horren lekuko dira AEKn izena eman dutenak ugaritu izana, D eredua eskoletara zabaldu izana eta ikastoletako izen emateak handitzen jarraitzea», zehaztu du.

Egoera hori azterturik, adierazi du ondorioak agerikoak direla: «Orain, euskara entzun daiteke kalean; hala ere, asko dago egiteko eta lantzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.