Folkaren elkargune

Galizia, Sahara eta Brasilgo musika entzungo da, asteburuan, Bidasoa Folk jaialdian. Irunen, Hondarribian eta Hendaian izango dira saioak

Maite Alustiza.
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Folk musika tradizionalaren eta garaikidearen elkargune izan ohi da urtero Bidasoa Folk jaialdia, eta halaxe izango da bere 17. aldian ere. Ostiraletik igandera bitarte, musikak batuko ditu Hendaia (Lapurdi), Irun eta Hondarribia (Gipuzkoa); herri bakoitzean kontzertu batizango da. Hirurak doakoak dira.

Hondarribin hasiko da jaialdia, ostiralean. Carlos Nuñez gaita jotzaile galiziarrak Itsas Etxean joko du, 21:00etan. Nuñezen ibilbidea estuki lotuta dago musika zeltari, eta entzute handia lortu du nazioartean; besteak beste, milioitik gora disko saldu ditu mundu osoan. Kontzertua doakoa den arren, sarrera behar da. Dagoeneko eskuragarri daude Irun, Hondarribi eta Hendaiako turismo bulegoetan —pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera har ditzake—.

Larunbatean, Irunera lekualdatuko da jaialdia. Aziza Brahim sahararra eta haren taldea entzuteko aukera izango da, Urdanibia plazan, 21:00etan hasita. Fusio bat aurkeztuko dute: Mendebaldeko rock, funk eta pop musika, jatorria Afrikan duten beste musika batzuekin. Brahim Tindufeko errefuxiatu kanpalekuan jaio zen, eta, kantuan aritzearekin batera, sahararren autodeterminazio eskubidearen aldeko aktibista da.

Jaialdiko azken kontzertua Flavia Coelho & Group taldeak emango du, igandean, 20:30ean, Hendaiako Zokoburu plazan. Reggaea, funka, ska eta rocka nahasten dituzte, betiere ukitu brasildar batekin. Izan ere, Rio de Janeiron jaioa da Coelho, eta handik hartu ditu musika eraginak, tradizionalak eta hiritarrak. Taldeak iaz plazaratu zuen bere azken diskoa: Sonho Real.

Bidasoa Folk

Ostiraletik igandera, iluntzean, Hendaian (Lapurdi), Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.