«Derbi parekatua izango da»

Ane Bergarak Realean eta Athleticen jokatu zituen euskal derbiak, eta «berezia» dela dio. Gaur Lezaman jokatuko dute beste bat, eta ez du faboritorik ikusten.

Jone Palacios eta Nerea Eizagirre, Anoetan lehian, lehen itzuliko partidan. Athleticek 0-2 irabazi zion Realari. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hamaikagarrenez, mugagabean, parez pare izango dira gaur Athletic eta Reala, Espainiako Lehen Mailako hogeigarren jardunaldian, Lezaman (12:00). Horrelako makina bat partida jokatutakoa da Ane Bergara (Bera, Nafarroa, 1987), eta bi taldeekin, gainera. Realean aritu zen 2011tik 2015era, eta Athleticen 2017-2018ko denboraldian. «Bereziak izaten dira derbiak. Azkenean, sentimendu ezberdina sortzen du zure herrialdeko beste talde baten aurka jokatzeak», esan du.

Zelaian, jokalarien arteko lehiak ez omen dira izaten beste edozein partidatan bezalakoak: «Badute zerbait ezohikotik. Politak izaten dira lehia horiek». Inguruan ere berezitasunik antzematen dela dio: «Kanpoko giroa ere ez da izaten besteetan bezalakoa. Badu beste puntu hori». Aipatu dituen aldagai horiek guztiak lapiko berean sartuta, jaki gozoa eta dastagarria ateratzen dela dio atzelari ohiak: «Polita eta berezia da derbia jokatzea».

Herrialde bereko aurkariari irabaztea ere aparteko zerbaiten parekoa izango da. Bergarak, gaurkoari begira, ez du irabazle garbirik ikusten: «Parekatua eta berdindua izango dela iruditzen zait». Athletic laugarrena da sailkapenean, eta Reala bi postu beherago dago, baina puntu bat gutxiago besterik ez dauka. «Bi taldeak ari dira gora begiratu nahian, eta horrek ere ematen dio beste zerbait gaurkoari, nahiz eta Levante, hirugarren sailkatua, urruti samar dabilen [bederatzi puntura du Athleticek]».

Partida nondik nora joango den galdetuta, ez du erantzun zehatzik eman: «Bi taldeei gustatzen zaie jokoaren ekimenaren jabe izatea, baina uste dut gaur kosta egingo zaiela hori lortzea».Athleticen eta Realaren arteko beste antzekotasun bat gehitu dio azalpenari: «Badakite atzean zain egoten eta kontraerasora bizi ateratzen ere, eta, nola horretan arriskutsuak diren bi taldeak, zail ikusten dut bietako bat joko ekimenaren jabe egitera ateratzea. Defentsan eta erasoan ondoen dagoenak irabaziko du».

Euskal Herriko bi taldeak ondo ezagutzen ditu Bergarak, eta ezberdinak direla dio, jokalarien ezaugarriengatik: «Athleticeko guztiak antzekoak dira, ez dago bat egundoko aldea egiten duena besteekin konparatuta, nahiz eta Lucia jokalari ezberdina izan. Realean, aldiz, aurrealdekoak dira koska bat gorago dabiltzanak, eta gainontzekoak taldea ondo osatzeko daude; lan ona egiten ari dira horiek ere».

Azkenaldiko lanari erreparatzen hasi zaio segituan, eta Bergarak Ligan antzeko ikusten baditu ere bi taldeak, «emaitza onak lortzen ari direlako», beste lehiaketetan ez da hainbesteko antzekotasunik, nafar jokalari ohiaren iritziz: «Realak astindu gogorra jaso zuen Superkopako finalean, eta, handik egun gutxira, Espainiako Kopatik kanporatu zuten. Athleticek, aldiz, aurrera segitzen du lehiaketa horretan». Hari horiei tira eta tira, bi taldeen aldartea zein izan daitekeen azaldu du: «Ematen du Reala zalantza egoeran sartuta ibiliko dela, azkeneko bi emaitza txar horiengatik.Athleticek ere pasatu zuen antzeko trantzea duela hilabete edo, eta ematen du buelta eman diola. Realak ere emango dio, eta goian bukatuko du Liga».

Burua aipatzen hasita, bada aztertu beharreko kontu bat derbi honetaz hitz egiteko orduan:Athleticek askoz partida gehiago irabazi dizkio Realari. «Baliteke Athleticek burua berotua edukitzea Realari, baina txuri-urdinak behetik gora datoz denboraldiz denboraldi, eta gero eta gertuago dauka Athleticek. Derbiak parekatuak ari dira izaten azkenaldian».

Hitzarmen faltaren inguruan

Eskarmentu handia pilatu zuen Bergarak kirol ibilbidean, Lagunak, Espanyol eta Bartzelona taldeetan ere aritu baitzen. Ondo daki zein den emakumezkoen futbolaren egoera, eta sinatzeke dagoen lan hitzarmenaren inguruan, iritzi oso argia du: «Lotsagarria eta tristea da egoera. Urte askoan ari gara edonola jokatzen, eta bultzada eman nahi diogu gure jardunari. Sindikatua ari da zerbait duina lortu nahian, baina azkenean txantxetan hartzen ari gaituzte. Gogorra egiten zait hau dena bizi behar izatea».

Emakumezkoen futbolaren bueltan, beste eztabaida bat ere badabil egunotan, Realeko entrenatzaile Gonzalo Arkonadak Superkopako finalaren ondoren egindako adierazpenen jiran. Esan zuen bide okerrean dela emakumezkoen futbola, Bartzelonari eta antzeko talde batzuei nahi beste jokalari atzerritar edukitzen uzten zaielako. Bergararen ustez, «beroan egindako adierazpenak izan ziren, kolpea hartu zutelako Arkonadak eta taldeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.