Bilboko Aste Nagusia

Sekula ez diote izateari utzi

Aste Nagusiko txupinera izandakoek euren eguna ospatu dute. 40 urte hauetako oroitzapenak gogoratu dituzte. Kalejiran ibili dira, eta suziria bota dute elkarrekin

Azken 40 urteetako txupineretako batzuk eta aurtengoa, atzo, Bilboko txosnetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bizikletan ibiltzen ikasten duenak ez omen du ahazten, eta badirudi berdin gertatzen Bilboko Aste Nagusian txupinera izandakoei ere zaiela suziria jaurtitzeko orduan. Urtero legez, protagonista bihurtu ziren atzo, Aste Nagusiko ostegunean.

Urrutitik entzuten zen algara. Marea gorri bat Areatzara bidean zetorren, trikiti eta pandero doinuek lagunduta. Txupinera izandakoen ordezkaritza zabala batu zen beste urte batez. Laino gris baten azpian esnatu zen Bilbo, baina jantzi gorria zeramaten emakumeak minutu gutxian arduratu ziren giroa eraldatzeaz. Suziriak jaurtitzeko oholaren aurrean jarri ziren ilara luze batean, eta Marijaiaren abesti ezaguna hasi zen berehala. Orduan lehertu zen festa. Zorion Egileor pregoilaria ere batu zitzaien jaira. 12:00ak jo gabe zirenean entzun ziren eztanda hotsak. Halaber, suziriak bi aldiz pizteko ohorea izan zuten.

Erabat hunkituta zegoen Magdalena Landa, 1987. urtean txupinera izandakoa. «Egun garrantzitsua da txupinera izan garenontzat; gaurko egunez, suziria jaurtitzeko unea berriro bizi dugu urtero». Emozioa, urduritasuna eta beroa zetozkion duela 30 urteko une hura gogoratzean. Berta Garciari ere ilusioa nabaritzen zitzaion aurpegian. 2001. urteko txupineraren esanetan, jantziak emozio asko gordetzen ditu: «Urte hartan eta ondorengoetan bizitako momentu onak daramatzat».

Aurreko urtearekin alderatuta, egun lasaia izan zuen atzo Ane Ortizek, txupinera beteranoen taldean sartzen azkenak. «Iaz ez bezala, aurten ez dut agenda betea, eta egunaz goza dezaket», aitortu zuen. Bizitako guztia gainontzeko txupinerekin partekatzea zuen helburu. «Hasiera-hasieratik giro atsegina nagusitu da gure artean», nabarmendu zuen. Aurpegiaren alde batetik besterako irribarrearekin gogoratzen du duela urtebeteko esperientzia: «Aste luze eta nekagarria izan zen, baina sekula ahaztu ezingo dudana». Hori horrela, aurtengo txupinerari momentu guztiak gozatzeko gomendioa egin zion.

Areatzako ekitaldia bukatuta, txupinerek Zazpikaleetarako bidea hartu zuten giro ederrean. Handik, ohiturari jarraituz, aurreko urteko txupineraren konpartsara joan ziren bazkaltzera; Askapeñara, hain zuzen. Datorren urtean beste txupinera bat gehituko zaie taldera, eta beso zabalik hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.