Helmugara iristea lortu du

Tropela ia osorik lehiatu ahal izan da denboraldian, pandemiak setiatu duen arren. Egutegia oso trinkoa izan da, eta ziklistek distira atera diote; gazteek batez ere.

Primoz Roglic eta Tadej Pogacar, hizketan, Tourreko etapa bat hasi aurretik. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Betirako oroituko da bukatu berri den txirrindularitza denboraldia. Koronabirusaren mehatxuak kinka larrian jarri zuen egutegia, baina azkenean ia osorik jokatu ahal izan da, arnasa hartzeko ia tarterik utzi ez duen erritmoan. Esaterako, hiru itzuli handiak 70 egunean izan dira. Oso borroka irekia izan da ziklisten artean, eta berretsi egin da belaunaldi aldaketa.

BURBUILA ERAGINKORRAK
54 positibo besterik ez

Egoerara egokitzeko izan duten gaitasuna goretsi du UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak, eta azpimarratu «aurrekaririk gabeko erronka bat» gainditu dutela. Bertan behera gelditu dira hainbat proba garrantzitsu—tartean, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa, Paris Roubaix eta Amstel Gold Race—, baina, halere, azken lau hilabeteetan aurrera atera ahal izan dira gizonezkoen World Tourreko hamazazpi lasterketa; 101 lehiaketa egun guztira. Emakumezkoen kasuan, berriz, 20 lasterketa egun izan dira, 10 probatan banatuta.

Hori segurtasun burbuilek egin dute posible. Ziklistak isolatuta izan dira lasterketetan, eta neurriek esperotako eragina izan dute: 13.850 PCR proba egin dira, eta 54 positibo besterik ez dira izan; 26 bakarrik ziklisten artean. Hau da, lasterketetan txirrindularien %0,17 kutsatu da soilik.

GAZTEEN AURRERAPAUSOA
Eremu guztietan nagusi

Kimu berriak indarrez atera dira pandemiak iraulitako denboraldian. Lehendik ere indartsu zetozen, eta loratu egin dira sasoi honetan. Itzuli handiak izan dira horren lekuko behinenak: Tadej Pogacarrek (UAE) 21 urte eskasekin irabazi zuen Tourra, eta 25 urte ditu Tao Geogheganek (Ineos), Giroko irabazleak. Garaipen estuak eta zirraragarriak lortu zituzten biek ere, eta Geogheganek beste gazte lotsagabe bat izan zuen aurrean: Jai Hindley (Sunweb). Filippo Ganna (Ineos) izan zen Giroan zeresan handia eman zuen beste bat, hiru erlojupekoak eta mendiko etapa bat irabazita. Aurrez erlojupeko munduko txapeldun bihurtua zen.

Tourrean, berriz, mundu guztia zur eta lur utzi zuen Wout van Aertek (Jumbo Visma). Maila handia eman zuen laneko atorrarekin, ordekan nahiz mendateetan, eta galako jantzia erakusteko beta ere izan zuen, esprintean bi etapa irabazita. Klasikoetan ere nahieran aritu zen: Milan-San Remo eta Strade Bianche zakuratu zituen. Flandriako Tourrean, berriz, buruz buru gailendu zitzaion Mathieu van der Poel (Alpecin Fenix). Marc Hirschik (Sunweb) ere txundituta utzi ditu zaleak: Tourreko etapa bat eta Fleche Wallone irabazi ditu.

ROGLIC, KALE ETA BALE
Arantza atera du Vueltan

Primoz Roglicek (Jumbo Visma) eutsi dio beteranoen ohoreari, Vincenzo Nibali (Trek), Chris Froome (Ineos), Alejandro Valverde (Movistar) eta Geraint Thomasen (Ineos) ezinaren aurrean. Esloveniarrak UCIren sailkapeneko buruan bukatu du sasoia, bigarren urtez jarraian. Tropeleko txirrindularirik erregularrena izan da; hori bai, unerik txarrenean izan zuen beherakada, Tourreko erlojupeko erabakigarrian. Hamar egun zeramatzan maillot horiarekin, tropeleko agintea hartu duen Jumbo Vismaren abaroan. Bada, La Planchen gora amildu, eta ihes egin zion ametsetako garaipenak.

