Euskal Jaiak Donostian

Sagardotik eskulangintzara

Donostiako Euskal Jaietako berrikuntza nagusia Frantzia pasealekuko Eskulangintza Azoka izango da. Sagardo Eguna larunbatean egingo dute, 24 sagardogile bilduz

Olatz Mitxelenak, Alfonso Gurpegik eta Helena Jimenez de Aberasturik aukeztu zituzten Euskal Jaiak, atzo, Donostiako udaletxean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aste Nagusia amaitu zela denbora gehiegirik pasatu ez bada ere, Donostian ez dute denborarik galtzen, eta festa dator, berriz ere. Urtero bezala, aurten ere ospatuko dituzte Euskal Jaiak Gipuzkoako hiriburuan, eta etzitik aurrera 11 egunez jarduera ugari antolatu dituzte.

Kirola izango da jaien abiapuntua, Kontxako Banderaren sailkatze estropada egingo baitute, etzi, bai gizonezkoek bai emakumezkoek. Irailaren 2an eta 9an, estropadak ikusi ahalko dira Kontxako badian.

Hala ere, larunbateko Sagardo Eguna izango da Euskal Jaietako egunik handienetako bat. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolaturik, 34 sagardotegitako sagardoa dastatu ahalko da, 11:00etatik 13:45era, Konstituzio plazan. «Sagardoa dastatzeaz gain, plaza girotzeko, eta jakinik Donostia bezalako leku batek guretzat daukan garrantzia, 2018ko uztarekin egindako lehen muztioa dastatzeko aukera izango da, plazan bertan eginda», esan du Olatz Mitxelenak, Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak.

Aurten, «berezitasun txiki bat» sartu dute Sagardo Egunean, «iaz jendeak eskatuta»: Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko kideek egiten dituzten produktu guztien denda egongo da edalontzien salmenta egiten den gunean. Gainera, «kontsumo arduratsuaren alde» egin dute antolatzaileek: edalontziak bost euro balioko du, eta hamar trago hartu ahalko dira. Bestalde, 13:00etan, euskal sagardoaren kata gidatua egingo dute, eta hiru sagardo dastatuko dituzte. Goizean zehar, Estanga Anaiak trikitilariek girotuko dute Konstituzio plaza, eta, 12:30ean, Juan Ignacio Astiazaran eta Isabel Diaz sagardogileak omenduko dituzte.

Aurtengo Euskal Jaiek «egitarau oparoa» dutela esan du Alfonso Gurpegi Donostiako Udaleko festa jardueretako zinegotziak: «Baina aurtengo berrikuntza nagusia Frantzia pasealekuan egingo den Artisautza azoka izango da, Lur kolektiboak antolatuta». Helena Jimenez de Aberasturi kolektiboko ordezkariak esan duenez, etzitik irailaren 9ra arte, 24 euskal eskulangilek bere produktuak erakusgai eta salgai izango dituzte Urumea ibaiaren ibarrean. Beira, bitxigintza, larrua, zeta margotua, ehungintza, makramezko bitxiak, tindaketa naturala, egurraren eraldaketa, zurezko jostailuak, koadernaketa, txotxongiloak eta xaboi naturalak lantzen dituzten eskulangileek plaza izango dute Frantzia pasealekuan, goizez eta arratsaldez.

Gainera, azokan Txarnelak emandako hiru partaidetza tailer egingo dituzte: hilaren 31n, argazkiak zintzilikatzekoa egiten ikasiko dute; irailaren 3an, paperak apaintzeko zigiluak egiten, eta, 5ean, akordeoi liburuak egingo dituzte.

Euskal Jaiak etzi hasiko badira ere, herri esku-dantzak emango dio hasiera «ofiziala» larunbatean, 19:00etan. Ondoren, euskal erromeria izango da, eta, gauean, dultzaina jotzaileek Parte Zaharreko kaleak girotuko dituzte. Irailaren 7an, berriz, Donostia bertsotan jarriko dute Alaia Martin, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Jone Uria eta Iker Zubeldia bertsolariek eta Unai Elizasu gai jartzaileak, Trinitate plazan. Irailaren 2an, berriz, dantza sueltoko txapelketa egingo dute Konstituzio plazan.

Irailaren 6an eta 7an, trikitiari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Donostia Kulturako hitzaldi aretoan (San Jeronimo kalean), eta irailaren 3an eta 4an, Poesia Orduak egingo dituzte Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. 6an, berriz, Errementari filma ikusi ahalko da Trinitate plazan, 21:30ean; eta 8an, Gero Axular dantza taldeak Elkarrekin ikuskizuna eskainiko du, Easo Txiki eta Araoz Gaztetxo abesbatzekin batera, leku berean.

Gastronomiak ere lekua

Jarduera gastronomikoei dagokienez, Sagardo Egunari Gipuzkoako Tomateen Erakusketa eta Lehiaketa eta Donostiako Nekazaritza Ekologikoaren Azoka gehitu behar zaizkio. Biak larunbatean egingo dira, Bulebarrean. Euskal garagardo ekoizleek Euskal Herriko garagardo artisauak eskainiko dituzte Basque Beer Festen, irailaren 6tik 8ra, Bulebarreko kioskoaren aurrean. Marmitako lehiaketa, Donostiakoerara egindako legatz lehiaketa eta sardin jana ere egingo dira, irailaren 7an, 8an eta 9an.

Estropadez gain, beste kirol batzuek ere lekua izango dute. Irailaren 1ean, toka txapelketa egingo dute, eta, 8an, Kontxako badiako igerialdia. Egun berean, Urgulleko krosa eta Kontxako badiako waterpolo txapelketa ere egingo dituzte. Irailaren 3an hasiko da Donostialdeko Esku Pilota Txapelketa, Trinitate plazan, eta 7an jokatuko dute finala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.