Diruzko eta berunezko arrakasta

Iñaki eta Belate Beuntza anai-arreba iruindarrek sortutako likore bat oso ezaguna bihurtu da: Plata o Plomo. Odolaren pareko biskositatea du, eta zapore gozoa.

Iñaki eta Belate Beuntza, Plata o Plomo edariaren sortzaileak, likorearen botila eta kaxa artean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gehien eskatu eta saldu den edaria izan da Euskal Herriko festa eta parranda askotan. «Plata o Plomo titarekadak», eskatu dituzte milaka aldiz barraren beste aldetik, nola tabernetan, hala txosnetan. Zerbitzariek 30 bat mililitroko edalontzi motzak bete, eta tragoan edan ohi dituzte eskatzaileek.

Euskal Herrian sortutako likore bat da: Iñaki eta Belate Beuntza anai-arreba iruindarrek sortua. Plata o Plomo. Dirua edo beruna. Izen berezia edari batentzat. Telesailen zalea denak berehalako lotura egingo du Netflixen oihartzuna eta arrakasta lortu zituen telesail batekin, Narcos izenekoarekin; Kolonbiako narkotrafikoaren kontrako borrokan oinarritua dago, Pablo Escobarren kontrakoan batez ere. Escobarrek erabili ohi zuen esamoldea zen, berarekin harremana zutenek bi aukera zituztela adierazteko: alde batetik, berarekin negozioak egitea edo bere dirua onartzea; bestetik, bere kontrario bihurtzea eta hiltzeko arriskua izatea.

Telesailak telesail, Iñaki Beuntzak zehaztu du edariaren izenaren eta irudiaren inspirazio iturria ez dela hori izan: «Bitxia da. Interneteko atari batzuetan irakurri dugu Narcos telesailean oinarritu garela edaria sortzeko, baina ez da egia. Izena gustatu zitzaigun indarra zuen zerbait nahi genuelako, besterik ez». Jendearen gogoan iltzatuta geratzeko modukoa izan behar zuela gehitu du Belatek. «Egiari zor, ez dut telesaila ikusi».

Izenak aukeraketa egin beharra planteatzen du, gauza bat edo bestea. Halabeharrez aukeratu zutela zehaztu du Iñakik. Hasieran luzeegia iruditzen zitzaien, baina zirrara eragin zuen, eta atentzioa ematen zuen tabernetako edari sorta amaigabean: «Indarra dauka, eta jendeari gogoan geratu zaio; markaren arrakasta handia izan da».

Plata o Plomo ez da sortu duten lehen edaria. Aurretik ere zabalkunde handia izan zuen beste bat egin zuten: marrubizko tekila. «Hala ere, edari apurtzaileago baten bila genbiltzan». Horrela sortu zuten Plata o Plomo.

Zeintzuk dira osagaiak? Ez dute zehaztu. Beste edari batzuekin gertatzen den moduan, osagaiak sekretuak dira. Zergatik? «Gaur egungo kaskarkeriarako joerak ona den guztia kopiatzen duelako, baina gaizki».

Likore bat da, baina odolaren kolorea eta dentsitatea dauzka. Testura hori eta zuku tropikal baten zaporea uztartu dituzte. Gozo antzekoa da. 20 gradu alkohol ditu, edari alkoholdun ezagun askok baino gutxiago —vodka, whiskia, ginebra, rona—.

Hutsik edo nahastuta

«Hori nahi genuen», azaldu du Belatek, edariaren testurari eta zaporeari buruz: «Odolaren biskositatea izan zezan nahi genuen, baina ez zedila sendoa izan, edan eta seko uzten zaituzten horietakoa; baizik eta gozagarria. Eta hala da».

Hori da, haien iritziz, edariaren arrakasta. «Oso ona delako egin da ezaguna». Hutsik edo beste edari batzuekin nahastuta edan daiteke. «Moldaerraza denez, hainbat modutan konbinatu daiteke beste alkohol mota batzuekin eta hainbat zukurekin».

Beuntza anai-arrebek ondo ezagutzen dute edarien mundua eta merkatua. Gurasoek edariak banatzeko enpresa bat zuten, eta umetan «ordu asko» pasatzen zituzten bertan. Horrek bultzatu ditu kateari segitzera. «Biltegian igaro dugun denborarekin, ezagutzen genuen sektorea», Iñakiren esanetan.

Destilazioaren inguruko ikasketarik ez dute egin, baina «kontsumitzailearen jakintza» zeukatela azaldu du Iñakik: «Bagenekien merkatuak zer eska zezakeen». Banaketa zerbitzuetan lan egiteakjendearen gustuak ezagutzea baitakar, haren arabera.

Edariaren zaporeaz gain, bestelako ezaugarriak ere zaindu behar dira, izenarekin argi geratu denez. Baita botilaren itxura ere: forma, letra tipoa, estetika... Plata o Plomoren botilek bala batek egindako zulo baten irudia dute.

Enpresako lanaren zati handi bat marketinean inbertitzen dutela aitortu du Iñakik: «Irudiarekin zorrotzak gara: asko aztertzen dugu dena. Ez digu edozerk balio». «Ez ditugu produktu asko eskaintzen», jarraitu du Belatek, «baina daukaguna kalitate onekoa da».

Enpresa txiki baten produktua da Plata o Plomo, multinazionalek indar handia duten merkatu batean. Asko eskertzen dute jendearen erantzuna: «Bi anai-arrebaren lana da hau. Ez dago beste inor. Ilusio handia egiten digu jendearen artean izan duen harrera onak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.