Natura harrigarri denean

Europako Geoparkeen Astea egingo dute maiatzaren 20tik 29ra Deban, Zumaian eta Mutrikun. Geoparkeko baleazaleak omenduko dituzte

Zumaiako (Gipuzkoa) flyschen irudi bat. GORKA ZABALETA.
Ihintza Elustondo
2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Natura harrigarri gertatzen da batzuetan. Eta horren adibide bat dago Euskal Herriko kostaldean, Deba, Zumaia eta Mutriku arteko (Gipuzkoa) itsasoaren eta mendien artean: Euskal Kostaldeko Geoparkea. Hamahiru kilometroko itsaslabarra da, eta haitz geruzek osatutako formazio ikusgarria gordetzen dute, flysch izenekoa. Horren harira, hiru herri horietan Europako Geoparkeen Astea egingo dute, seigarren aldiz. Atzo hasi zuten egitasmoa, eta datorren igandera bitartean hainbat jarduera prestatu dituzte. Europan egun dauden 69 geoparkeetan egingo dute gauza bera, lurralde bakoitzeko ondarea herritarrengana gerturatzeko asmoz.

Aurtengo Geoparkeen Asteak baleazaleak izango ditu ardatz. Geoparkeko hiru herrietan baleazaleen aztarna gehienak aspaldi desagertu baziren ere, Mendatan (Itziar, Deba) talaia baten arrastoak daude. Suhar Arkeologiak indusketa lanak egin ditu han, eta baita Euskal Balezaleen Triskantza dokumentalerako zenbait irudi grabatu ere. Hiru herrietan emango dute filma: astelehenean, Deban; asteartean, Mutrikun; eta, ostegunean, Zumaian. Proiekzioen ostean, solasaldiak gidatuko dituzte arkeologia taldekoek.

Egitasmoak iraungo duen bederatzi egunetan, argazki erakusketa bat egongo da Mutrikuko Zabiel kultur etxean: Itsas hondoen bizilagunak. Euskal kostaldeko itsas hondoak babesteko beharraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du.

Irteera gidatuak

Horrez gain, irteera gidatuak antolatu dituzte. Gaur izango da horietako bat: Nautilus, flyscheko fosilak izenekoa. Mutrikuko Nautilus zentrotik abiatuko da, 16:00etan. Bihar, berriz, Flyscheko olagarroa esperientzian parte hartu ahalko da Zumaian, 10:00etan. Datorren larunbatean, maiatzaren 28an, ibilaldi gidatua egingo dute Mendatako talaiaren indusketara, Itziarko Itxaspe kanpinetik abiatuta, 10:00etan.

Hitzaldi bat ere antolatu dute, Euskal ontzigintza eta ontziolak izenburupean. Asteartean izango da, Mutrikuko Zabiel kultur etxean, 19:00etan.

Ostiralerako, haurrentzako jarduerak antolatu dituzte Debako Agirre jauregian, 17:30ean. Zetazeoei buruzko tailerra egingo du Donostiako Aquariumak, eta, jarraian, Balearen Bila lehiaketako sari banaketa izango da.

Larunbatean, 19:00etan, Kepa Junkerak eta Sorginak taldeak emanaldia egingo dute Zumaiako Alondegia kultur etxean. Marea Zumaian abesti berria eta flyschetan grabatutako bideoklipa aurkeztuko dituzte.

Asteari amaiera emateko, igandean, Geoparkeko interpretazio gune berriaren inaugurazioa egingo dute Lasturreko aterpetxean (Deba). 10:30ean hasiko da ekitaldia, eta, segidan, Hector Fano geologoak bisita gidatu bat egingo du herrian.

Europako Geoparkeen Astea

Maiatzaren 20tik 29ra, Deban, Zumaian eta Mutrikun (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.