Berrogei urteko ohitura

Inor ez da Antonio Berasategi baino gehiagotan aritu Donostiako Maratoian: 41 ekitaldietatik 39tan parte hartu du, 1980tik hona jokatutako guztietan. Denak amaitu ditu, gainera. 40. aldia beteko du bihar. «Urteroko erronka» du.

Antonio Berasategi, 1980tik hona Donostiako Maratoian eraman dituen dortsalekin. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
Andoain
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Karpeta bat ekarri du besapean Antonio Berasategik (Idiazabal, Gipuzkoa, 1958). Kontu handiz ireki du, eta han hasi da ateratzen makina bat dortsal. Bat, bi, hiru... 39ra arte. Lasterketa berberekoak dira guztiak, Donostiako Maratoikoak. Proba horretan ibilbide ikusgarria egin izanaren froga da. 42. aldia jokatuko da bihar (09:00), eta Berasategik 40. aldiz parte hartuko du, inork baino gehiagotan. Jarraian egin ditu guztiak, 1980tik hasita. Bitan besterik ez du huts egin, aurreneko bietan, 1978an eta 1979an jokatutakoetan. «Soldaduskan nengoen, Lanzaroten [Espainia]. Bestela, ziur parte hartuko nuela». «Hobeto edo okerrago», baina denak amaitu ditu.

Ez da erraza izan hura konbentzitzea erreportajea egiteko. Ez du uste «beste munduko ezer» egin duenik. Hala ere, pixka bat estututa, aitortu du «bitxia» dela korrikalari bat horrenbeste alditan proba berean jarraian aritzea, eta «interesa» izan dezakeela. Horregatik eman du baiezkoa. Hori bai, esperantza du egin dioten azken elkarrizketa izango dela.

Soldaduskan egoteak zapuztu zion ekitaldi guztietan parte hartzea. Baina txarretik ona. Han hasi zen korrika. «Hamar kilometroko saioak egiten genituen. Han gustura egiten nuen gauza bakarrenetakoa zen».

Soldaduskatik bueltan, azkar galdetu zuen ea Donostiako Maratoia berriro egiteko asmoa zuten. Baietz esan zioten, eta «entrenatzen-edo» hasi zen. «Asko esatea da entrenatzen hasi nintzela. Futbolean jokatu, bizikletan ibili, mendira joan... halakoak egiten genituen kuadrillan, baina korrika, batere ez. Hori bai, maratoia jokatu baino hilabete lehenago, kuadrillako dozena erdi entrenamendu saio zehatzak egiten hasi ginen. Ordu arte, inoiz ez genuen korrika egin».

Eta iritsi zen eguna, lehen aldiz maratoia egin zuen eguna. 39 urte pasatu dira, baina oso gogoan du. «Gogotik sufritu nuen. 25. kilometrora arte ondo joan nintzen, baina belauneko minez hasi nintzen. Gelditu, hasi, gelditu, hasi... horrela ibili nintzen denbora luzez. Baina nola edo hala bukatu nuen. Lau ordu eta hogei minutuko denbora egin nuen».

Aldaketen lekuko

Baina joan zitzaion belauneko mina, eta, urtebete geroago, berriro eman zuen izena.«Orduko hartan ez nuen minik izan, eta hasi eta buka egin nuen maratoia, gelditu gabe». Ordurako, kuadrillako batek baino gehiagok utzia zioten parte hartzeari. «Nekatu egin ziren, eta hori, gazteak izanda, ez genuela lan handirik egin behar sasoiko egoteko». Berehala geratu zen bakarrik, eta bere buruari helburu zehatza jarri zion: urtero Donostiako Maratoia egitea. «Akuilu polita da niretzat urtero maratoi bat egin behar izatea, eta zein hobeto etxekoa egitea baino, Donostiakoa. Neure buruari jarritako erronka bat da. Eta satisfazio handia da urtero erronka hori betetzea. Zorionez, inoiz ez naiz lesionatu».

Hiru ordu eta 23 minutukoa du markarik onena, 30 urte ingururekin eginikoa. «Orain, lau ordu pasatxo behar izaten ditut», dio, etsipen keinu txiki batekin. Aspaldi du errutina hartuta: «Urtean zehar, astero ordu erdiko bi korrika saio egiten ditut, eta, maratoirako bi hilabete inguru falta direnean, pixka bat gehiago. Maratoia lasai antzean amaitzea da helburua».

Berasategiren arabera, «asko» aldatu da Donostiako maratoia, batez ere «parte hartzaileen profila». «Lehen, halako lasterketa luzeak ez zirenez egiten, jende asko probatzeko irteten zen, bere buruari jarritako erronka betetzeko-edo, baita apustu edo abentura moduan ere. Era askotako jendea ateratzen zen, asko aurretik korrika egin gabekoak. Adibidez, nik 11 urteko nerabeak ikusi ditut maratoian parte hartzen, eta askok bukatu egiten zuten. Hori pentsaezina da orain. Egun, maratoian parte hartzen dutenak ondo prestatuta aritzen dira». Maisu lanetan aritutakoa izanik, Berasategik azterketa batera aurkezten diren ikasleen arteko konparazioa egin du. «Halakoetan, badira beharrezko jakintza izan gabe aurkezten direnak, probatzeko. Aldiz, badira dena ondo egin arte aurkezten ez direnak. Bada, maratoilarien profilak aldaketa hori izan du. Emakumezkoak ere lehen baino askoz gehiago irteten dira, eta hori pozgarria da».

Beti elastiko bera

Kirol arropetan ere sumatu du aldaketa. «Egunero erabiltzen nituen zapatila batzuekin egin nuen lehen aldiz maratoia. A zer-nolako babak atera zitzaizkidan!», gogoratu du, umorez. Bigarren urterako erosi zituen korrika egiteko zapatilak. Ez dira izan erosi zituen azkenak. «Beste lauzpabost erosi ditut». Elastikoa, aldiz, ez du inoiz aldatu. «Ia 40 urte ditu jada. Urdina da, urratuta dago, eta zulatu bat baino gehiago du. Nahiko lan badut urtero kateorratzekin nola edo hala konpontzen», aitortu du, barreari eutsi ezinik. Berehala arrazoitu du erabakia: «Elastiko eta galtza arruntak eramanda ere ez dut uste askoz azkarrago edo gusturago ariko nintzenik. Gainera, elastiko honek zorte ona eman dit. Zertarako aldatu?».

Gogoan ditu hotza eta euria egindako hamaika ekitaldi, «baina inoiz ez da izan azken asteetan gurean egon diren erauntsien parekorik». Ibilbidea ere aldatu da. «Lehen, Pasealeku Berritik joaten ginen, baina berehala aldatu zuten, haizeak oso gogor jotzen zuelako». Eremu gustukorik badu: «Asko gustatzen zait hiriguneko kaleetatik korri egitea. Oso entretenigarria da. Ez da astuna egiten». Aldiz, gorroto du Donostia kanpoaldean aritzea. «Amaiezina da Tolosa hiribidea. Infernua deitzen diote eremu horren azken zatiari. Eta aukeran datorkio izena. Hori sufrimendua da handik korri egitea».

Berasategik zalantza pixka bat egin du maratoian noiz arte parte hartuko duen galdetuta. «Ez dakit; 40a zenbaki polita da, biribila. Aitzakia ona izan daiteke azkena izateko. Zaharrenetakoa naiz jada». Baina berehala damutu da esandakoaz. «Tira, urteroko ohiturari helduko diot: bukatutakoan ikusiko dut zer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.