Hankaz gora jarri da Giroa

Zortzi positibo egon dira COVID-19arekin, eta Mitchelton eta Jumbo taldeek ez jarraitzea erabaki dute: bien artean sei kasu dituzte. Peter Saganek irabazi du hamargarren etapa

Sunweb taldeko txirrindulariak atzoko etaparen hasieran. Michael Matthews taldekideak positibo eman zuen. EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Alpeetako etapei begira zebilen mundu guztia Italiako Giroan. Elurrak eta eguraldi petralak lagako ote duten Stelvio eta beste mendate handi batzuetara igotzen. Horiek ziren aurtengo lasterketa maldaz gora jarri behar zutenak, baina izango diren ezin da jakin. Eta ez soilik elur eta eguraldi kontuengatik. COVID-19ak jarri duelako lasterketa hankaz gora. Herenegun zuten eguna txirrindulariei eta lasterketako gainerako kideei probak egiteko, eta atseden egunaren ondorena, atzokoa, erabat aztoratu zuten emaitzek. Zortzi kasu antzeman zituzten: Steven Kruijswijk(Jumbo Visma) eta Michael Matthews (Sunweb) txirrindulariena, eta Micheltoneko lau laguntzailerena, Ineos eta AG2Rko banarenaz gain. Ondorioa hauxe: Micheltonek —antolakuntzarekin adostuta— eta Jumbok lasterketa uztea erabaki zuten. Aurrenekoen kasuan, Simon Yatesen positiboa gehitu behar zaie, aurreko ostiralekoa.

Berehala zabaldu zen harrabotsa pelotoian eta lasterketaren inguruan, birusa proban sartu delako. Galdera baten jiran mugitzen dira zalantza guztiak: bukatuko al da aurtengo Giroa? Lasterketako zuzendari Mauro Vegnik atzo adierazi zuen baietz, amaituko dela: «Gure helburua Milanera iristea da, eta gure esku dagoen guztia egiten ari gara». Egin behar dituzten horietan, proba gehiago egitearena dago: berez, atseden egunetako lana zen hori, baina Vegnik aurreratu zuen positibo eman duten taldeetan atzo test azkarrak egin zituztela, eta bihar ere gauza bera egingo dutela». Egunen joanak esango du zer bilakaera izaten duen birusak.

Euskal ordezkarien artean, positiboek bete-betean harrapatu dituzte Valentin Dorronsoro eta Asier Atxa, Micheltoneko masaje emaileak eta autobus gidariak. Ondo daude, ez dute gaitzik, eta atzo, azkar batean, taldeko txirrindulariak hartu eta beste leku batera eramaten igaro zuten eguna.

Lasterketan lau euskal txirrindulariek jarraitzen dute: Pello Bilbao (Bahrain), Oscar Rodriguez (Astana), Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Victor de la Parte (CCC). Azken horrek BERRIAri adierazi dio «kezkaz» hartu dutela birusa pelotoian sartu izana: «Edozein izan daiteke orain kutsatua». Hala ere, baikortasunari ere leku egin nahi dio: «Milanera helduko garela esatea tokatzen zait». Atzoko positibo saldoaren ondoren, lasterketako protokoloa oso zorrotza ez dela zabaldu zen. «Gure taldean zorroztasunez ari gara bete beharreko guztia betetzen, eta sendagilearen ardurapean gaude», azaldu du Gasteizko txirrindulariak. Lasterketa berari egotzi zizkion bestelako jarrera batzuk: «Italia dagoen bezala dago, eta igaro gara egoera txarrean dauden lekuetatik. Jende gehiegi izan da etapak ikusten, maskararik gabe eta abar. Hori horrela izan da, baina jakin ezazu hori den birusa pelotoian sartu izanaren jatorria. Edozein lekuetatik sar daiteke. Gutakoren baten senitartekoak edo kazetariak hoteletan sartzen dira, eta horrela ere kutsa gaitezke».

Errepidean, Sagan nagusi

Lasterketak bere bideari jarraitu zion, eta hamargarren etapa jokatu zen Lanciano eta Tortoreto artean. 177 kilometro eta ibilbide gorabeheratsua. Nork esango zuen horrelako etapa batean Peter Saganek lortuko zuela garaipena. Ihesaldi batean, gainera. Eslovakiarrak aurreko 116 garaipenetatik, ia denak esprintean lortuak zituenean. Erakustaldia eman zuen, eta arindu handia hartu ere bai, 417 egun zeramatzalako Bora taldeko txirrindulariak helmugan besoak altxatu gabe. Tokitan dago iazko Frantziako Tourreko bosgarren etapa.

Eguneko ihesaldian sartu zen,Jonathan Restrepo (Androni), Simon Clarke (EF Pro), Dario Cataldo (Movistar), Davide Villella (Movistar), Filippo Ganna (Ineos), eta Ben Swift (Ineos) bidaide zituela. Tortoreko igoeran egin zuten hanka Saganek eta Swiftek. Gero, bakarrik geratu zen, eta helmugan ere horrela sartu zen, gozo asko, pozarren.

Faboritoen tropelean, Bilbaok saiakera handia egin zuen azken kilometroetan, aldapa behera ospa eginez. Gertu izan zituen Sagan eta Swift, baina azkenean, atzekoek harrapatu zuten 4 kilometroren faltan. Onenen artean, Jacob Fuglsang bakarrik geratu zen atzean, zulatua izan zuelako, eta 1.38 galdu zuen. Gaur, esprinterrentzako etapa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.