Artzainei eskertzeko

Artzainak Ameriketan elkarteari omenaldia egingo diote gaur, Legazpin. Gazta eta artzain-txakur txapelketak jokatuko dira

Mikel O. Iribar.
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Artzainek gizarte osoari egiten dioten ekarpenari errekonozimendua erakusteko, Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute gaur, Legazpiko (Gipuzkoa) Euskal Herria plazan. Legazpik hartuko du festa 27. urtez jarraian.

Urtero bezala, egunean zehar, hainbat lehiaketa egingo dira; horietan nagusia Gipuzkoako 33. Artzain Gazta Lehiaketa izango da. Gipuzkoako artzain ugari lehiatzen dira, eta maila handiko lehiaketa izaten da. Lehen hamar sarituak Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketarako sailkatuko dira. Artzain Gazta elkarteak eta Idiazabal jatorri izenak antolatutako lehiaketa izango da. Bestalde, Gipuzkoako 49. Artzain Txakur Txapelketa jokatuko da. Ikusmin handia sortzen du lehiaketa horrek, eta, urtero legez, txapelketa estua izatea espero dute.

Gorazarre berezia

Aurten, berezitasun gisa, Euskal Artzainak elkartearen topagunea hartuko du Legazpik. Elkarte horrek urtero-urtero topaketa bat egiten du, eta lekua aldatuz joaten dira beren ospakizunetarako. Hala, herri desberdinetako herritarrek artzainen lana ezagutzeko parada izanen dute. Artzain Egunean beti egiten dute bazkaria.

Bestalde, aurtengo egitarauak beste berrikuntza bat izango du. Artzain beteranoak saritzeaz gain, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari omenaldia egingo diote gaur, euskal artzainek Ameriketan izandako presentziaren balioak eta memoria gizarteratzeko eta dokumentatzeko egindako lanagatik.

GipuzkoakoArtzain Eguna

Gaur, egun osoan,Legazpiko Euskal Herria Plazan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.