Indartsu abiatu da

Danok Lagunak eta Txukun Lakua elkarteek egin dute aurrera Berria Txapelketan, eta Ilunpe eta Erreka izango dituzte aurkari

Goian, Larreta Txukun Lakuako kadete mailako aurrelaria, pilota jotzear, Zugarralderen aurkakoan. Eta behean, Aragones Denok Lagunak-eko kadete mailako aurrelaria, errematatzear, Azkoitiaren aurkako partidan. JON URBE-GORKA RUBIO / FOKU.
jon eskudero
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gaur-gaurkoz, Nafarroako eta Gipuzkoako pilotariak dira gehiengoa profesionaletan, baina etorkizunera begira Arabakoek eta Bizkaikoek ere zeresana eman dezaketela bistan geratu da joan den asteburuan. Izan ere, XV. Berria Txapelketaren hasieran bi herrialde horietako klubak sailkatu dira final-zortzirenetarako. Ortuellako Danok Lagunak-ek Azkoitia gainditu zuen, eta gauza bera egin zuen Gasteizko Txukun Lakuak Burlatako Zugarralderekin.

HERNANIN

Danok Lagunak 2 - Azkoitia 1

Hasiera ezin hobea izan zuen txapelketak igande goizean Hernanin (Gipuzkoa), kanporaketa gogorra eta emozioz betea jokatu baitzuten Danok Lagunak-ek eta Azkoitiak. Kadete mailan partida orekatua espero zen, eta bi bikoteak maila bertsukoak izaki, hasiera garrantzitsua izango zela jakina zen. Bada, 0-8 aurreratu ziren Olaskoaga eta Astigarraga azkoitiarrak, baina ez zuten asmatu aldea kudeatzen. Bere pilotarekin, sakean min handia egin zuen Aragonesek, eta Perezen laguntza onari esker, Bizkairako bidean jarri zuen lehen puntua (22-14).

Gazteen artekoa izan zen partidarik onena. Vega eta Uranga atzelariak nor baino nor gehiago aritu ziren piloteoan, baina aurrelariek entzun zuten txalo gehien. Era guztietako erremateak egin zituzten, eta hamalaunakoa izan zen azken berdinketa. Azken txanpan gehiago asmatu zuen Oteiza Azkoitiko aurrelariak. Halere, Cortazar ortuellarraren jokoa gustatu zitzaien gehien pilotazaleei.

Nagusien artekoak erabakiko zuen lehia, eta ez zegoen kontu garbirik. Esperientzia zuten alde Lopez Aldai eta Lopez bizkaitarrek, eta gaztetasuna Juaristi-Juaristi azkoitiarrek. Hobeto hasi ziren bizkaitarrak, eta ia une oro aurretik joan ziren. Tanto distiratsuak egin zituen Juaristik aurrean, baina hutsegiteak ere gehiegi. Arriskuak hartu beharrean zen, eta ez zuen beste erremediorik. Hamahiruna egon zen partida, eta, hortik aurrera, pazientziak irabazi zuen. Lopezen sendotasunari esker, Danok Lagunak-ek lortu zuen final-zortzirenetarako sailkatzea.

ANDOAINEN

Txukun Lakua 2 - Zugarralde 1

Ez zen hainbeste emozio izan bigarren kanporaketan, Andoainen (Gipuzkoa). Izan ere, Gasteizko Txukun Lakuak aski izan zuen lehen bi partidak irabaztea sailkatzeko. Kadeteetan, kolorerik gabeko partida jokatu zuten, 22-5 irabazi baitzuten Larreta eta Diaz de Geredu arabarrek. Hasiera txukun baten ondoren, bina berdindu zuten, baina hortik aurrera gasteiztarrak askoz gehiago izan ziren. Sakean asmatu zuen Larretak, eta aukera izan zuenean ere ondo amaitu zituen tantoak. Itoiz eta Perez nafarrak galduta aritu ziren.

Orekatuagoa izan zen gazteen artekoa. Lehen tantoak gogor joan ziren, eta, ondoren, nafarrak 14-7 jarri ziren aurretik. Euren pilotarekin aurkariak baino gehiago izan ziren. Pentsatzekoa zen bigarren puntuak Burlatarako bidea hartuko zuela, baina susperraldi galanta izan zuten gasteiztarrek. 15-0eko partzialarekin 22ra joan ziren zuzenean, eta euren taldea sailkatu zuten final-zortzirenetarako. Bigarren zatian oso ondo jokatu zuten Otxoa eta Markaida arabarrek (22-14).

Hala, ez zegoen ezer jokoan nagusien partidan, eta igarri zen. Mugiro eta Alduntzin burlatarrak askoz gehiago izan ziren hasieratik, eta erraz irabazi zuten, aurkarien presio faltagatik. Alduntzinek koska bat gora egin duela erakutsi zuen atzeko koadroetan, eta Mugiro ere txukun jardun zen. Uribe eta Perez arabarrengandik gehiago espero zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.