Artzainen omenaldia

Artzain Eguna ospatuko dute gaur Uharte Arakilen. Aurtengoa 9. aldia izango da, eta abeltzaintza inguruko lehiaketa ugari antolatu dituzte

2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aurtengoan ere ia 50 urtez eginiko ohitura berrituko dute, gaur, Uharte Arakilen (Nafarroa): Artzain Eguna. Artzainen omenez egiten den festa Nafarroako interes turistikoko festa izendatu dute, eta aurtengoan ere ardi latxen esne gordinaz egindako gazta lehiaketa, latxa arrazako abere lehiaketa, Nafarroako ardi mozketa mekanikoaren lehiaketa eta artzain-txakurren lehiaketa antolatuko dira.

Eguna 10:00etan hasiko dute, epaimahaiaren aurkezpenarekin, eta gazta eta abereen lehiaketak izango dira hurrena. Eguerdian, 12:15ean, ardiki gisatuaren lehiaketa egingo dute, eta lehiakideek egindako platerez gozatzeko aukera izango dute tokira bildutakoek.

Bazkalostean, eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa ospatuko da: Nafarroako artzain-txakurren lehiaketa ofiziala, hain zuzen ere. Bederatzi txakur inguru ariko dira lehian, eta irabazlea Euskal Herriko eta herrialde arteko txapelketetarako sailkagarria izango da.

Lehiaketak baino gehiago

Lehiaketez gain, eskaintza zabala izango da Artzain Egunean: goizerako, gazta eta eskuz egindako produktuen erakusketa antolatu dute, eta eskulanen erakusketa ere egingo dute: zeramika, kaikuak, ardazlariak, taloak... Gainera, goiz osoan, gazta era tradizionalean nola egiten zen erakutsiko du artzain batek. Eguna girotzeko, euskal dantza, musika taldeak eta joaldunak izango dira.

Urtero egin bezala, Artzain Eguneko partaideei omenaldia egingo diete. Goizean, Benigno Mendia sukaldaria eta Patxi Uriz Goia sariduna omenduko dituzte; arratsaldean, berriz, Pilar Elizalde izango da omendua, eguneko lehiaketetan parte hartu duen emakume bakarra.

Artzain Eguna

Gaur, 10:00etan hasita, Uharte Arakilen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.