Berrerabiltzea sustatuz

Antigoaleko objektuen azoka egingo dute gaur eta bihar Angelun.Bestelako zerbitzuak ere prestatu dituzte hara biltzen direnentzat

2015eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Hatu Erosle Festibala egingo da gaur eta bihar Angelun (Lapurdi). Quintaou plazan izango da bigarren eskuko azoka hori, eta, 09:00etatik 19:00ak arte, antigoaleko eta dekorazioko objektuak erosteko aukera izango dute, aditu izan zein ez, hara biltzen diren guztiek. Hamalaugarren aldia da Angelun azoka hori antolatzen dutela.

Eskaintza zabaleko eta ugariko azoka izaten da Hatu Erosle Festibala. Guztira, ehun zaharki saltzaile eta bronkari inguru bilduko dira herriko plazan. Bi egun horietan beren salgaiak bistaratu eta saltzeko asmoz joango dira saltzaileak. Urtero 3.500 bisitari batzen ditu azokak, eta erakusleiho paregabea da saltzaileentzat.

Hara biltzen direnek altzari industrialak, art déco objektuak, binilo diskoak, antzinako altzari txikiak, ordulariak, aro ezberdinetako margolanak, liburuak, arropa, zilarreria eta beste hainbat bitxikeria topatu ahalko dituzte. Salgai guztiak XVIII. mendetik XX.era arteko objektuak izango dira, eta azoka bildumagileen paradisua izango da inondik ere.

Sartzeko, hiru euro ordaindu beharko dute bisitari guztiek, hemezortzi urtetik gorakoak badira. Bestela, doan sartu ahalko dira. Antolatzaileek goizean goizetik joatea gomendatzen dute, erakusmahaietako salgaiak behar bezala ikuskatzeko eta gustukoa besterik erosteko.

Bilduko den jende guztiari aurre egiteko, bestelako zerbitzuak ere prestatu dituzte plazan bertan eta inguruetan. Bisitariei begira, alde batetik, jateko eta edateko gune bat egongo da; bestetik, aparkatzeko behar adina leku egongo dela ziurtatu dute, baita gune horiek doakoak izango direla ere.

XIV. Hatu Erosle Festibala

Gaur eta bihar, Angelun (Lapurdi), 09:00etatik 19:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.