Beka Burjanadze. GBCko jokalaria

«Lehen, lehien bideoak ikustean, lur jota geratzen nintzen»

Gipuzkoa Basketek Manresaren pabiloian jokatuko du gaur (20:30). Burjanadzek dio Manresa «talde oso sendoa» dela etxean, eta garrantzitsua izango dela indartsu hastea.

ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko jardunaldian Estudiantesen aurkako bigarren zatian 63 puntu sartu eta 22 puntuko desabantaila irauli ostean, mailari eusteko itxaropena berpiztu da Delteco Gipuzkoa Basketeko jokalari eta zaleen artean. Beka Burjanadzek (Tbilisi, 1994) uste du garaipen hori «mugarri» izan daitekeela, eta jarraipena eman nahi diote gaur, Manresan —Baskoniak Buesa Arenan jokatuko du, Andorraren aurka (18:30)—.

Barneratu al duzue jada aurreko larunbateko balentria?

Nire kirol ibilbidean partida garrantzitsuak irabazi ditut, bai selekzioarekin, baita jokatu dudan taldeekin ere, baina larunbatean izan nituen sentipenak titulu bat irabaztearen parekoak izan ziren.Jokalarion artean poza eta amorrua izan ziren nagusi. Partida osoan pilatutako tentsioa kanporatu genuen. Izugarria izan zen.

Zertaz hitz egin zenuten atsedenaldian partida hala iraultzeko?

22 puntu atzetik joan arren, jokoan Estudiantes ez zen gu baino hobea. Hirukoetan asmatzen ari ziren, eta horregatik zuten halako abantaila. Cook ikusgarri ari zen. Baina, aldagelara iritsi bezain laster, gugan sinetsi behar genuela esan genion elkarri, ezin genituela besoak jaitsi, eta estutzen segitu behar genuela. Hasieratik antzeman zen hori, defentsan eta errebotean askoz oldarkorrago aritu baikinen, eta, hori baliatuz, erasoan sekula baino biziago jokatu genuen. Mailari eusteko, hala jarraitu behar dugu. Izan ere, defentsan ondo ez gaudenean, erasoan argitasun gutxiagorekin aritzen gara. Bizitasuna falta izaten zaigu. Defentsatik abiatuta segitu behar dugu gure jokoa eraikitzen.

Mailari eusteko borrokan bete-betean sartzeko ez ezik, zertarako balioko dizue garaipen honek?

Mugarri bat izan daitekeela uste dut, eta balio behar digula geratzen zaizkigun zortzi finalei konfiantzaz heltzeko, jokoan hobetzen segitzeko, eta talde gisa hazteko.

Zuentzat ere ezustea izan da azken lau partidetatik hiru irabazi eta lehia horretan egotea?

Lan saioetan ikusten genuen taldea ondo ari zela. Norgehiagoketan gai ginen landutakoa ondo egiteko, baina, minutu batzuetan behera egin, eta galdu egiten genuen. Partida bat baino gehiago galdu dugu 38-39 minutuan aurkaria baino hobea izanda. Hori ez da oso ohikoa. Pixkanaka joera hori aldatzea lortu dugu. Pazientzia izan dugu. Garaipen bakoitza aurrerapauso txiki bat izan da guretzat, bultzada bat, gugan sinesteko beste arrazoi bat.

Non egongo da mailari eustekogakoa?

Etxean jokatu behar ditugun partidetan. Manresaren aurka jokatu eta gero, bi neurketa ditugu Illunben: bat, Joventuten aurka, eta bestea, Obradoiroren aurka. Hor ezin dugu huts egin. Indartsu izan behar dugu etxean, eta ondo jokatu. Lehia horietan erabakigarria izango da zaleen babesa. Aurreko larunbatean, sekula baino zale gehiago etorri ziren Illunbera, eta are gehiago estutzen lagundu ziguten. Izugarria izan zen, eta hurrengo partidetan ere berdin jarraitzeko eskatu nahi nieke.

Zuek behetik gora zatozte, eta Breogan edo Estudiantesen moduko taldeak, goitik behera.Hori abantaila izan daiteke azken txanpa honi begira?

Ziurrenik, bai. Denboraldi osoa daramagu behean. Gogorra da, baina egoera horrekin bizitzen ikasi dugu. Talde honek psikologikoki lan handia egin du, oso izorratuta egon garen garaietan amore ez emateko, baikorrak izateko eta batuta egoteko. Jokalari multzo anbiziotsua, langilea eta borrokalaria gara, eta izaera hori ez dugu galdu. Orain, beste taldeek egin behar dute lan psikologiko hori, eta ez da erraza. Dena den, argi daukat inork ez duela amore emango, eta gure aurkariek guk adinako ilusioa eta gogoa dutela mailari eusteko. Azkenera arte lehia handia izango da.

Gaur Manresaren aurka jokatuko duzue, denboraldiko ezusteetako baten aurka. Nola helduko diozue lehiari?

Etxean oso talde sendoa da Manresa, eta harentzat ere partida garrantzitsua da gaurkoa, kanporaketak jokatzeko postuetan sendotzeko. Zaleek presio handia egiten dute, eta aurkariontzat zaila da han jokatzea. Batez ere lehen minutuetan oso indartsu atera ohi dira, eta horri eusten jakin behar dugu. Mentalki indartsu egotea erabakigarria izango da hori lortzeko. Ezin gara lo atera. Aste honetan lan handia egin dugu horretarako. Horrekin batera, guk dakigun bezala jokatu behar dugu, markagailuari erreparatu gabe.Erasoan ezin dugu presaka aritu edo burua galdu. Jokaldi bakoitza ondo landu behar dugu, beharrezkoak diren pase guztiak emanez eta jokoari jarraitutasuna emanez. Hori funtsezkoa izango da, ez bakarrik Manresa mendean hartzeko, baita mailari eusteko ere.

Joanekoan, min handia egin zizueten Gabriel Lundbergek eta eta Ryan Toolsonek. Nola zainduko dituzue bi jokalari horiek?

Ez dugu horretan pentsatu behar. Arreta bi horietan jartzen badugu, beste batzuek egingo digute min: Fisherrek, Lalannek... Taldeko jokoari esker lortu du Manresak dagoen lekuan egotea.

Zure denboraldia taldearen parekoa izan da. Une gogorrak izan al dituzu?

Aurreko denboraldia jokatu gabe eman nuen Andorran, belauneko ebakuntza baten ondorioz. Gipuzkoa Basketen eskaintza jaso nuenean, aukera ona iruditu zitzaidan. Une gogorrak izan ditut hilabete hauetan, gorabehera askoko denboraldia izan baita niretzat. Pozik nengoen berriz jokatzeagatik. Baina, gero, partidetako bideoak ikusi eta nire mailan ezin nintzela ari ikusteak lur jota uzten ninduen. Dena den, nire bidean jarraitu nuen, eta lesioa izan aurretik bezala ari naiz. Gainera, oso gustura nago bai hirian eta bai taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.