Telesailak

Mafiaren gordina, apaingarririk gabe

Laugarren denboraldia plazaratu du 'Gomorra' telesailak, Roberto Saviano idazle entzutetsua gidari

GIANNI FIORITO / SKY.
Mikel Yarza Artola.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Matteo Garrone zinemagile italiarrak eraman zuen lehenik Gomorra zinemara. Roberto Saviano kazetari eta nobelagile entzutetsuaren izen bereko lana iruditan islatu, eta Cannesko jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen. Ostera, Saviano bera gidaritza lanetara igaro, eta telesaila sortu zuen, Garroneren filmak jorratu ez zituen liburuko xehetasunak luze eta zabal esploratzea helburu.

2014. urtean iritsi zen telebistako pantailara Gomorra saioa, Napoliko auzo txiroetan talde kriminalek, droga eta arma trafikoa oinarri, aurrera daramaten botere lehiaren inguruko istorioa. Luxuarekin eta ahalmen handiko irudiekin lotu izan da mafia italiarra; hein handi batean, The Godfather klasikoaren ondorioz. Savianok, ordea, Italia txiro, gordin eta gupidagabean jarri izan du fokua, izan nobelan, izan telesailean.

Horren erakusle da lehen saioko aktoreen gehiengo zabala jada telesailetik desagertu izana, hildako pertsonaia bilakatu direlako kontakizun odoltsu eta ilunean. Rol protagonistak jorratu eta telebista saioan zehar garrantzi berezia izan duten pertsonaiak ere baztertu ditu Savianok urteen poderioz. Azken batean, sortzaile italiarrak errealitatea ahalik eta modu fidelenean islatzea lehenetsi du, interes narratiboen gainetik.

Savianok Italiako Justiziarentzat ikertu zuen Camorra, eta bidean ezaguturikoa islatu zuen ostera fikzioan. Lana argitaratu eta berehala hasi zen mafiaren heriotza mehatxuak jasotzen, baina Gomorra kultuzko telesail bilakatu zen emisioa hasi eta berehala. Italian superprodukzioen tamainako audientzia emaitzak izan zituen, eta, gerora, nazioarteko streaming plataformen bidez hedatu zen mundu zabalean.

Italiarra da ekoizpena, eta horrek ematen dio nortasun propioa, ingurunea, pertsonaiak eta haien jokamoldea islatzeko garaian. Ez da, beraz, AEBek mafia napolitarraren inguruan kontaturiko istorio bat gehiago. Dena den, tokikotasun horretatik harago, erakargarri bilakatu da mundu zabaleko ikusleentzat, istorioak antzekotasun handiak dituelako beste edozein herrialdetan topa daitezkeen egiturazko ustelkeria eta krimen aferekin.

Horren erakusle, hain justu, telesaileko gertaerak ez direla soilik Italian jazotzen. Pertsonaia protagonistek mafia harremanak estutzeko bidaiatu izan dute Espainia, Alemania edota Bulgariara, baita arerioei aurre egin eta Camorraren jokalekutik kanporatzeko ere.

Laugarren denboraldian, Erresuma Batuan izango dira denbora batez pertsonaiak, baina beste berritasun bat ere ekarri du azken emanaldiak. Orain arte Ciro Di Marzio pertsonaia protagonistaren azalean aritu den Marco D'Amore aktorea kameraren atzera igaro da lehenengoz, zuzendari lanetara, eta denboraldi berriko bi atal gidatu ditu.

Gomorra telesailak ziurtatu du jada bosgarren denboraldia Sky katean. Bien bitartean, Roberto Savianok beste hainbat proiektu ere martxan ditu; esaterako, aurten Berlinale jaialdian gidoi onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu duen La paranza dei bambini filma. Mafia italiarra hizpide, bertan ere. Hamaika begirada, krimena ulertu eta iruditan islatzeko.

'GOMORRA'

Sortzailea: Roberto Saviano.

Aktoreak: Salvatore Esposito, Cristina Dell'Anna, Arturo Muselli, Ivana Lotito, Loris De Luna, Riccardo Ciccarelli, Gianfranco Gallo, Ivan Boragine.

Herrialdea: Italia.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Sky.

Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.

Generoa: Drama. Krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.