Zumaia, soinuz jantzita

Gaur gauean hasiko da Zumaiako Musika Jaialdia, herriko bandaren emanaldiarekin. Bi astez, musika eta dantza saioak uztartuko dituzte

2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Zumaiako (Gipuzkoa) Musika Jaialdiaren 33. aldia. Herriko musika bandaren doinuekin ekingo diote jaialdiari, 22:30ean, Itzurun hondartzan. Bandak kontzertu berezia prestatu du, eta flamenko doinuak izango dira protagonista.

Abuztuaren 13ra bitarte, jaialdiko antolatzaileek eskaintza zabala prestatu dute, gustu ezberdinetako publikoa gertura dadin. Astelehenean, esaterako, Flysch Quartet klarinete kontzertua izango da; eta, asteartean, San Pedro abesbatzaren emanaldia. Guztira, hamahiru ekitaldi egongo dira, herriko hainbat tokitan: batzuk toki itxietan —aretoetan eta parrokian—; beste hainbat, aldiz, aire librean. Urtero legez, nazioarteko musikariak ikusteko beta izango da. Horrez gain, zinema, dantza eta ipuin kontalariak ere batuko dira jaira.

Herritarren parte hartzea

Zumaiarren presentzia azpimarratzekoa da: izango diren emanaldi gehienetan, zortzitan, zumaiarrek parte hartuko dute.

Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zuten jaialdia, eta, geroztik, asko aldatu da haren musika eskaintza, publiko zabalagoa bertaratzeko asmoz. Hasieran, musika klasikoa doinu ia bakarra zen; egun, ordea, musika estilo horrekin batera, beste askok ere presentzia dute. Halere, musika klasikoa ardatz bezala hartzen dute oraindik ere programazioa egitean.

Jazzak, haurrentzako musikak eta musika doinuekin hertsiki lotuta dagoen dantzak ere bere tokia izango dute, aurten. Azken horren adibide da Tio Teronen Semeak taldearen Freshcool dantza ikuskizuna. Abuztuaren 13an ikusi ahal izango da, 20:00etan, Odietan.

Zumaiako Musika Jaialdia

Gaurtik abuztuaren 13ra bitarte, Zumaiako hainbat lekutan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.