Halako kolpe batek hondoratu egingo zukeen beste edonor, baina Roglic animalia lehiakorra da, eta Vueltan lau etapa eta sailkapen nagusia irabazita atera du arantza. Azken unean mamuak berpiztu zizkion Richard Carapazek (Ineos), baina tinko eutsi zion esloveniarrak, Lennard Hofstede taldekidearen eta Movistarren laguntzaz.

ORTZADARRAK ITSUTUTA
Ezer ez eta festa

Lieja-Bastogne-Lieja ere poltsikoratu zuen Roglicek, baina egun hartako protagonista nagusia ez zen esloveniarra izan, Julian Alaphilippe (Deceuninck) baizik. Frantziarrak lehen lasterketa zuen ortzadar elastikoarekin, Imolako (Italia) Munduko Txapelketa irabazi ondotik. Eta irabaztear izan zen; hainbeste, ezen besoak altxatu baitzituen. Eta hain justu, ospatu nahi izate horrek utzi zuen zer ospatu gabe. Helmuga igaro gabe zuen oraindik, eta Roglicek aurrea hartu zion azken gerri kolpean. Frantziarrak ez zuen lezioa ikasi, eta gisa berean jokatu zuen Fleche Brabançonnen; zorte hobea izan zuen, ordea. Tourrean, berriz, etapa bat irabazi zuen, iazko mailatik urrun aritu arren.

VAN DER BREGGENEN URTEA
Oportunismoaren bidetik

Emakumezkoetan, Anna van der Breggen (Boels) bihurtu zen munduko txapeldun, bai errepidean, baita erlojuaren aurka ere. Horrez gain, Giroa ere bereganatu zuen, baita Fleche Wallonne ere. Azken urteetan Annemiek van Vleutenen (Mitchelton) itzalean izan da, baina ziklista beteranoa erori egin zen Giroan, lidertzan sendo zegoela, eta horrek bide eman zion Van der Breggenen goraldiari. Antzera irabazi zuen Munduko Txapelketako erlojupekoa: Chloe Dygerten erorikoaz baliatuta. Garaipenak, edonola, ez dizkio inork oparitu. Behar zen unean behar zen tokian egon da, eta horrek meritu handia dauka.

EUSKAL HERRITARRAK FIN
Distiratsu itzuli handietan

Maila onean aritu dira euskal herritarrak, beste behin ere. Itzuli handietan, onenekin lehiatu dira Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain): arabarra laugarren izan zen Tourrean, eta Bilbaok bosgarren bukatu zuen Giroa, Grand Boucle-an Landarentzat lan egin eta gero. Vueltan, berriz, Formigaleko etapa irabazi zuen Ion Izagirrek (Astana). Jonathan Castroviejok (Ineos) eta Gorka Izagirrek (Astana) zintzo egin dute lan, eta bakarkako agerraldi aipagarriak ere egin dituzte. Mikel Nievek (Mitchelton) eta Omar Frailek (Astana), aldiz, ez dute beste urte batzuetako sasoirik izan. Eider Merinok ere ez du nahi beste gozatu, eta datorren urtean ez da Movistarren ariko. Ane Santestebanek ere taldez aldatuko du: Mitcheltonen ariko da.

ERORIKO LARRIAK
Deceunincken zorigaitza

Pandemiaren ikuspegitik, behar bezala bermatu da txirrindularien segurtasuna. Alabaina, erorikoek ondorio larriak eragin dituzte, batez ere Deceuninck taldean. Remco Evenepoel zubi batetik behera erori zen Lombardiako Giroan, eta pelbisa hautsi zuen. Gaitz erdi. Zorte okerragoa izan zuen Fabio Jakobsenek: bizi arriskuan izan zen Poloniako itzulian muturreko latza hartuta. Dylan Groenewegenek (Jumbo Visma) eragin zuen erorikoa, eta UCIk bederatzi hilabeteko zigorra ezarri dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.