Urrutiko intxaurrak hamalau...

Usteak erdia ustel dira oraingoz Takashi Inuirentzat Betisen. Eibarren jarraitzeko aukerari uko egin zion udaberrian, eta ez da ari asko jokatzen: 31 minutu partidako.

Takashi Inui, denboraldi honetan Betisekin jokatutako partida batean. RAUL CARO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Harrotu zituen hautsak Takashi Inuik (Omihachiman, Japonia, 1988) aurreko udaberrian hartu zuen erabakiak: uko egin zion Eibarrek kontratua berritzeko egindako eskaintzari, eta onartu egin zuen Betisena. Bazirudien Eibarren (Gipuzkoa) geratuko zela, eta, gerora Fran Garagarza Eibarreko kirol zuzendariak azaldu zuenez, klubaren eskaintza onartu ere egin zuen, hitzez. Baina, gero, egun batetik bestera, atzera egin zuen. Bihar ariko da lehen aldiz talde ohiaren aurka.

Urrutira joan zen, ilusioz gainezka, eta Betiseko zaleen artean egundoko ilusioa eragin zuen hura fitxatzeak. Errusiako Munduko Kopan egin zuen lanarekin, puztu egin ziren zaleen aurreikuspenak, eta, jokatzen hasi gabe egon arren, idolotzat hartu zuten. Orain, ez daukate hain goian, nahiz eta oraindik ere zaleen kutuna den. Futbolaren legeak ez du barkatzen: jokatzen ez duen jokalaria, edo gutxi jokatzen duena, desagertu egiten da gehienetan zaleen burutik.

Horrela dago Inui oraintxe bertan. Hamaikakotik baztertua bizi da, eta ez dabil gustura, jakina. Ilusio handia zuena lehertu egin zaio neurri handi batean, eta aukera bakarra du oraingoz: egoerari buelta eman, eta Quique Setien entrenatzailearen gustuko izatea, Betisen aldeko hautua egitera bultzatu zuen eragilea asetzeko: «Partida handiak irabazi nahi nituelako etorri nintzen», esan berri du.

Eibarren zeukana baino gehiago nahi nonbait, baina urrutiko intxaurrak hamalau zirelakoan, gerturatu eta lau izan. Zenbakiak hotzak bezain zehatzak izan ohi dira, eta oso argigarriak dira Inuiren egoera azaltzeko. 24 partida jokatu ditu Betisek sasoi honetan, Espainiako Liga, Kopa eta Europa ligaren artean; bada, Inuik hamalautan hartu du parte, edo beste alde batetik kontatuz gero, hamar norgehiagokatan ez du batere jokatu. Denera, 744 minutu batu ditu soropilean, eta, zatiketa eginda, hauxe datua: 31 minutu jokatu ditu partidako. Hirutan soilik aukeratu du Quique Setienek hamaikakoan sartzeko: ligan behin, Sevillaren aurkako derbian; Kopan beste behin, Racing Santanderren kontrako itzuliko partidan; eta Europa ligan ere behin soilik atera da hasieratik, Dudelangeren aurka, duela zortzi egun. Golik ez du sartu, eta gola sartzeko azken pase bakarra eman du. Zenbakien berezko hoztasunean, epeltasunera ere ez dira heltzen Inuirenak.

Eman berri duen elkarrizketa batean beste eragile bat ere aipatu du Betisen eskaintza onartzeko zio gisa: jokatzeko modua. Bereizgarri handia du Setienek entrenatzen duen Betisek, eta baloiaren erabileran oinarritzen du joko guztia. Egokia ematen du Inuirentzat, baina entrenatzaileak ez du aintzat hartu oraingoz erdilari japoniarra, eta, hartu izan duenean, barrutik jokatzen jarri du. Zelaiaren erdiko hirukoan, barrualdean, ez da hain eroso moldatzen Inui. Hala aitortu du, behintzat: «Hegaletik barrura joaten ohituta nago, baina ez barruan jokatzen».

Ez du ligatik joan nahi

Langilea eta esanekoa da Eibarreko jokalari ohia, eta entrenatzaileari ez dio arazorik sortuko gutxi jokatzen ari delako. Baina horrek ez du esan nahi buruari bueltak ematen ari ez zaionik, eta, Inuiren egoeran jarrita, zaila behar du izan burua isilik edukitzea, bakar-bakarrik bizi baita Sevillan (Espainia); familia noizbehinka joaten zaio bisitan, Eibarren egiten zuten bezala. Entrenamendu lekutik etxera, eta etxetik entrenamendu lekura ibiltzen da, Eibarren egiten zuen bezala. Burua martxan du, hortaz, eta esan du ez duela Japoniara itzuli nahi: «Betisekin dudan kontratua betetzen ez badut, liga honetan jokatzen jarraitu nahiko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.