Baionako bestak

Giharrak ongi beroturik

'Qi Gong' izeneko beroketa saioa estreinatu dute Baionako bestetan: parada bat frango ezezaguna den kirola ezagutarazteko. Publikoak baikorki erantzun dio saioari

Atzo izan zen lehen saioa, baina besta garaian egunero eskaintzen dituzte Qi Gong kiroleko saioak merkatu estaliko plazan, 10:30ean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Puntx cocoa dauka basoan Audreyk. Basokoa isuri gabe Qi Gong jestuak egitea, hori du goiz honetako desafioa. Ez zaio batere bateraezina iruditzen. Alderantziz: «Ez banu puntxik edan, ez ninduzun aurkituko hemen!». Plaza erdi honetan, oraindik asfaltoan pegatuak dira bezperako alkohol usainak. Nahiz eta garbitzaileak pasatu diren, hortik zenbait oren lehenago plaza lepo betea zela baieztatzen duen usaina da. Baina hori detaile bat besterik ez da irria ezpainetan Qi Gong-ean ari direnentzat. Laster sartu da publikoa jokoan, eta gustura segitu du izerditzeraino. Besta ere hobeki segitzeko ez dagoela parerik konbentzituak dira denak. Pipatu zigarretak eta edan alkoholen kalteak kanpora bota, berriz hasteko.

Eta txarangak edo haurren danborrada hortik pasatzen direlarik, jestuen erritmoa txaranga edo danborren erritmora egokitu eta, azkenean, ez duela hain gaizki ematen ere ohartzekoa ukan dute. Memento goxo bat da denentzat. Belaunaldi guztiak aurkitzen dira hor. Adin eta maila guztietakoak. Batzuk, irriz, Audrey bezala; besteak, serioago. Baina guztientzako eskuragarri dela.

Eta, funtsean, hori da ere Qi Gong saio honen helburua. Batetik, erakustea eskuragarritasun hori —saioa urririk da—, eta, bestetik, hain zailak ez diren jestu batzuekin sakontasun bat lor daitekeela. Hori berresten du Akord64 elkarteko Frederique Chopinaud irakasleak. Hor dago esplikazioak ematen, frantsesez.

Qi Gong, jatorrian, ez da arte martzial bat. Arte martzialetako, adibidez Taiji Quanarako, hasi aitzin egiten den beroketa bat da. Medikuntza txinatarrari ere lotua da. Baina beroketa soil bat izatetik, aspalditik berezko diziplina ere bilakatua da.

Minbizi zerbitzu zenbaitzuetan eskaintzen da: eriei gaitzaren ondorioak hobeki gainditzeko ematen diete. Artritis dutenentzat ere minak txikitzeko balio du.

Bereziki, hirietan frango garatu da azken urteetan kirol hau, eta,hemen oraindik frango ezezaguna bada ere, gero eta zale gehiago daudela poztu da Chopinaud. Akord64 elkarteak berak hogei bat kide ditu, eta, astero, sei kurtso ematen ditu Baionako Glain aldeko elkartetxean. Baionako besten saioa beren burua ezagutarazteko ezin hobeki zaie. Bat baino gehiago bildu zaizkie informazio bila, nola segi dezaketen jakiteko.

Bada ere animazio bat gehiago segitzeko aukera Baionako besten eguneko animazioan. Jadanik aspalditik eskaintzen da yoga herriko etxe aitzinean. Horrekin segitzen dute ere aurten. Hori bai, biak tenore berean dira, hau da, 10:30ean. Baina biak egunero direnez, batean bat eta bestean bestea egin daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.