Euskal Jai 'alprojena'

Alproja antzerki taldeak 40. urteurrena ospatuko du bihar, Zarauzko Euskal Jaian; eguraldia dela eta, Aritzbatalden egingo dute antzezlana

Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Goizeko zazpietan hasi eta iluntzeko ordu txikiak arte, etenik gabe, Zarauzko (Gipuzkoa) Euskal Jaiaz gozatzeko egitarau luze eta zabala prestatu dute antolatzaileek biharko.

Aurtengo Euskal Jaia, ordea, batzuentzat bereziagoa izango da. Alproja antzerki taldekoentzat zehazki. «Aurten, 40. antzerkia da, eta, zerbait bereziagoa egitearren, ohiko kritikari lekua kendu diogu, eta eszenografiari, jantziei, koloreari... emango diegu. Ikusteko ederra izango da», adierazi du Alproja antzerki taldeko Beñat Intxauspe Zubiaurre kideak.

Aurten, gainera, euskalki desberdinek presentzia izango dute antzezlanean. «Itzultzaile batzuk lortu ditugu, eta pertsonaia bakoitzak euskalki desberdin batean hitz egingo du», aipatu du Intxauspe Zubiaurrek.

Bi hilabetez jardun dute herritarrek «ilusio eta gogo handiarekin» elkarlanean. «80 aktore irtengo gara aurten ez dira profesionalak. Zaharrenak erretiratuak dira, eta gazteenak, 5 urteko umeak. Polita da herritarren arteko egitasmoak aurrera eramatea», azpimarratu du.

Emozio askorekin irteten dira taulara taldekideak. Gainontzeko herritarrek ere eskertzen dute haien lana. «Bi mila pertsona inguruko publikoa izaten dugu. Publiko fidela dugu. Pena da aurten, euriaren erruz, Aritzbatalde frontoian izatea antzerkia, jendea bertaratzea zailagoa da eta», esan du taldeko kideak.

Euria iragarrita dagoenez, Munoa plazan egin beharrean, Aritzbatalde frontoian izango da antzezlana, 12:00etan. Eta aurretiaz antzezleek egin ohi duten kalejira bertan behera gelditu da.

Antzerkia baino gehiago

Festa lehenago hasiko dute zarauztarrek, dianarekin. Herritarrak iratzarritakoan, Goiztiarrak taldea 08:00etan kalera irtengo da, garai bateko pertsonaiak irudikatzera. Bien bitartean, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta joaldunak kaleak alaitzen ibiliko dira. Musikak protagonismo handia du Euskal Jaian. Erromeriak, kontzertuak eta DJak egun osoan izango dira han eta hemen. Arratsaldean, Iñurritzako zelaietan izango da erromeria.

Euskal Jaia

Bihar, egun osoan, Zarautzen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.