Santixabelak Zaldibarren

Txapligu feminista jaiak hasteko

Dominika talde feministak irakurriko du Zaldibarko jaietako pregoia gaur iluntzean. Aurten ere brigada feministak lanean izango dira jai parekideak lortzeko

Dominika talde feministako kideak, atzo, Zaldibarren. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Gaur arratsaldean emango diete hasiera Dominika Talde Feministako kideek Zaldibarko jaiei (Bizkaia). Lehenago, pregoia eman eta txapligua jaurti aurretik, Donien Atxa enborra altxatu eta dantza batzuk egingo dituzte talde feministaren omenez. Lau egunez iraungo dute santixabelek Durangaldeko herrian, eta hainbat ekintza eta kontzertu izango dira herritarrentzat eta ingurukoentzat.

Talde moduan iazko abenduan aurkeztu arren, feministek pare bat urte daramatzate mugimendu modura ekintzak egiten. Dominika izena jarri zioten talde eratu berriari, 1970eko hamarkadan abortuak klandestinitatean egiten zituen herriko emakume baten omenez; hain zuzenere, orduantxe legez kanpokoak zirenez, arriskutsua zen horiek egitea. Nerea Urizar taldeko kideak goraipatu egin du andrea: «Legediari aurre eginez jarraitu zuen [abortuak] egiten inguruko emakumeen alde». Haren esanetan, izenak «indar handia» dauka, eta emakumearen historia gustatzen zitzaielako jarri zioten taldeari. Taldekide zaharrenek kontatutako istorioa da, eta oraindik jarraitzen dute haren figura ikertzen, hari buruz gehiago jakiteko.

Jaietan ere lanean

Hamabost edo hogei emakume inguruk osatzen dute taldeko biltzarra, baina Urizarrek azpimarratu du beste ekintza batzuetarako deialdiak egin izan dituztenean herritar gehiagok lagundu dietela. Era berean, askotarikoa da taldearen eraketa; kide asko gazteak dira, baina badaude emakume helduagoak ere: «20 urtetik 55 urte bitarteko jendea daukagu; oso talde plurala da, eta horrek aberasten gaitu».

Jai Batzordearen erabakia «ohoretzat» hartu du Urizarrek: «Ilusio handiz hartu genuen berria: jaietan gure aldarrikapenak ozen zabaltzeko aukera ematen digu, herri guztiaren aurrean».

Iaz moduan, taldeak brigada feminista bat jarri du martxan. Urizarrek nabarmendu du erasorik gabeko jaien alde dabiltzala lanean. Hari horretatik, protokolo bi adostu dituzte erasoak saihestu eta haiei aurre egiteko: bata norbanakoentzat, eta bestea tabernentzat: «Gaztetxeak, txosnak eta tabernek hartu dute konpromisoa, eta leku seguruak izango dira».

Haien lana eta herri talde feministena babesten du Urizarrek, «emakumeen ahalduntzearekin eta formakuntza feministekin» lor daitekeelako andre libre izatea eta oholtza gainean emakume gehiago egotea. Argi adierazi du ez dela lan erraza, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.