Aktibismoaren gozoa

Bilboko Bohemian Lane gozotegi ekologikoa modu bat da animalia jatorririk gabeko produktuekin pastelak egin daitezkeela erakusteko, negozio bat baino gehiago.

Neguan txokolate beroa hartzera edo udan zukuekin freskatzera doazen bezeroek bete egiten dute Zazpikaleetako gozotegi beganoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Euria etengabe ari du kalean, eta emakume bat Bilboko Zazpikaleetako Harategizar kaleko gozotegi batera sartu da estalpe bila, eguraldia baretu artean zerbait hartzeko asmoz: «Ebaki bat, mesedez». «Zer esnerekin nahi duzu?». «Bada, betikoa, normala». «Ez dugu behi esnerik; olo, soja edota arrozezkoa izan behar du».

Tradiziozko eta aspaldiko negozioz beteta dauden kale horietan halako erantzun bat jasotzea arraroa bada ere, badirudi zerbait aldatzen ari dela. Horren erakusgarri da Bilboko Bohemian Lane gozotegi beganoa; ekologikoak eta %100 begetalak dira hango produktuak. Pasteltxoak, tartak, kafeak, teak eta zuku naturalak dira haren espezialitatea. Produktu guztiak gozotegian bertan eginak daude, animalietatik datorren osagairik gabe. Horrez gain, erabiltzen dituzten ontziak %100 konpostatzeko modukoak dira.

Azken urteotan ugaritu egin dira negozio berriak, bestelako filosofia bat dutenak. 2014. urtearen bukaeran ireki zuen Sandra Mateok Bohemian Lane gozotegia. Gazte garaian hasi zen animalietatik zetorren elikagai orori muzin egiten. «Jarrera politiko eta etiko bat da, baina, egungo kontsumo ereduen ondorioz, askotan zaila gertatzen da guztiz betetzea», azaldu du.

Orduko hartan, supermerkatu begano bat eta zapata denda begano bat zeuden Zazpikaleen inguruan, eta gozotegiko ohiko bezeroaren kontsumo bidea bertan zegoela ikusi zuten. Horrez gain, Zazpikaleak Bizkaiko hiriburuko gune turistikoenetako bat ere badirela kontuan hartuta, leku estrategiko bat dela azpimarratu du: «Produktu beganoak Europan hedatuago daude hemen baino; halaber, turista asko, hiriburuak bisitatzen dituztenean, nahi duten horren bila joaten dira».

Izenari jarraikiz, bohemio estiloa du gozotegiak. Hogei bat lagun sartzeko tokia dago; txikia izateak, baina, badu bere xarma, Mateok dioenez: «Batuago egoteak pertsonalago egiten du lekua». Gozotegiaren jabeak arkitektura ikasketak egin zituen, eta, gaitasunak gaitasun, espazio atsegin eta eroso bat sortu nahi izan zuen. «Toki estrategikoa da, baina hemen inguruko lokal gehienak txikiak eta estuak dira, eta ez da erraza negozio bat diseinatzea», azaldu du. Musika giro lasai baten laguntzarekin, helburua zen jendea bertara tarte goxo bat igarotzera joateko espazio bat sortzea. Hein batean, gozotegiaren filosofiari jarraitzen dio espazioak ere. Urte hauetan, ohiko bezero beganoez gain, gauza berriak probatzea gustatzen zaien adin ertaineko lagun taldeak igaro dira gozotegitik, baita egunerokoan produktu ekologikoak kontsumitzen dituzten herritarrak ere.

Katerine Leguine bilbotar gazteak, adibidez, dieta beganoa egiten du, eta lagunekin sartu da gozotegian. Lehenik eta behin, pastel baten erreserba egin dute, eta, horren ostean, lurrean egokitutako tokian eseri dira, tea eskuan dutela. «Sarritan etortzen gara hona gosaltzera, Bilbon eta Bizkaian ez baitago eskaintza handirik dieta beganoa egiten dugunontzat», nabarmendu du. Halaber, bertako produktuak goraipatu ditu Leguinek: «Behin, pastel bat eraman nuen urtebetetze festa batera, eta ez zen inor ohartu animalia jatorria duten osagairik gabe egina zegoela».

Bertara pasatzen den edonorengana iristeko asmoz, lokalean sar daitekeen pertsona kopurua baino tarta mota gehiago daude ia-ia gozotegiko mostradorean. Hainbat zaporetako dozena bat pasteltxo aukeratu daitezke; krema edo txokolatedunak, besteak beste.

Gozotegi tradizionaletan

Mateoren esanetan, pasteltxo horiek dute arrakasta handiena, azenario pastelarekin batera; «badirudi joera hori ez dela inoiz aldatuko», gaineratu du. Baina gozotegiko eskaintza askoz zabalagoa da; opil tradizionalak ere badaude: betiko croissantak, napolitanak eta galletak. Horiek kafea laguntzeko izaten dira egokiak bezeroentzat. Bestalde, goizetan, hamaiketakoa egiteko orduan, gazia eskatzen dute gehiago, eta arrautzarik gabeko patata-tortilla pintxoa azkar bukatzen da egunero. Edariei dagokienez, infusioak, kafeak, txokolatea, freskagarriak, bertan egindako te bereziak eta zuku egin berriak eskaintzen dituzte.

Mateok argitu du behin-behinean ez dela lehiarik egoten produktu horietan. Baina azpimarratu du azkenaldian, negozioak ugaritzen hasi direnean, gozotegi tradizionalak ere bizkotxo eta pastel zati beganoak eskaintzen hasi direla: «Lehia baino gehiago, laudorioa iruditzen zait gozotegi tradizionalek kontuan hartzeaproduktu beganoak». Halaber, Mateorentzat pozgarria da gutxinaka herritarrak ohartzea horrelako produktuak beharrezkoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.